Heriotza eta dolua mintzagai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 19a, 11:03

Dolua eta galera etxeetan gaitzat hartuta, bi saioz osaturiko ikastaroa eman berri die EHUko irakasle Joxe Amiama villabonatarrak Andoaingo Ikastolako gurasoei.

Zer moduz joan dira bi saioak?
Ni oso gustura geratu naiz. Lehenengo saioa teorikoagoa izan da, dolua zer den eta antzeko galderen inguruan; bigarrengoan saioko partaideek hitz egin dute, oso ekarpen politak eginez. Gure gizartean tabua izaten jarraitzen duen gai honetaz taldean hitz egitea zen aurretik jarritako erronka, eta hori lortu dela iruditzen zait. Izan ere, hitza jartzen dugun unetik, gaia tabua izateari uzten baitzaio.

Heriotza tabua dela diozu…
Historian zehar heriotza bizitzarekin egon da lotuta. Prozesu natural baten zati zen; gertuko pertsona gaixotzen zenean etxean egoten zen eta bertan hiltzen zen. Kultura hori galdu egin dugu, eta “dena ondo doan” itxurak egiten dituen gizarte aseptikoan bizi gara. Itxurak itxura, heriotza hor dago eta ziurtzat eman daitekeen gauza bakarra da.  
Nolanahi ere, gizartea gero eta gehiago ari da jorratzen gai hau. Azpimarratzekoa da Gipuzkoan Patxi Izagirre psikologoak ireki duen bidea. Interneten ere oso dokumentu lagungarriak aurki daitezke gaur egun.

Dolua nola landu aztertu duzue…
Esan ohi da gizakia prestatuta dagoela prozesu hori bizitzeko, dohain hori baduela nahiz gogorra izan. Baina hori bai, landu egin behar da.
Pertsona guztiak jaiotzen garenean ez gara ezer, ingurukoekin afektiboki lotzeko premia daukagu. Galera baten aurrean, berriz, heriotza eta dolua ez lirateke sufrimendu gisa hartu behar. Pentsatu beharko genuke zein ona den atxikimendu afektiboa, eta horrenbestez, hil den pertsona horrekiko atxikimenduak gauza onak eman dizkigula; zenbat aberastu duen gure bizitza, hori baloratzean dago gakoa azken finean. Horri, “esker oneko oroitzapena” deitzen zaio.
Printzipio hori ondo lantzea lortu behar da dolua ondo egin dela ziurtatzeko. Guztientzat da baliagarri, baina fededun ez direnentzat batik bat.

Dolua definitu al liteke?
Kabler Roos ikerlariak aipatzen duen bezala, gertuko heriotza batek gizakiei eragiten digun prozesu pertsonala da, fase ezberdinez osatua. Shoka da lehenengoa; espero ez genuen egoera batean gaude kokatu ezinik, mundu honetatik kanpo bezala egoten gara. Bigarrena, ez onartzearena da. Hirugarrengoan, onartzera iristen gara, baina amorrazioaren eta tristuraren unea datorkigu, “zergatik gertatu zaigu guri?” eta antzeko galderak dira nagusi. Negoziaketa dator hurrena:  hil den pertsona jada ez dela itzuliko konturatzen hasten gara, egoera berrira egokitu behar garela aitortzen diogu geure buruari…       
Onarpen horren ondoren azkenik, esker oneko oroitzapena etorriko litzateke, “pertsona hori ezagutzeak merezi izan duela” aitortzea. Fase horiek guztiak igaroz gero, dolua ondo landu dugula esan daiteke.

Doluari aurre egiterakoan, zerikusirik izango du hor norberaren nortasunak…
Noski. Hala ere, balibideen arloan bi alde bereizik nituzke nik: pertsonala eta soziala. Pertsonalean, ikusi behar da aurretik nola egin izan diegun aurre beste motetako dolu edo galerei (bikote haustura, langabezian geratzea…). Horrelako porrot eta frustrazioak ondo landu baditugu, prestatuago harrapatuko gaitu gertuko heriotza batek.
Baliabide sozialen ikuspegitik, berriz, garrantzitsua da familiarekin konpartitzea mina, lagunei kontatzea zer moduz zauden. Beharrezkoak balira, zerbitzu psikologikoak ere ezin ditugu ahantzi.  
 
Eta haurrarekin nola jokatu behar da?
Hildakoa “ez dakit nora joan da bidaian” eta antzeko arrazoiak erabitzen dira maiz, baina dena kontatzea komeni da. Negar egitea gauzarik normalena dela adierazi behar zaio, eta hileta edo lurperatzea, dena delako errituak zer diren azaldu eta horietan parte har dezan animatu behar da. Hala ere, ez da derrigortu behar; aurreraxeago, egongo dira uneak gogoratzeko hildako horrekin zein une gozoak bizitu zituzten, erritualen bat egiteko... Bestalde, errunduntasun sentimendua bizitzen dute maiz, eta halakoetan garrantzitsua da hitz egitea, barruan dituen sentimenduak askatzen laguntzea. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!