Poxta Zahar gazte elkarteak antolatu ditu ekitaldi deigarrienak, hala nola, oilasko jatea eta Urnieta Rock jaialdia. Baina ez dira bakarrak. Haur kirol jaia, goitibehera lasterketa edota herri kirol jaialdia ere bertako eta kanpoko bisitariak erakartzeko moduko hitzorduak izango dira.
Nabarmendu daitekeen horien artean dago Egape dantza taldeak Saroben eskainiko duen ikuskizuna ere. Larunbatean, denera, berrogei dantzari igoko dira taulagainera. Txanbolin txistu bandaren laguntzaz, Edu Muruamendiarazen ikasleak prestatutako koreografiak eskainiko dituzte.
Adi egon beharko da azken orduko aldaketei. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, larunbatean Zurgai taldeak eskainiko duen herri kirol erakustaldia San Juan plazan izango da, eta ez Plazido Muxika plazan hasiera batean iragarri zuten bezala. Trafiko oharrei ere erreparatu beharko zaie, bereziki San Juan plazaren inguruan eta tren geltokiaren ondoan.
URNIETA ROCK JAIALDIA
Oilasko jatearen ondoren, herriko gazteen topaleku bilakatuko da Egape ikastolako jolaslekuaren gune estalia. Disko berria labetik atera berri duten Cohen taldekoek herrikideen aurrean doinu berriak aurkezteko aukera izango dute. Urnietako Shit Box talde gaztea ere arituko da gau berean, Zarauzko Skasti talde dantzagarriarekin batera.
Shit Box Urnietako metal talde gaztea da: Eñaut (ahotsa), Eneko (kitarra), Matu (baxua), Danonino (bateria), Endika (gaita), Tatnai (Dj). Entzun: myspace.com/ shitboxband. Skasti zarauzarrak jaigiroa pizteko aproposak: Iker Iñigo (ahotsa) Xabier Uzin (ahotsa) David Gorospe (bateria), Joel Crespo (kitarra), Ander Izagirre (baxua), Mikel Alberdi (tronpeta), Josu Gonzalez (tronboia) eta Aitor Iturralde (akordeoia). Entzun: myspace.com/ skastiband.
GOITIBEHERA SAIO IKUSGARRIA
Gaztedi jaien baitako egitarauan, goitibehera lehiaketa izango da abiaduraren zaletu guztientzat. Etzabalberri baserritik tren geltokirainoko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Bidea hobeto ezagutze aldera, goizean, entrenamendu saioak izango dira. Hori dela eta, goizez eta arratsaldez trafiko mozketak izango dira.
Xabier Ansa hernaniarrak eta Betibehera inertzia kirol elkarteak antolatutako lasterketa izango da larunbatekoa. Bi txanda edo jaitsialdi egingo dituzte parte hartzaileek. Gutxienez, 12 goitibehera eta 10 patinete edo ibilgailu txikirekin burutuko da proba, baina antolatzaileen arabera, oraindik orain gehiago ere izan daitezke. Antolatzaileen aburuz, aurreikuspenak betetzen ari dira.
Lasterketa bideratzeko hainbat lan egin behar izan dute elkartekoek. “Segurtasuna bermatzeko aseguruak egin ditugu, ezer gertatuz gero”. Sariak eta biderako lasto fardoak lortzen ere izan dute beren lana. Baita babesleei dagokionez ere, lan handia egin dute antolatzaileek. Hori guztiaz gain, lasterketan bertan lanean aritzeko bolondres bila aritu dira. Izan ere, zaintza lanetarako, bidean gune desberdinetan segurtasun lanetarako hainbat lagunen parte hartzea beharrezko izango dute.
Hainbat jarduera sarituko dute: “goitibeherarik azkarrenarentzat, errodamenduzko kategorian, patinete edo lan soilagoetan, lau makil deiturikoentzat,...”. Sariak ere politak, bi lagunentzako afaria Oianumen, Adarra-azpikoa gaztak…
LOKOTX TXAPELKETA
Xabier Barberena Sansonarri elkarteko kidea Andoainen jaio eta Urnietan bizi da. Igandean Gipuzkoako lokotxa txapela eskuratzen saiatuko da. Bera bereziki animatzeko dei egin du Urnietako herri kirol taldeak. Igande honetan, maiatzaren 30ean, Urnietan ospatuko diren gazte jaien barruan, Sansonarri herri kirol elkarteak, jaialdi bikaina prestatu du. Jaialdi horretan, Gipuzkoako lokotx biltze txapelketa jokatzeaz gain, Gipuzkoako 2. mailako aizkora txapelketaren kanporaketa saioa burutuko da.
Sansonarri elkarteko kide den Xabier Barberenak Gipuzkoako lokotx txapelketan parte hartuko du. Lehiaketa honetan lau aurkari-lehiakide izango ditu: Arkaitz Astiasaran, Jon Larrañaga, Gotzon Zulaika eta Eneko Garmendia.
Hauek egin beharreko lana 50 lokotx biltzea izango da. 25 ilara bikoitzetan banatuta, lokotxa batetik besterako tartea 1’25 metrokoa izanik. Proba gutxi gorabehera zazpi minuturen bueltan burutuko dute. Sansonarrikoen ustez, Gipuzkoako txapeldun izan nahi duenak denbora horrretatik behera ibili beharko luke. Kirol jarduera honetan jakina den bezala, korrika ongi aritzeaz gain, lokotxak saskiratzen asmatu egin behar da.
Zorterik onena, beraz, Xabier Barberenari bere lehen lehiaketa ofizialean. Sansonarri elkarteak, herri kirol zaletu guztiei dei berezia egiten die saioa ikustera ager daitezen. Eta herritarrei, bereiziki, Xabier Barberena animatzeko asmoz bertaratzeko ere bai.
TRAFIKO MOZKETAK
Gaztedi jaiak direla eta:
- Maiatzak 28, ostirala. 18:30–20:00: Udaletxe aurreko errepidea itxita.
- Maiatzak 29, larunbata. 11:00–13:00 / 16:30–18:30: Goiburu auzotik tren geltokira doan errepidean trafiko mozketak.
- Maiatzak 30, igandea. 18:30–21:00: Udaletxe aurreko errepidea itxita.
Asteburuan, esan bezala, hamaika hitzordu interesgarri daude. Urnietara gerturatzea, aukera onena.