Amuarrain egunean, pintxoak dohan dastatezeko aukera larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 27a, 15:02

Larunbat honetan estrainekoz Amuarrain eguna ospatuko da Andoainen. Jaialdiaren ardatza amuarraina izango da, udalerriaren oso berezko espeziea.
Tolosan txuletarekin eta Orion bixiguarekin egiten duten bezala, Andoainen Amuarrain eguna egingo da. Bisitariei dastatzeko pintxoak eskainiko zaizkie.

Goizeko hamaiketan hasita, amuarrainaren inguruko jarduerak herrigunean zehar barreiatuko dira. Zumea plaza gastronomia gune bilakatuko da: Gaztañaga sagardogilearen eskutik sagardoa edateko izango da, eta edariaz gain, nola ez, amuarrain errea dastatzeko aukera eskainiko zaie bertaratzen direnei. Izan ere, amuarraina eta urdaiazpikodun pintxoak eskainiko dira sukaldari lanetan arituko diren Peña Santa Krutz elkarteko kideen eskutik.

Plazan ez ezik, herriguneko zazpi taberna eta jatetxetan ere amuarraina oinarri duten pintxoak eskainiko dituzte, bakoitzak egun horretarako bereziki  errezeta bat sortu duelarik. Ekitaldiari jai ukitua emate aldera, Andoaingo Gora Kaletxiki txarangak kaleak alaituko ditu bere errepertorio zabalarekin.

Ekitaldiak haurrentzat
Juanita Alkain plaza haurrentzako gune izango da. Halaber, Arrantza Eskolako monitoreek kanabera jaurtitzen eta euliak egiten erakutsiko diete bertaratzen direnei.

Pintxoaren ibilbidea
Zumea plazan, Zumea kalean, Kale Nagusian, Juanita Alkain plazan, Juan Bautista Erron edota Bastero Kulturgunearen kanpoaldeko hainbat taberna eta jatetxetan pintxo bereziak dastatzeko aukera izango da.
Ea Udalaren ekimen berriak arrakasta duen. Seinale ona litzateke herriarentzat, baita merkatarientzat ere.

Errezetak taberna ezberdinetan

  • Irunberri, errezeta: Amuarrain San Jakoboa piper berdeekin.
  • Hiru jatetxea, errezeta: Amuarraina porru kremarekin eta alga kabiarrekin.
  • Txalaka, errezeta: Amuarraina urdaiazpikoa eta errefritoa tomatez bustitako ogiaren gainean / Amuarrain sorbetea.
  • Traiñerum, errezeta: Frijitua kalabaza saltsarekin.
  • Txitibar, errezeta: Amuarrain marinatuaren hostopila txingarrarekin eta urdaiazpiko aparrarekin.
  • Danena, errezeta: Amuarraina ozpin-oliotan patata konfitatuaren gainean.
  • Irugus, errezeta: Ozpin-oliotan piper berdeekin.
  • Zumea plazan, bestalde: Amuarrain errea urdaiazpikoarekin, Peña Santa Krutzekoek prestatuta.
Cristina Martin ELKARRIZKETA
Andoaingo Udala, Enplegu eta Sustapen ekonomikoa saila

Amuarrain eguna aurrera ateratzeko merkatarien eta Udalaren arteko bitartekari lanak egin ditu.

Azokaren atarian zer nolako aurreikuspena egiten duzue?
Ia dena prest dugu, eguraldiak laguntzen badu jende asko erakartzea espero dugu! Badakigu inguruko herrietan beste ekimen batzuk iragarrita daudela, baina urteko sasoi honetan ekitaldi ugari dago han eta hemen. Gure asmo nagusia andoaindarrak erakartzea da, baina ingurukoak ere ongietorriak izango dira.
Larunbata izanik, Amuarrain eguna herriguneko merkataritza sustatzeko baliagarria izatea nahiko genuke.
Oso erakargarria da antolatu dugun eguna. Merkatu plazatik datorrenak Juanita Alkain plazan haurrentzako gunearekin topo egingo du. Txarangak, bestalde, Zumea plazaraino jai giroan murgilduko gaitu. Bertan amuarrain errea eta sagardoa dastatzeko aukera izango da. Eta, horrez gain, taberna eta jatetxe askotan amuarrain pintxoak dohainik jateko aukera izango da.

Bigarren edizioa izateko bokazioa al du egun honek?
Parte hartzea handia bada, Andoaingo Udalak eutsi beharko lioke. Merkatari batzuk aitortu digutenez, aurtengoa zer  nola aterako den ikusi nahi dute hurrengo urtean parte hartzeko.

Maite Urkaregi
Traiñerum taberna-jatetxea

Ekainean bi urte beteko dira taberna-jatetxea zabaldu zutenetik.
Amuarrain egunean parte hartzea erabaki duzuen taberna-jatetxeetako bat zarete. Animatuta?

Bai, noski. Beti bezala, herrian egiten diren ekimenetan parte hartzea gogoko dugu. Udaletxearen deia jaso genuen, egunean parte hartzeko gonbidapena jasotzearekin batera.
Juanita Alkain plazan egingo duten ekimenaren berri eman ziguten eta amoarrain pintxoak prestatzeko proposamenari baiezkoa erantzun genion.

Herriko merkataritza sustatzeko baliagarri dela uste al duzue?
Bai, noski baiez. Niri ondo iruditzen zait, herriko jendea eta ingurukoa erakartzeko baliagarria delako. Andoainen ekimen falta nabaritzen da.

Inoiz baino beharrezkoagoa al da horrelakoak egitea?
Oso garrantzitsua da. Geroz eta jarduera gehiago egin, orduan eta jende gehiago kaleetan nahiz merkatalguneetan. Tolosa horren paradigma dugu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!