Larraulgo Ekomuseoa aurkeztu dute

Gaur egoizean egindako ekitaldian aurkeztu dute Larraulgo Ekomuseoa. Herriko baliabide ezberdinak eskaintza bakarrean batuta, bisita osatua eskainiko diete bisitariei. Zazpi herritarrek osatutako DINA7 kultur elkarteak hartu du Ekomuseoa prestatu eta kudeatzeko ardura.

Argazki gehiago ikusi

DINA7 elkarteko Jexux Mari Irazu, Karlos Irazu eta Pili Otaegi, Tolomendiko Iker Karrera, Tolosaldea Garatzeneko Jose Luis Urdangarin eta Larraulgo alkate Xabier Mujika izan dira Ekomuseoaren aurkezpenean.

Karlos Irazuk hartu du hitza DINA7 elkartea ordezkatuz: "Duela 12 urte sortu zen Larraulgo Museo etnografikoa eta azken urteotan, kudeaketa aldetik gain behera etorrita zegoen. Museoarekin batera, elizako grisalla eta beste hainbat baliabie elkartuta, eskaintza turistiko osatua prestatzeko aukera bazegoela ikusita, herrita talde bat elkartu eta Ekomuseoa sorteko proposamena luzatu genion Udalari. Horrela jaio zen ekimen berri hau".

 Herritarren artean sortu eta landutako proiektua izateari garrantzia berezia eman dio Jose Luis Urdangarinek: "Herriak sortutako ekimena izateak bultzada berezia ematen dio, bai ekimenari berari, baita herriari ere". 

Tolomendi, Tolosaldea Garatzen eta Larraulgo udala bera ere, Ekomuseoari beahrreko bultzada emateko prest agertu dira. 

 Larunbatean, maiatzaren 22an, herritarren aurrean aurkeztuko dute Ekomuseoa. Tailerrak, ibilaldiak, elizako grisalla, museo etnografikoa, Txuringadiko errota eta beste hainbat baliabide bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute larrauldarrek, DINA7 taldeko kideen eskutik. Herri bazkaria eta bolatokiaren estreinaldia ere egingo dute ekitaldeiaren barnean.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!