Otañoren ondorengoak, esker onez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 19a, 10:56

Susana Ardanaz ‘Txuri’ eta Amelia Otaño, Pello Mari Otañoren ondorengo zuzenenak dira, bizirik dirauten bi bilobak. Argentinan eta Mexikon bizi dira.

Pello Mari Otaño eta Malen Alberdi senar-emazteak hiru seme eta hiru alaba izan zituzten. Donostian jaio ziren hiru mutilak, Argentinako Pehuajón neskak: Bernardo, Migel, Josetxo,Teresa, Juanita eta Malentxo Otaño Alberdi, hain zuzen. Migelen alaba da Amelia, Argentinako Pergamino hirian jaioa. Juanitarena Susana, Pehuajón jaio eta La Platan bizi dena, bertako unibertsitateko Kimikako doktoretza eskuratu zuelarik.
Aitona Pello Mariren heriotzaren mendeurreneko ekitaldiak bertatik bertara eta hunkituta bizitu dituzte. Maiatzaren 7tik aurrera, astebete pasatxo izan dira gure artean. Ez da Zizurkilera, eskualdera nahiz Euskal Herrira etorri diren lehen aldia, baina agian bai berezienetakoa. Barrua beteta itzuli dira diasporara.

Lehen ere etorri izan zarete Zizurkilera. Nola sumatu duzue herria?
Susana:
Aurrez beste behin izan nintzen, 1965 urtean. Nik gogoratzen nuen antzera ikusi dut herria, baserriak, paisaia…, agian horrela izatea gustatzen zaidalako. Niretzat oso hunkigarria izan da berriz itzultzea; egia esan, ez neukan asmorik. Izan ere, aurreko txanda hartan ama, bi izeba, lehengusina eta bostok etorri baikinen eta talde horretatik ni bakarrik bizi bainaiz egun. Ondorioz, itzultzeak sentimendu asko mugitzen zidan barruan, baina era berean, moralki ezin nuen aitonaren mendeurren ekitaldietara etorri gabe geratu. Oso pozik nago.
Amelia: Oraingoa, etorri naizen bosgarren aldia izango da eta azken txanda honetan oso aldatuta sumatu dut ingurua. Donostia baino itxuraldatuago ikusi dut nik Zizurkil bera. Aitonaren oroigarria zegoen plaza gogoan nuen, baina Zizurkilgo txoko berriak ezagutzeko aukera izan dugu.

Nola jaso zenuten Zizurkilgo Teodoro Hernandorena taldeko kideak egiten ari ziren lanaren berri?
S.:
Joxin Azkue taldekidea ezagutu nuen udan Mar de Platan eta berak eman zidan euren asmoen berri. Oso pozgarria izan zen niretzat mendeurreneko ospakizunak antolatzen ari zirela jakitea eta libururako informazio bila lanean hasi nintzen, berak eskatuta. Liburua osatzen laguntzeko Argentinako bitartekari izendatu ninduen. Dudarik gabe, beraiek zeukaten poza kutsatu zidan niri ere. Telefonoz harremanetan mantendu gara udaz geroztik.
A.: Nik ez nuen uste berriz ere aitonaren gaiaren harira itzuliko nintzenik. Mariana alabak, Txuriren bidez, Teodoro Hernandorena taldeko kideen asmoak jakinarazi zizkidanean izugarrizko poza sentitu nuen. Ez da posible!, pentsatu nuen.

Ez zenuten aitona ezagutu, baina zer entzun zenuten berari buruz etxean?
S.:
Gure amona Malenek aitonari zion maitasuna agerian geratu izan da beti etxean. Oso gizon dotorea zen eta argia, batez ere. Euskara irakasten ere aritu zen Argentinan, sei seme-alabak ikasle zituelarik.
A.: Oso ameslaria izan zen eta batetik bestera ibili zen. Gazterik hil zen. Euskal Herriari eskaini zion bere bizia eta, noski, bere emazte eta seme-alabei.

Zizurkilera etorri eta ehun urte geroago zuen aitonaren irudiak bizirik jarraitzen duela ikusteak zer sortu dizue?
S.
:Sinestezina da nola gogoratzen duten gure aitona hemen. Baserrik aipatu bezala, gero eta gehiago gogoratuko da, gainera. Pozgarria da, benetan.
A.: Pello Esnalek, Seme Kuttun izendapeneko hitzaldiaren ondoren, aitonak irekita utzi zuen bideak oraindik irekita jarraitzen duela esan zidan. Oilo-larrua sortu zitzaidan. Bestalde, badakigu bi urtean zehar neurrigabeko lana egin dutela Teodoro Hernandorena taldeko kideek. Barrua beteta eta esker onez goaz.

EUSKARAREN INDARRA
81 urterekin euskara ikasten ari da Susana Argentinan eta bide onean doala erakutsi zuen aitona Zizurkilgo Seme Kuttun izendatu zuten egunean, euskaraz egin zuen sarreran (bideoa ikusgai aiurri.com gunean). “Izugarri sentitzen dut euskara eta ikasten saiatzen ari naiz. Egia esan, gozatu eta sufritu egiten dut aldi berean”. Ameliak ez du euskaraz apenas ulertzen, baina barruraino iristen zaio hizkuntzaren indarra, “asko hunkitu naiz ekitaldietan aitonaren izena ahoskatzeko modu indartsua entzutean. Mila esker guztioi, bizi egin ahal izan dugulako”.
Ekainean, Mar de Platan hainbat ekitaldi burutuko da Pello Mari gogoratzeko. Bertan izango da Susana eta, Ameliak Mexikotik gerturatu ezingo badu ere, seme-alabek ordezkatuko dute. Zizurkildik, Teodoro Hernandorena taldeko hainbat kide ere hantxe izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!