Zer moduz ikastaroarekin?
Oso gustura gaude ikastaroarekin. Oso ondo pasatzen dugu hemen ostiralero. Irakaslea ere ona daukagu (barrezka), nahiz eta kasu gehiegirik ez diogun egiten.
Zer dela eta animatu zineten tailerrean parte hartzera?
Batzuk lehen Marizuloren aurreneko edizioa egina dugu, antzerkia gustuko dugu eta ez genuen ekitaldi horretan utzi nahi esperientzia. Bakoitzak bere arrazoi pertsonalak ditugu, adibidez, txikitatik gustuko izan dugu askok antzerkia, beste batzuk inoiz ibili ez arren barruan gordetzen dute irrika hori... arrazoi desberdinengatik gaude ikastaroan.
Aurreikuspenak betetzen ari al zaizkizue?
Argi geneukan zergatik hasi nahi genuen tailerrean. Talde giroa hunkigarria izan zen Marizulon, eta sentimendu asko azaleratu zizkigun gutako askori. Tailerrak barruan gordetzen ditugun beldur, segurtasun falta edo lotsak menperatzeko balio du eta horrelaxe izaten ari da. Nahi duzuna komunikatzeko lasaitasun hori lortzen ari gara eta oso ongi pasatzen dugu. Antzerkiak badu terapiatik ere zertxobait.
Martxotik abendura izango da ikastaroa. Hiru hilabete beteko dira hasi zinetenetik, zer ikasi duzue? Zer ematen dizue norbanakoari?
Ekainean geldialdia egingo dugu eta iraila edo urria aldera helduko diogu berriz. Adierazteko garaian lotsa galtzen, ahotsa lantzen, gure arteko mugak gainditzen aritu izan gara. Bizi garen gizartean beldur asko dauzkagu eta alde batera utzi beharrekoak dira. Leloarena egin eta lotsak galtzen ditugu gure artean. Geure buruari barre egiten ikasi dugu... Pertsonalki ari gara hazten.
Herrira begira, kalera ateratzeko asmorik ba al duzue?
Kontratuaren arabera (barrez)! Zerbait finkatua badugu, ekainerako lagunartean saiotxo bat eskainiko dugu. Eta izango da beste zerbait ere.
Gaurko klasean zer egiten aritu zarete?
Konfiantza lantzen aritu gara. Gorputzak sentitzeko balio izan du. Zapiekin jolas bat egin dugu musikarekin, eta ekainera begira esketxak lantzen aritu gara.
Gure aldetik jendea anima dadila gehituko genuke.