PSEren azken agerraldiak hautsak harrotu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 20a, 19:53

Ez da giro Urnietako Udaletxean; agintaldiko hamaikagarren ikamikan sartuta daude beste behin ere sozialistak, jeltzaleak eta alkatetza duten herri ekimeneko ordezkariak.
Hautsak harrotu zituena Herme Gonzalez eta bere alderdikideen agerraldia izan zen. 2010eko urtarrilean Urnietako PSE-EEk adierazi zuen herritarrak informatuko zituela Urnietako Osasun etxe berriaren inguruan. Iragarpen horri eutsiz, aurreko astean “albiste oso ona” emateko deialdia bidali duten hedabideetara. Agerraldi hartan adierazi zuten “ziurrenik” 2010eko urrian martxan jarriko zirela Osasun etxe berria eraikitzeko lanak. Jakina denez, osasun zerbitzuak Etxeberri plazaren 9. eta 11. zenbakietan eskainiko dira etorkizunean.

Sozialistentzat oraingo Osasun etxea zaharkitua dago, eta gabeziaz beteta. Hori horrela izanik sozialistek diote “egoera hura Eusko Jaurlaritzaren jakinaren gainean jarri zen. Horrela bada, alderdi sozialistak 2006ko maiatzaren 31n Urnietako Udalean Osasun etxe berria eraikitzeko mozioa aurkeztu zuen”.

Gonzalez buru duen alderdiak adierazi du gaiaren inguruan informatzen jarraituko dutela, Osasun Etxea eraikitzea garrantzia handiakoa delako. Eta, bestalde, “Urnietako alkateaz ez garelako fio. Erakutsi baitu ez duela Udaletxearen ardura eramateko maila ematen, eta Osasun Etxearen eraikuntzaren erantzukizuna hartzeko ere ez”.
Urnietako PSE-EEren ustez, eraikuntza lanen atzerapena alkatearen errua da, “bere eta Gobernu taldearena, ez baitituzte etxeko lanak behar bezala egin”.
Alkatetzan dagoen UDAri kritika egitearekin nahikoa ez eta jeltzaleei ere kritika egin zieten, zera adieraziz: “EAJ Eusko Jaurlaritzan agintzen izan da eta Urnietan Osasun Etxea eraikitzea ez da haien lehentasunen agendan egon”.

Haien ustez, alderdi sozialistarena izan da meritua, “Eusko Jaurlaritzan sei hilabetean egitasmoa martxan jarri da; Udalak berriz bi urte galdu ditu”.
Kritika hauek batzuren eta besteen erantzuna jaso dute.

Mikel Izagirre, alkatea
PSE-EE alderdiak kea saldu eta gezurra esaten du

“Udal Gobernu honek ez du gustuko PSE-EE udal taldeak Osasun etxe berriaren obrei buruz esandako gezurrei etengabe erantzuten aritzea, talde sozialistak behin eta berriz gezurra esaten baitu Lakuako bere lagunen inkonpetentzia estaltzeko. Pasa den asteazkenean prentsaurrekoa eman zuten Osasun Zentro berriaren lehiaketa publikoa hil honen amaieran irekiko zela iragartzeko. Urnietarren etxeetara maiatzaren 6an iritsitako Berrittu Udal buletinean argitaratutako informazio berdina da.

Jada dakigunaren berri ematen digute, interesatzen zaigun informazioa isilean daukate, eta lotsarik gabe gezurra diote. Isilean daukate Osasun Zentro berriaren obrak hasteko atzerapenaren arduraduna Eusko Jaurlaritza dela, Osasun Saila eta kontseilaria, Rafael Bengoa. Denak PSE-EEkoak, horiek izan baitziren obra egitea atzeratzea erabaki zutenak, proiektuaren aurrekontu-atalak Legebiltzarrean aurreko legealdian onartuak izan arren.
Oraindik lokalik ez dagoelako anbulatorio berria egin gabe egotea leporatzen digute, alkateari egozten baitiote lokala lagatzeko gestioa. Sozialisten bozeramaileak, Herme Gonzalezek, gezurra dio, eta ez da lehen aldia, eta ziurrenik ez da azkena izango, Osasun Sailaren eginbeharra baita lokalak lagatzeko behar diren agiriak aurkeztea. Osasun Sailak urratsa egin zain jarraitzen dugu, betebehar hori betetzen ez den bitartean ezinezkoa baita obrak hastea. Gainera, lokalen lagatzea orain urtebete sozialistak Eusko Jaurlaritzan sartu zirenean bezalaxe dago, orain lau hilabete, 2010eko urtarrilaren 13an, alkateak Rafael Bengoa Osasun Sailburuarekin elkarrizketa izan zuenean bezalaxe: oraindik egin gabe. Etxeberriko lokalen lagatzea oraindik ez da egin, Sailak ez duelako lagatzea egin ahal izateko behar den dokumentazioa aurkeztu. Dokumentazio hori osatzea, anbulatorioa eraikitzea bezala, Osasun Sailaren eskumenekoa da erabat.

Herme Gonzalezek azpimarratu duen bezala, “benetan garrantzitsua dena Osasun Zentroa eraikitzea da”. Berarekin ados gaude, obren hasiera urtebete atzeratuko bada ere. Hala nahi izan dutelako Herme Gonzalezen alderdikideek, eta ez Urnietako alkatearen erabaki batengatik”.

Urnietako EAJ-PNV
Sozialisten bozeramaileari hainbat gauza ahaztu egiten zaizkio

“Aurrekoan, Urnietako sozialisten Udal taldeak prentsaurrekoa eman zuen, eta guztion kontra aritu zen azalpenik ez duena azaltzen saiatzeko asmoz: Osasun etxe berriaren obren atzerapena. 2010ean bukatuta beharko luke. Sozialisten bozeramaileari hainbat gauza ahaztu egiten zaizkio:

  • 1.Udal gobernuak, EAJk, 2006.urtean Etxeberriko lokalen erosketa onartzen duenean Osasun Etxe berria eraikitzeko, PSEk kontrako jarrera hartu zuen. Honek obren hasiera atzeratu zuen; izan ere ez ziren alde jarri Eusko Legebiltzarrean obra Etxeberri plazako lokalekin parekatzea onartu ez zen arte (EAJ-ren ordezkariak lortuta). Atzerapena: 2 urte.
  • 2.Eusko Jaurlaritzak, 2009ko maiatzaz geroztik sozialisten esku, ez ditu obrak hasi 2009. urtean, nahiz eta Ibarretxeren gobernuak lanak egiteko diru-lerroa adostu 2009 eta 2010 urteen artean. Sozialisten taldeak ez daki ezer; isilik dago.
  • 3.2010 aurrekontuen aurreproiektuan, sozialisten Gobernua Urnietaz ahaztu egiten da, eta hasi ez den inbertsioa beste herri batera bideratzen du; kasualitatez herri sozialista. Hau da, urtebete lehenago onartutako konpromiso kreditua ezabatzen du. EAJk salatzen du, ez soilik Urnietan alkateari abisatuta, baizik eta Eusko Legebiltzarrean aurrekontuei zuzenketa aurkeztuz. Bertan, Eusko Jaurlaritzari proposatzen zaio 2010ean milioi bat euro inbertitzeko, eta 400 mila euro 2011n. Alderdi sozialistak, PPrekin batera, kontra egiten du, eta beren proposamenari zuzenketa bat aurkezten diote, obra gehiago atzeratuz. Diru-lerrorik egongo ote zen EAJk salatu ez balu?
  • 4.Beraz, gezurra da, eta gainera nahiko zinikoa, besteei norberen hanka sartzeen errua leporatzea; nahiz eta hauteskundeetarako urtebete falta”. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!