Ines Balbin, Jostunaren azken lanak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 20a, 19:55

Ines Balbin Ramirez jostuna eta jostun irakasle bezala ezagutu da Andoainen batik bat. Jantziak diseinatu eta josteaz gain, ofizioaren gainean zekien guztia irakatsi die bere akademiara urtetan hurbildu izan zaizkion ikasleei. Maitasuna eta dedikazioa eskaini dio josteari, eta orain poliki poliki ari da erretiratzen zeregin horretatik.

Nondik nora ibilia zara bizitzan zehar?
Ines Balbin: Cazalilla (Jaen) herrixkan jaio nintzen, 1951ean. Gurasoak eta bi ahizpak ere han jaiotakoak dira. Hiru urte nituela Iruñera etorri ginen bizitzera. Lau urte hantxe eta beste lau Astigarragan egin genituen. Handik Errenteriara joan ginen 1966an; bertan izan nintzen harik eta Berardi Ferreirorekin ezkondu, Gonzalo semea eduki eta Andoainera etorri ginen arte. Andoainen 35 urte daramatzat.

Nolaz hasi zinen jostun gisa?
I.B.: Errenterian aitak taberna ireki zuen eta guri bertan lanean aritzea egokitu zitzaigun. Oso gogorra zen, zerbitzu lanaz gain 50 litroko barrikakin gora eta behera ibili behar baitzen. 14 urte nituela, amak jostun batengana bidali ninduen jostungai gisa. Josi eta josi urte mordoska pasa nuen, jostunaren ondoan; neketsua izan zen baina ondo ikasteko aukera eman zidan, eta bien bitartean ebakitzaile eta jantzi-egilearen ikasketak egin nituen, titulua lortuz.

Bokazioa izan zen zurea?
I.B.: Egia esanda, ileapaindegia izan da betidanik nire bete ezineko bokazioa. Gure aita abila zen ilea mozten, eta lantokitik atera eta taberna aurrean auzoko haurrez jositako ilada edukitzen zuen zain. Behin, biok ileapaindegi bat irekitzea proposatu zidan. Baietz esanda, ileapaindegi batera joan nintzen ikasteko asmoz. Laster, ordea, hango produktu garbitzaileren batek kalte egiten zidala ohartu nintzen. Penaturik, utzi egin behar izan nuen nire amets hori. Berehala, ama etorri zen esanez ni jostuna izan behar nuela...
Kontua da piskanaka joan nintzela jabetzen jostunaren lanbidea polita izan zitekeela.

Andoainera nolatan heldu zinen?
I.B.: Ezkondu eta agudo Andoainera etorri ginen bizitzera; izan ere, senarra Cenia lantegiko behargina zen eta erabaki genuen egunero mugitzen ibiltzea baino hobeto zela bertan bizitzea. Primeran integratu ginen herrian, senarraren lagunei (Juantxo Arregi, Luis Mari Beraza eta koadrilakoak).
Extremadura kaleko gure etxebizitzan bertan jarri nuen akademia, eta hamar urteren ostean, Galardi kalean dagoen beste etxebizitzara lekuz aldatu nuen. Makina bat lan eta ikasle izan dut urte horietan; 14 pertsonaz osatutako lau taldeei egunero erakutsi beharra ezagutu dut.

Josten jarraitzen duzu gaur egun?
I.B.: Erdi erretiratua nagoela esan dezaket. Jada jostun akademiarik ez dago martxan, eta egoitza hizkuntz akademia bihurtu dute Gonzalo eta Laura nire bi seme-alabek.
Aldaketa hori gertatu arren, jostearen mundua ezin utzirik jarraitzen dut. Irakasteari dagokionez, La Salle ikastetxean (gurasoei) eta Donostiako Kutxan (bezeroei) ikastaroak ematen ditut. Josi, berriz, oraindik etortzen zaizkidan betiko bezero batzuekin jarraitu dut; izan ere, merkatuak pertsona askoren neurriei (taila, luzera, zabalera...) muzin eginez jarraitzen du, eta horiek jostunengana jotzea beste erremediorik ez daukate.

Zer jende mota heltzen zaizu ikastaroetara?
I.B.: Jostea zer den euren amek erakutsi ezin diotenez ikastaroetara doazen gazteen fenomenoa bizi dugu oraintxe. Egin kontu ama horiek orain hamabost urte erropa merkea barra-barra merkatuan sartu zen garaikoak direla; orduan ez zen ezer konpontzeko premiarik sentitzen, eta inork ez zuen ikasteko premiarik ikusten.
Hain zuzen, Andoaingo Udalera proposamen bat eskutan joateko asmotan nabil: gazteei –izan emakume, izan gizonezko– zuzendutako ikastaroa izango litzateke, jostearen oinarrizko nozioak eskura ditzaten.

Eskulangiletzat ala sortzailetzat daukazu zure burua?
I.B.: Eskulanaz gain, sormenetik ere badauka lan honek. Zzure irudimen, eskarmentu edo praktikari heltzen diozu, eta orduan martxan jartzen da zure sormena, nolabait esateko.

Behar bezala baloratu izan da jostunaren ofizioa?
I.B.: Orain lehen baino gehiago. Gutxietsiegia zegoen garai batean, eta askori egindako lana ordaintzea ere kostatu egiten zitzaion.

Galtzen ari al da jostunarengana jotzearen kultura?
I.B.: Bai, erabat. Lehen traje bat igandetarako eta beste bat astegunetarako erabiltzeko ohitura zegoen, eta horiek ia bizitza guztirako. Azpikoz gora jarri da egoera, eta orain era guztietako arropa erabiltzen da, spot estilokoa asko; ez dago moda egituraturik, nahiko liberala da gauza. Erosi egiten da ia egunero eta konpontzeko ere ez gaude, garesti ateratzen delako.

Zure eskutatik pasatako makina bat jantzi ikusiko genuen noizbait jendaurreko ekitaldietan…
I.B.: Ezkontza, jaunartze eta antzekoetan, Bakartxo Arabaolaza tango dantzaria edo Jon Garcia patinatzaile artistikoa, Urki edota Axeri dantza taldeak…
Bestalde, Irungo Alardeko konpainia mistoaren jantzia ere neronek egin nuen orain urte batzuk. Irundik kanpoko jostun batengana jo behar izan zuten; izan ere, udaletxeko sotoan zeuden jantziak ukatu egin zizkieten eta Irun aldean ez zuten topatu beraientzat lan egingo zuen jostun bat bera ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!