Frantziako Poliziak maiatzaren 6an atxilotu zituen lau gazteak, Lapurdin: Olatz Izagirre urnietarra, Renedo bilbotarra eta Likona lekeitiarra Ziburun, eta Coloma donostiarra Hendaian.
Espainiako Polizia eta Guardia Zibila lau gazte horiek atxilotzen saiatu ziren iazko azaroan, Segi gazte mugimenduaren kontra egindako polizia operazioan. Izagirre, Renedo, Coloma eta Likona ez zituzten etxean atzeman, eta ordutik Ipar Euskal Herrian bizi ziren, iheslari politiko moduan. Bizitza erabat publikoa eta normala egiten zuten. Polizia operazio hartan, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak gazte mugimenduaren kontra sarekada handi bat egin zuten: 34 lagun atxilotu eta 92 miaketa eginez.