Herriartekoa: Andoainek esku-eskura dauka finalerdietara sailkapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 19a, 18:59

Andoain–Hernani
Maiatzak 21, ostirala
20:30. arrate frontoia

Aurrerapauso handia emateko aukera ederra dauka Andoaingo taldeak Herriarteko pilota txapelketan; Hernani talde zailaren aurka maila ona erakutsiz gero, finalerdietarako sailkapena lor dezake ostiral honetan bertan. Eta hori sekulako albiste ona litzateke Andoaingo kirolzaleentzat. Izan ere, egun hauetan albiste txarrak iritsi baitira futboletik eta areto futboletik. 

2006an gertatu bezala, andoaindar eta kirolzale askoren jomugan dago Arrate pilotalekua. Han bilduko baitira Herriarteko final laurdenetako itzulerako hiru partidak ikusteko. Zer esanik ez, zaletu horien guztien babesa ezinbestekoa izango dela sailkapena bera aurrera ateratzeko.

Aurreko igandean hernaniarren frontoian Andoni Alvarezen mutilak oso ondo aritu ziren. Partida guztietan tanteoa oso altua izan zen, partida bat baino gehiago irabazteko zorian izan zirelarik. Ez zen horrela izan eta, horregatik, Arrate pilotalekuan Andoaingoek dena eman beharko dute sailkapena ziurtatu nahi badute. Etxean eta zaletuen babesarekin, gaurko egunez esan daiteke Andoaingoen aukerak handitu egin direla. Hasiera batean %50eko aukerak baldin bazituzten, kopuru hori Andoaingoen alde handitu dela esan daiteke. Ea ba, zaletuen babesarekin balentria lortzen duten. Albiste ona litzateke.
Eskoriatza eta Elgoibar herriak lehiatik kanpo utzi ondoren, Hernani gainditzea da ostiral honetako erronka nagusia.

ZALETUEI DEIALDIA
Andoain taldeko arduradunek dei berezia egiten diete andoaindarrei, herriko taldea animatzera ager daitezen. Haien guztien babesa beharrezkoa izango da.
Giroa berotze aldera, arratsaldeko zazpiretan Lanbroa taberna inguruan trikitixa doinuak nagusituko dira, partida jokatzeko ordua iritsi arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!