Jone Miren Goenaga, Argiñanoren zuzendari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 19a, 11:09

Karlos Argiñanoren telebista saioan ezaguna da Jone Miren Goenaga andoaindarraren ahotsa. Denbora luzea darama sukaldariaren telebista saioan lanean eta azken urteotan, saioko zuzendaria da.

Nola bideratu zenuen zure lan ibilbidea telebistara?
Andoaingo Zine eta Bideo eskolan egin nituen ikasketak eta nire lehendabiziko lana kamara maneiatuz egin nuen, Megavideo izeneko Durangoko ekoiztetxean. Ekoizpen ezberdinak egiten zituen Megavideok eta tartean, Argiñanoren telebista saioa ere sartzen zen. Kamara lanak egitea egokitu zitzaidan hasiera hartan. Megavideon bertan egin nituen ekoizpeneko lehen lanak ere. Horren ondoren, Amaia producciones-en hasi nintzen lanean. Denborarekin Asegarce izena hartu zuen ekoiztetxe hark eta orain, Bainet izena du. Ia hogei urte daramatzat hemen lanean.

Nola gogoratzen dituzu kamara lanetan aritu zinen urte haiek?
Bi urtez aritu nintzen kamerarekin lanean, eta oso gustura. ETBko albistegietarako aritzen nintzen eta beste zenbait lan ere egin nuen. Gaur egun ez dut kamerekin lanik egiten; errealizatzailearen ondoan aritzen naiz lanean, kontrol gelan, eta asko gustatzen zait kameren lana bertatik bertara jarraitzea.

Andoaingo Kanal On telebista katean ere aritu zinen lanean…
Egia esan, garai haiek oso urruti geratzen zaizkit. Hala ere, gogoan dut Joxeba Iparragirre eta biok hasi ginela, euskarazko programa bat egiten. Kanal On-eko saio gehienak gaztelaniaz egiten ziren eta euskarari bere txokoa eman nahi izan genion. Hala ere, kamera aurreko lana baino gehiago interesatzen zitzaidan kamera atzeko ekoizpen lana.

Karlos Argiñanoren sukaldaritza saioko zuzendari lanetan ari zara orain…
Urte mordoxka daramat ardura horrekin, eta oso pozik gainera. Karlos Argiñanorekin lan egitea luxua da; grabaketen aurretik egindako prestaketa lan guztia oso ondo aprobetxatzen du eta oso emaitza onak ematen ditu beti. Bere saioak prestatzen lan egiten dugunoi, gauzak errazten dizkigu. Zuku handia ateratzen dio aurre-ekoizpen lanari. Gainera, horrenbeste urtez elkarrekin lanean arituta, ondo ezagutzen dugu elkar eta badakigu gauzak nola prestatu denok gustura aritzeko.

Nola antolatzen dituzue grabaketak?
Aian dugu grabaketa gunea, Oriotik oso gertu. Astean bi egunetan egiten dira grabaketak. Grabaketa bakoitzean lau programa prestatzen dira. Erritmo lasaian lan egin dezakegu; gelditu gabe, baina gehiegi estutu gabe. Grabaketatan dagoen giro lasai hori gero saioan antzematen dela iruditzen zait.
Saioa telebistan eman baino hamabost egun lehenago guztiz amaituta bidaltzen dugu dagokion katera. Gaur egun Telecinco katearentzat egiten dugu lan, baina aurrez beste zenbait katetara bidali izan ditugu saioak.

Zenbat ordutako lana eskatzen du saio bakoitzak?
Gaur egun gure lanerako makinaria oso ondo oliotuta dago eta nahiko erritmo onean egiten dugu lan. Asteko lehen bi egunetan gauzak prestatzen aritzen gara: beharrezko gauzak erosi eta horrelakoak. Ondorengo bi egunetan grabaketak egiten dira eta astearen amaieran, grabatutakoa txukuntzen aritzen gara: muntaia egin, soinua egokitu… Hori egin bitartean beste lan batzuk ere egiten dira. Batetik, Karlosek hurrengo astean egingo dituen errezetak prestatzen dira. Bestetik, zenbait komunikabidetan argitaratzen dituzten albisteak eta errezetak ere hemendik bidaltzen dira.
Ordu eta erdi inguru pasatzen dugu saio bakoitza grabatzen eta azken produktua hogeita hiru minutukoa izaten da. Normalean, telebistan ikusten den errezeta, grabaketan zehar prestatzen da oso-osorik, tranparik gabe. Tarteka ordea, prestaketa denbora luzeagoa behar duten errezetak ere egiten dira: labean erre beharreko haragi pieza handiak, esaterako. Horrelakoetan gurekin lanean ari den sukaldari batek aurrez prestatzen du errezeta, zain egon beharrik ez izateko.  

Azken urteotan zure ahotsa ere entzuten da Argiñanoren saioetan…
ETBrako lan egiten genuen garaian hasi ginen horretan, jolas modura. Saioak euskaraz egiten ziren eta konturatu ginen ez geundela ohituta ziazerba, andere-mahats, mugurdi…, eta horrelakoak esatera. Beste alde batetik, hitz ezberdinak erabiltzen dira euskaraz, gauza berdinak adierazteko; guk untxia esaten diogunari beste batzuk lapina esaten diote eta berdin gertatzen da baratzuria eta berakatza edo beste hitz askorekin… Karlos sukaldean lasai aritu zedin, nire ahotsa sartzen genuen euskarazko hitz horiekin laguntzeko. Ohitura hura mantendu egin dugu; freskotasuna ematen dio saioari eta Karlosi ere lasaitasuna ematen dio.

Juan Mari Arzak ere saioan agertzen da…
Zer erakutsi handia dauka Juan Mari Arzakek. Gure saioan egiten den sukaldetik guztiz bestaldera dago, baina aldi berean, egiten dituen gauzak egunerokotasunera molda daitezke. Beti erne mantentzen da, ikasteko gogo bizi-bizia du eta asko ikasi dugu berarekin.

Jende asko ezagutzeko aukera emango zizun zure lanbideak…
Mugitzeko aukera handia eman dit Karlosen saioak. Garai batean jakiak nola ekoizten diren erakusten genuen saioan eta batetik bestera ibiltzen ginen jaki ezberdinen jarraipena egiten. Bestalde, Argentinan bost urtez egoteko aukera ere eman zidan, bertako telebista kate baterako lan egin genuelako. Hilabete pasatzen genuen han eta beste hilabete hemen. Argentina ezagutzeko aukera izan nuen eta asko gozatu nuen. Saioak arrakasta handia izan zuen hasieratik eta horrek, lasai lan egiteko aukera eman zigun gainera.

Zein beste telebista saio egiten duzue Bainet ekoiztetxean?
Batetik, gaikako telebista katea dauka ekoiztetxeak; “Hogar útil” izenekoa. Etxeko gauzekin zerikusia duten gaiak lantzen dira bertan: brikolajea, dekorazioa, sukaldaritza, etab. Horrez gain, Telecinco katerako Argiñanoren saioa, Frontón, Bricomanía eta Decogarden egiten dira hemen, La Sextarako berriz Bruno Oteizaren saioa. Grabaketarako plato piloa dago hemen. Pixkanaka handitzen joan da ekoiztetxea. Karlosen programaren bueltan hasi zen eta Bricomaniak ere urte asko darama; 1993az geroztik.

Nola ikusten duzu telebistaren etorkizuna?
Aldaketa handiak bizitzen ari gara azken urteotan eta hemendik aurrera, telebista ikusteko modua aldatzen joango dela iruditzen zait. Norberak nahi duena ikusi ahal izango du nahi duen momentuan. Aldaketa horiek barrutik bizitzeko gogoz nago.
Gure saioari dagokionez, Karlos lanerako gogoz dago eta hori horrela den bitartean, berarekin lanean jarraituko dugu.

ARGIÑANOREN SAIOAREN ARRAKASTA
Jone Miren Goenagak hogei urte inguru darama Karlos Argiñanorekin lanean eta argi ditu bere saioaren arrakastaren arrazoi nagusiak:
  1. Karlosek duela urte asko erabaki zuen familientzako sukaldaritza saioa egitea. Sukalde erraza egiten du, edonork etxean egiteko modukoa eta osagai errazak erabilita. Sukaldari profesionala da Karlos eta bere jatetxean eskaintzen duenak ez du zerikusirik telebistan eskaintzen duenarekin. Erabaki hori hartu zuenean bete-betean asmatu zuela uste dut. Oso errezeta gutxi egiten ditugu guztiz berriak edo berritzaileak izan daitezkeenak; gehiago gustatzen zaigu oinarrizko osagaiak erabiliz jolasten joatea.
  2. Karlosen izaera erabakiorra da. Iristen zaizkigun gutunak irakurrita, handia da saioa entretenimenduagatik jarraitzen duen ikusle kopurua. Karlosen umoreak irribarrea sortzen die askori, telebista aurrean gustura egoteko momentua da bere saioa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!