Hiru Handiak egiteko bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 19a, 11:37

Hiru Handiak mendi ibilaldiaren XVII. edizioa burutuko da ekainaren 26an. Eskualdeko hainbat mendizalerekin batera, tartean izango  dira Josetxo Oiartzun eta Uxune Tena andoaindarrak ere.

Parte hartzaileek 100 kilometroko ibilbidea egingo dute, Gorbea, Anboto eta Aizkorri mendi tontorrak igaroz. 24 orduko denbora tartea izango dute horretarako, ekainaren 26ko gauerdian hasi eta 27ko gauerdira bitarte. Uxune Tena eta Josetxo Oiartzunek lehenago ere parte hartu izan dute mendi ibilaldi entzutetsuan, “bi txandatan hartu dut lagun artean parte; orain lau urte bukatu egin genuen eta bi urte geroago erretiratu egin ginen. Duela lau urte mendi martxak egiten hasi eta parte hartzera animatu ginen, baina hasiera batean, gehienon helburua ez zen Hiru Handiak egitea”, argitu du Uxunek. Lehen txanda hartan elkarrekin ziren Josetxo eta Uxune, eta diotenez, denak hasi eta denak bukatzea izan zen politena. Ibilaldia ezagutzen dute eta badute haren gogortasunaren berri, “aurtengo ibilbidea alderantziz izango da. Duela bi urte Aizkorri, Gorbea eta Anboto igo behar ziren bezala, aurten Anboto, Gorbea eta Aizkorri igo beharko dira. Aurreko txandan Anboto igo eta amaierako hamabost bat kilometroak nahiko lasaiak ziren. Aurten, bukaera hasiera bera baino gogorragoa izango da; noiz eta jada nekatuta zaudenean”, azaldu du Josetxok.

Argiak gauez
Aurreko esperientziari begiratuta, ibilaldia luze egiten dela diote andoaindarrek, “ostiralean, goizeko 00:00etan abiatzen da froga, egun guztia lanean igaro eta gero. Gauez eta egunez ibili ondoren, berriz ere ilunetan amaitzen da. Ibilbideak badu zati itsusi eta zaratatsua, haize-erroten ondo-ondotik igaro behar dena. Zati hori bereziki luzea egiten da”. Gauez ibiltzeko ez dute prestakuntza berezirik egin, dagoeneko onartuta baitaukate halakoxea dela hasiera. Uxuneren ustez gaua ez da okerrena, “frogako zatirik gogorrena bukaera da. Bukatu nahia”. Josetxo gustura ibiltzen da gauez, tenperaturak ere lagundu egiten baitu. “Frontalen argi piloa ikusten da ilaran eta polita da gaueko irudi hori”, Uxuneren hitzetan. Josetxok, pistan frontalen beharrik izaten ez dela eta itzali egiten dituztela gaineratu du, “ilargi  betearekin jokatzen baitute gainera”. Ibilaldiak hiru zati ditu eta lehena ondo egiten dela aipatu du, “bigarren zatia amaitzen duzunerako nekatuta egoten zara eta badakizu hirugarrena geratzen dela oraindik. Azken puska hori, ez duzu gozatzen nekearen ondorioz. Ondo bazaude jarraitu egiten duzu, baina sufrituz”. Uxune eta Josetxok lagun taldean hartuko dute parte aurten ere. Lehia alde batera utzita, taldearen indarrean oinarrituko dira aurrera egiteko.

Zahatoa eta ogitartekoa
Mendi ibilaldietan parte hartuz prestatu ditu Uxunek Hiru Handiak, “korrika ere ibili naiz, baina nire helburua ez da froga azkar egitea; ondo bukatzea baizik”. Josetxok, berriz, orain artean ez du froga prestatzeko denborarik izan, “orain presaka egin behar lanak. Astebururo joaten naiz, beraz, mendian ibiltzera”. Uxuneren ustez Hiru Handiak froga ere, mendi ibilaldia baino lasterketa bihurtzen ari da pixkanaka, “ultra maratoiak modan jarri diren honetan, geroz eta jende gehiagok korrika egiten ditu mendiko ibilaldiak. Duela bi urte jende asko atera zen korrika, baina aurten askoz ere korrikalari gehiago izango da”. Ibilaldia oinezkoaren ikuspegiarekin egitera oso parte hartzaile gutxi joaten dela azpimarratu du Josetxok ere, “alegia, zahatoa eta ogitartekoa hartuta joatea bukatu dela”. Uxuneren ustez ezberdindu egin beharko lirateke mendi ibilaldiak eta lasterketak, “mendian korrika ibiltzeko lasterketak daude batetik eta mendi ibilaldiak bestetik, bi kontu ezberdin dira”. Lasterketa grinak, besteak beste, makalago ibiltzen dena frogan parte hartzera ez animatzea bultzatzen duela uste dute. Hala ere, bakoitza bere aukera egiteko libre den iritzikoak dira bata zein bestea. Mendiko lasterketek halako arrakasta hartu izana moda kontua dela uste du Uxunek, “pixkanaka markak hobetzen joateak jendea motibatu egiten du eta erronkak gero eta handiagoak dira”. Hiru Handiak eta gero, beste froga handiagoren bat antolatuko zutela pentsatzen zuen Josetxok, “120 kilometrokoa edo…, baina ez nuen espero 167koa jarriko zutenik”. Ez dute Ehun Milak ibilaldia egiteko asmorik. Eskualdean, baina, badira uztailaren 16an Ehun Milak egiteko izena eman duten bederatzi herritar gutxienez. Frogaren aurretik, aldizkarian jasoko dira haietako batzuen hitzak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!