DINA 7 elkartean batu dira Aitziber Mendiola, Pili Otaegi, Olga Villa, Iñaki Alkalde, Koldo Jauregi, Jexux Mari Irazu eta Karlos Irazu larrauldarrak. “Herrian egiten diren ekintza ezberdinak erakustea da Ekomuseoaren helburu nagusia. Horregatik erabaki genuen elkartea sortu eta turismo eskaintza lantzen hastea. Horrez gain, herriko ekintzak sustatzeko ere baliagarri izan daitekeela iruditzen zaigu”, laburbildu du Karlos Irazuk.
Bisitaldi bereziak ere eskainiko dituzte, Larraul herria barruagotik ezagutu nahi dutenentzat, hala nola, Txuringadiko errota, esne-behien ukuilua, eskultura tailerra eta herriko ondare kulturala ezagutzeko ibilbidea: Goieneta baserriko perratokia, karobi zuloa, herriko baserriak…
Ikus-entzunezko bat ere prestatuko dute taldekideek, bisitariei erakusteko asmoz: “Urtean zehar egiten diren ekintzak grabatuko ditugu eta hogei bat minutuko ikus-entzunezkoa prestatuko dugu, etortzen direnei erakusteko”, azaldu du Jexux Mari Irazuk.
Ardurak banatuta
Lan handia egin dute DINA7 taldeko kide guztiek: “Ardurak banatuta aritu gara lanean. Elkartea sortzeko pausoak ematea izan zen lehendabiziko ardura. Ondoren, dirulaguntzak eskatu, museoa etnografikoa txukundu, bertako produktuen dendatxoa sortu, bisitariei beharrezko azalpenak emateko gidoia sortu, tailerrak antolatu, webgunea sortu, eskuorriak prestatu, bolatoki berria atondu...”.
Larunbatean egingo dute Ekomuseo berriaren aurkezpena herritarren aurrean. Goizean zehar herritarrei erakutsiko dizkiete prestatutako baliabideak eta elkarrekin bazkaldu ondoren, bolatoki berria estreinatuko dute.
Dagoeneko lehendabiziko bisitariak hartu ditu Ekomuseoak. “Oraindik eskuorriak banatu gabe genituenean iritsi ziren lehen bisitariak, Ekomuseoaren berri jakin gabe. Gustura aritu gara lehendabiziko bisitari horiei gure herria erakusten. Eskaintzaren aurkezpena egin ondoren jakingo dugu zer nolako harrera duen”, azaldu dute taldekideek.
Maiatzak 22, larunbata
11:00-11:30: Elizaren bisita gidatua Aitziber Mendiolarekin.
11:30-12:30: Museoaren bisita gidatua Koldo Jauregirekin.
Ondoren Larrauli buruzko ikus-entzunezkoaren aurrerapena Iñaki Alcalderen eskutik.
11:30-12:30: Egurra eta buztina lantzeko tailerra: Karlos Irazurekin plazan. Sendabelarrekin olioak egiteko tailerra: Pili Otaegirekin, Katillu-Txulon.
12:30-13:30: Bertsogintza Jexux Mari Irazurekin, Kultur etxean. Pastak eta ogia egiteko tailerra Aitziber Mendiola eta Pili Otaegirekin, Katillu-Txulon.
14:00-16:30: Bazkaria Ostatuan.
16:30: Txuringadiko errotara bisita, Koldo Jauregi eta Olga Villaren eskutik. Ondoren: Bolatokiaren estrenaldia: Koldo Jauregi eta Karlos Irazuren eskutik.
Ekomuseoa bisitatzeko
- Norbanakoentzat: Hileko lehen igandea, 11:00-14:00.
- Taldeka: Astelehenetik igandera: 10 pertsona edo gehiagoko taldeak, alde aurretik ordua eskatuz.
- Ordua eskatzeko: 688 803 608.
- Informazio gehiago: www.larraulgoekomuseoa.com / info@larraulgoekomuseoa.com.