Josetxo Venturgonen lanak ArteK2-n ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 20a, 19:54

Josetxo Venturgon (Donostia, 1958) andoaindarra oso gaztetan murgildu zen artearen munduan. Autodidakta da izatez, eta denetik lantzea gogoko duela aitortzen du, marrazketa, pintura, eskultura... 30 urte erakusketarik jarri gabe igaro eta gero, egunotan bere zenbait artelan ikusgai daude ArteK2 kolektiboak Kale Nagusian daukan galerian. Ekainaren 13ra bitarte egongo da zabalik, asteburuetan.

Zergatik animatu zara, 30 urteren buruan?
Josetxo Venturgon. Urte asko egin ditut isil-isilik eta ezkutuan, baina beti lanean. 17 urte nituela Donostiako galeria ezagunetan erakusketak jarri nituen, baina ez zitzaidan gustatu mundu hori; nahiago dut gertakizun handimandietatik kanpo, “lurra ukituz” erakusten den artea.
ArteK2 kolektiboaren erakustokiarekin topo egin nuen Kale Nagusian behin, eta erakarri egin ninduen atzean zegoen filosofiak. Kolektiboko kideei erakusketa jartzea proposatu egin nien; haiek poztu egin ziren, are gehiago ni.

Nolakoa izan da zure ibilbidea urte horietan?
J.V. 12 urte nituenetik hasi nintzen marrazki ziztrin batzuk egiten. Arte akademia batean ibili nintzen urtebetez, baina hantxe hartu nuen kontzientzia nire kasa egin behar nuela bidea; autodidakta naiz, eta ahal izan ditudan arte teknika guztiak jorratu ditut urteen poderioz.
Urte horietan konstatea izan da nire burua deskubritzen eta diziplina ezberdinak jorratzen saiatu izana etengabe. Artelanak sinatzeko erabili izan ditudan ezizenek ere (J, Josetxo, Ventur, Venturgon) eboluzio pertsonaleko aro bakoitza islatzen dute.

Zerk inspiratzen zaitu, gai bereziren batek agian?
J.V. Eguneko edozein unetan zirrara bereziki eragin didan edozer (gertakizun edo prentsa-albisteren bat, bisitatu dudan lekuren bat...) nahikoa da nire irudimena martxan jartzeko. Leku fisikoen kasuan adibidez, makina bat argazki ateratzen ditut posizio, ordu, egun edo urtaro ezberdinetan, eta gero hausnartzeari ekiten diot.   

Eskultura ere lantzen duzu...
J.V. Azken zazpi urtetan ekin diot eskulturari. “Bi dimentsiotan” egindako artelana motz geratzen zitzaidan, eta “hirugarren dimentsio”koari heldu nion behinola. Aluminiozko txapak, hodiak..., erabiltzen ditut eskulturak osatzeko. Izan ere, aluminiozko leihoak eta ateak egiten dituen tailer bateko langilea naiz, eta han sortzen diren soberakinez baliatzen naiz.

Deskriba al ditzakezu ikusgai dauden zenbait eskultura?
J.V. Etxean eginak dauzkadan guztietatik lagin batzuk besterik ez ditut jarri. “Udaberria” izenekoa, adibidez, erakusketa honi begira egin nuen espreski; udaberriarekin batera Leitzaran erreka bazterretako harrien artetik loratzen den landaretza sinbolizatu nahi du. “Gantxoa”k, esku-pilotari baten besoaren keinua irudikatu nahi du; Oñatz, gure semeak afizionatutan jokatzen zuenean behin egin zuen gantxoarekin inspiratu nintzen horretarako. “Sasitzan endredatuak”.

Artelan guztiek idatzi bat daukate aldamenean...
J.V. Idatzi ere egiten dut tarteka, eta testu poetikoak jarri ditut artelan bakoitzaren osagarri gisa. Une honetan nire aitari buruzko liburu intimo bat ari naiz idazten.

Erakusketan ageri ez den beste arte diziplinarik lantzen al duzu?
J.V. Ikus-entzunezko teknika eta eskultura batzen dituen muntaiak egiten ari naiz une honetan. Proiektu baten arabera, adibidez, eskultura maketak egin eta Saturrarango harkaitzetan kokatuko ditut, argazki muntaia egiteko. Bestalde, hiru kontzeptu biltzen dituen proiektua ere eskuartean darabilt: alegia, Dolmen 21 (Adarra inguruan dagoen Sansonarri, Geltokia (Andoain eta Trentxikia bizitzako geldiunearen sinbolotzat hartuta) eta Kartzela (kritika etorkizunik gabeko munduan entzerratzen ari den zibilizioari).
Hori bai, eskultura hauek inoiz ez ditut jarriko, ingurugiro horiek ukitzea bortxatzea bezala dela uste baitut.

Zer esango zenieke andoaindarrei erakusketara hurbil daitezen?
J.V. Erreparorik gabe sar daitezela gelara eta goza dezatela. Bertan izango naiz ziurrenik erakusketa zabalik dagoen bitartean, eta prest nago ikusleekin elkarrizketan jarduteko. Ongi etorriak izango dira edozein motatako iritzi, galdera edo iradokizunak. Bestela ere, nire sormen-tailerra irekia egon ohi da nahi duenak zertan nabilen jakin dezan.

AZALPENAK EGILEAREN ESKUTIK
Aiurriko webgunean dagoen bideoan artista bere obraren azalpena egiten agertzen da.
www.aiurri.com/bideoak.php
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!