Mendian gora lasterka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 19a, 11:29

Joxe Mari Etxeberria eta Balen Tolosa zizurkildarrek Anbotoko Kilometro Bertikalean parte hartu dute berriki. Mendi lasterketen inguruan solasean aritu dira.

Mendi lasterketak oso modan dauden garaian, aldaera berri bat indartzen ari da azken aldian Euskal Herrian: Kilometro Bertikala, ezaugarri bereziak dituen lasterketa. Anbotokoa hirugarren urtez jokatu zen joan zen maiatzaren 8an eta oso marka onak egin zituzten eskualdeko parte hartzaileek. Aurtengo udan, antzeko beste hiru lasterketa izango direla jakinarazi dute elkarrizketatuek, “Euskal Federazioak Anboto, Izarraitz eta Beriaingo igoerekin I. Euskal Kopako zirkuitua osatu du, aurten Txindokiko igoera gehitu diote lehenengo aldiz”. Ahal dituzten guztiak egiteko asmoa dute.

Nahiko berria da Kilometro Bertikalaren aldaera gure artean…
Joxe Mari:
Gure inguruan oraindik nahiko froga berria da; ez dauka tradizio handirik. Palentzia nahiz Katalunia aldean, berriz, dezente egiten dira.
Balen: Alpeetatik datorrela esango nuke. Mendiko eskiko denboraldia bukatzean, sasoi horri jarraipena emateko Vertical Race frogak antolatzen hasi ziren han eta pixkanaka zabalduz joan dira.

Zein dira Kilometro Bertikalaren ezaugarriak?
J.M.:
Bost kilometro baino gutxiagotan 1000 metroko desnibela izan behar du igoerak. Horixe da ezaugarri nagusia.
B: Bestalde, bakarkako froga izaten da, kronometratua. Anbotokoan, esaterako, 210 parte hartzaile ginen. Noski, ezinezkoa da denak batera ateratzea; ez legoke denentzat lekurik.
J.M.: Arriskutsua ere izango litzateke. Pentsa harri bat eroriko balitz…
B: Bakarka izanda, ikusleentzat ere erakargarriagoa da horrela.
J.M.: Hogeita hamar segunduro ateratzen da korrikalaria, behetik gora.

Nola bizitu duzue zuek froga? Ez da txantxetakoa izango!
B:
Oso froga gogorra da, hasieratik aldapa izaten da nagusi. Beste froga batzuekin alderatuta, ordea, diferentea da gogortasuna. Mendiko maratoi erdiak, esaterako, ez dauka Kilometro Bertikalarekin zerikusirik. Nekatu, azken batean, bietan egiten zara, baina ezberdinak dira: Kilometro Bertikala oso esplosiboa da, erdi maratoia fondoko kirola da.
J.M.: Ni Kilometro Bertikalean nekatu egin nintzen, baina ez gutxiago maratoi erdian. Kilometro Bertikalean nekea, ordea, muskularra da.
B: Oso denbora gutxian esfortzu handia egin behar da eta ez dago errekuperatzeko tarterik. Ezin duzu froga luzeagotan bezala geratu, indartu eta aurrera segi.
J.M.: Hasi eta bukatu egin behar da, deskantsurik gabe.
B: Ahuldadea edo geratu beharra sumatuz gero, akabo karrera. Froga bukatu, bukatuko duzu agian, baina bertan behera geratuko dira zure asmoak.

Nola prestatzen duzue Kilometro Bertikala?
B:
Ez dugu ezberdin entrenatzen froga baterako edo besterako. Forma mantentzen saiatzen gara. Nire kasuan behintzat, mendiko eskia egiten dut neguan eta denboraldia amaitzean, lortutako sasoi puntu hori aprobetxatzen dut korrika egiteko. Ez dut prestaketa berezirik egiten. Esaterako, Zegama-Aizkorri bezalako froga gogor bat egin beharko banu, ez nuke Kilometro Bertikalik egingo. Oso gogorra denez, erabat entrenatuko nuke froga horretarako.
J.M.: Alderantziz egiten dut nik. Urtarriletik irailaren bukaera arte mendian bakarrik ibiltzen naiz, asfaltoan oso gutxi. Irailetik azarora, berriz, maratoia prestatzen dut errepidean. Kilometro Bertikala egin behar badut, mendian ibiltzen saiatzen naiz eta serie batzuk aldapan sartzen, hanketako teknika lantzen, pisuak altxatzen nahiz lunbar eta abdominalak lantzen. Deskantsatu ere egin behar genuke, baino…

Beste hainbatekin batera, Ehun Milak lasterketak hartu du oihartzuna aurten. Zer iruditzen zaizue 167 kilometroko froga?
J.M.:
Erokeria da, baina jendeak heldu egiten dio. Gure gorputzari gero eta muga estuagoa jarri nahi diogu. Dudarik gabe, jende askok hartuko du parte. Nire ustez ondo pentsatu beharreko kontua da. Nik Hiru Handiak eginda dauzkat, baina asko entrenatu nuen lasterketa prestatzeko: gauez bezala egunez. Gorputza ohitu egin behar da ilunetan ibiltzera edota egunak argitzen duenean loak ez jotzera… Hiru Handien esperientzia hori pasa dut; orain, Ehun Milak egitea ez da broma, apustu handia da.
B: Nik ez dut uste inoiz egingo dudanik, baina lasterketen baitako beste aukera bat da. Jendeak bi gau pasako ditu froga horretan mendian. Niri astakeria iruditzen zaidan arren, ona da bakoitzak bere nahiak betetzeko aukera izatea. Beste norbaitek niri  esango dit nola den posible Anbotora 45 minututan igotzea, erotuta ote nagoen.
J.M.: Kilometro Bertikalean bihotzak bere sufrimendua dauka eta 167 kilometrotan, bihotzak ez ezik, baita buruak eta hankek ere. Lorik egin gabe eta elikadura juxtuarekin, 100 kilometro egin ondoren beste 67 egiteko oso indartsu eduki behar da burua.
B: Alpeetatik dator froga hori ere. Mont Blanc-eko ultra maratoia oso famatua da eta Ehun Milak frogak haren distantziaren parekoa du. Euskaldunak nahiko lehiakorrak garenez, jende asko joaten da Alpeetako froga hori egitera. Nire ustez, haraino joan beharrean, antzeko froga batek hemen zein erantzun duen ikusteko saiakera izango da. Nik ez dut parte hartuko, baina agian ikustera eta animatzera joango naiz. Ea ondo ateratzen den.
J.M.: Bakoitzak bere helburuak jarri behar ditu eta nire ustez, kirolari gehienok, lehian gabiltzanetik, gureak baditugu. Erronka bezala, urteren batean parte hartuko dudala iruditzen zait, baina ez dakit noiz. 48 orduz mendian ibiltzeko asko prestatu behar da: buruarekin ibiltzen jakin behar da, edaten, jaten…
B: Kirola egitearen helburua ondo pasatzea da niretzat. Azken batean, nik ez dut honetatik jaten. Ona da motibazioa sortzeko jomuga batzuk izatea, baina nire kasuan, itsutu gabe.

Zerk bultzatu ote du mendiko frogek hainbesteko indarra hartzera?
B:
Hedabideek eragin handia izan dutela esango nuke. Noizbehinka frogaren bat azaltzen da eta agian horrek jendea erakarri egin du.
J.M.: Mendiko lasterketek, errepidekoek ematen ez dituzten beste aukera batzuk eskaintzeak ere bai.
B: Asfaltotik jende asko pasa da mendira. Adinez aurrera zoazen heinean eta errepideko txispa hori galtzen denean, jende askok jotzen du mendira.
J.M.: Mendian igoerak bezala jaitsierak izaten dira eta errekuperatu ahala indartzen joaten zara. Indarrez bazaude korrika edo bestela oinez jarrai dezakezu aldapan gora. Errepidean, berriz, oinez joatekotan erretiratu egin zarelako izaten da. Mendiak erritmo aldetik posibilitate gehiago ematen du.

Lasterketak, kirola osasuntsu dagoela esan al daiteke?
J.M.:
Gero eta gorago doa lasterketetako parte hartzea, bai mendian, bai errepidean. Jendeak askoz ere kirol gehiago egiten du.
B: Quebrantahuesos-eko froga ere gainean dela oso begi-bistakoa da. Ikusi besterik ez dago zenbat bizikleta dabilen errepidean.
J.M.: Zonalde honetan, Goierrira bitartean, kirol asko egiten da: mendian, korrika, bizikletan…  Astebururo izaten dira frogak.

Anbotoko emaitzak
Neskak

1.- Nerea Amilibia, Zizurkil. 50’16’’
Mutilak
5.-    Hassan Ait Chaou, Amasa-Villabona. 43’06’’
34.-Balen Tolosa, Zizurkil. 49’25’’
68.-Joxe Mari Etxeberria, Zizurkil. 53’15’’
125.- Mikel Elola, Aduna. 58’57’’

HASSAN AIT CHAOU, BIKAIN MENDIAN
Sasoi onean aurkitzen da Hassan Ait Chaou eta gustura dabil mendiko lasterketetan. Onenen pare, bosgarren postuan iritsi zen helmugara Anbotoko Kilometro Bertikalean. Hori, azken hiru hilabeteetan bizkarrean lesio txiki bat duela kontuan hartuta. Duela hamar urte etorri zen Hassan Marokotik Amasa-Villabonara eta garai hartan ez zuen korrikarako zaletasunik, “erretzailea nintzen eta tabakoa uztea erabaki nuenean hasi nintzen korrika. Pixkanaka-pixkanaka, Behobia egin nuen lehenengo eta aurrera egin dut denborarekin”. Asfaltoan hasi bazen ere, duela bizpahiru urte ekin zien mendiko lasterketei, “askoz ere politagoa iruditzen zait mendian ibiltzea, dibertigarriagoa da eta errazago ibiltzen naiz, gainera. Asfaltoan lehenago aspertzen nintzen eta muskularki nahiz hankentzat gogorragoa zen. Mendian, lurra bigunagoa izateak, errazago ibiltzen laguntzen du. Bestalde, korrika ezin denean, tipi-tapa, oinez ibil zaitezke”.

Etorkizunari begira, gogotsu
Anbotokoa lehen Kilometro Bertikala izan da Hassanentzat, “oso-oso gustura nago, Espainiako nahiz Euskal Herriko txapelketetako froga zenez, oso maila oneko korrikalariak etorri ziren eta pozik nago emaitzarekin. Baina egia esan, pena pixka bat ere badut; aste hartan, katarroaren eraginez ezin izan bainuen entrenatu”. Esperientzia polita izan da Kilometro Bertikala, baina baita gogorra ere, “hasiera-hasieratik aldapan hasi ginen, izugarrizko aldapa zen; eta tira gora!”. Hain gertu egonda, Txindokiko frogan parte hartzeko asmoa ere badu, “gainerako bietan ikusiko dugu; hemen bagabiltza eta ondo bagaude, denak egingo nituzke. Gogotsu nabil”. Apirilaren amaieran Loatzoko lasterketan lehen postua eskuratu zuen, “karrera ona atera zitzaidan. Gustura ibili nintzen, oso sentsazio onak izan nituen bai igoeran eta bai jaitsieran. Normalean jaitsieran galtzen dut denbora nik, baino asko ikasi dut eta Loatzokoan behintzat ondo moldatu nintzen jaitsieran ere”. Buruan du Pagoetako lasterketa eta hurrengo urteari begira, Aizkorriko frogan parte hartzea gustatuko litzaioke, “dezentetan eman dut izena, baina orain artean ez dut zorterik izan. Ea hurrengo urtean egokitzen zaidan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!