Zazpigarren zirkuito honetan hauexek izango dira andoaindarrek Basteron ikusi ahal izango dituzten lanak: Ahate pasa, Koldo Almandozena; Zorion hutsa, Estibaliz Ariz eta beste bost lagunena; Nora Zoaz, Iñigo Sanzena; Clark & Boris, Jose Luis Barredo eta Iñigo Garcíarena; Odisea Etxaldean, Urko Mauduit eta Ioseba Salaberrirena; Esaiok, Arkaitz Basterrarena; eta Amona Putz, Telmo Esnalena. Gainera, Kameratoia lehiaketako bi sarituak: Nireak dira!, Blakandeker films taldearena (lehenengo saria) eta Neguko hitzak, Epalzaren alargunak taldearena (bigarren saria).
Emanaldi hau, berez, apirilaren 23an egitekoa zen, baina Atxulondo Kultur Etxeko megafoniak huts egin zuen egin horretan eta ez zen modurik izan aurkezturiko laburmetraien audioak entzuteko. Horrenbestez, bertan behera utzi zen eta biharko eguna finkatu zen emanaldi berria egiteko. Emanaldiaren ondoren Koldo Almandoz zuzendariarekin solastu ahal izango dira bertaratzen direnak.