Uliazpiko kideak, asteartero azokan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 19a, 10:51

Amasa-Villabonako astearteroko azokan postu berria jartzen dute duela urtebetez geroztik. Zizurkilgo Uliazpi etxekoek loreak eta sagardo botilak saltzen dituzte bertan.

Jose Manuel, Javi, Maria Jesus, Ricardo, Jesus Mari, Angel, Josu, Gema eta Gillermo Amasa-Villabonako Berdura plazan egoten dira astearte goizetan. Premia bereziak dituzten pertsonak dira, baina ederki moldatzen dira azokako lanetan. Fraisoroko nekazal eskolan ekoiztutako loreak eta sagardoa saltzen dituzte. Saltzaile lanaz gain beste hainbat ardura ere hartzen dute, ordea, Uliazpi zentruko bederatzi lagunek.
Joxe Lizaso Uliazpi zentruko zuzendaria da eta berak eman ditu ekimenaren inguruko azalpenak: “Helburu zehatzak betetzen ditu ekimen honek. Batetik, gure egoiliarrek eginkizun eta ardura berriak hartu dituzte, asteko egun bakoitzean eginkizun ezberdina dute: loreak ureztatu, azokara joateko kaxak prestatu, loreak eta sagardoa azokan saldu, konposta egiteko materiala bildu…, kanpoan, aire librean lan egiteko aukera ematen die horrek eta egunero gauza ezberdinak eginez, gainera. Azokan dauden egunean bestalde, jendearekin hitz egiteko aukera dute eta kafetxo bat hartzeko tartea ere hartzen dute. Oso esperientzia aberasgarria da ekimenean parte hartzen dutenenetzat. Gure egoiliarren artean, gaitasun eta behar ezberdinak dituzten pertsonak daude eta bakoitza bere mailan aritzen da”.

Auzokideak, elkarlanean
Ekimena martxan jartzeko, ezinbestekoa izan da Uliazpi eta Itsas-Mendikoiren arteko elkarlana: “Horregatik eman diogu ekimenari Ulikoi izena. Itsas-Mendikoi erakundeak Fraisoron duen nekazal eskolako gazteek ekoitzitako loreak eta sagardoa eramaten ditugu azokara. Itzulerakoan, salmentetatik bildutako dirua han uzten dugu. Ekimen honekin guk ez dugu dirurik irabazi nahi; esperientzia berri bat izateko aukera baizik. Loreekin lan egitea ez da katean aritzea bezalakoa, askoz ere lan politagoa da eta hori asko eskertzen dute ekimenean parte hartzen ari direnek”, adierazi du Joxe Lizasok.  
Uliazpiko gazteak ikusgai izan daitezen da ekimenaren beste helburuetako bat: “Jendeak ezagutu ditzala, jakin dezatela zein gaitasun dituzten eta nolakoak diren. Gu bezalaxe, gure egoiliarrak ere ezberdinak dira; bakoitzak bere beharrak, bere izaera, bere gustuak ditu eta hori ikustea gizartearentzat ere aberasgarria dela iruditzen zait”, azaldu du Jose Lizasok.
Kanpaina bereziak ere antolatu izan dituzte Ulikoi ekimenaren barnean: “Eguberri inguruan pazko loreak saldu genituen. Hondarrabian, Donostian eta Bergaran beste egoitza batzuk ditugu eta haietara joan ginen salmenta egitera, salmenta ederra egin ere. Horren aitzakian, egunpasa politak egin genituen”.

Zaintzaileen laguntzaz
Marijo Narciso eta Joxemi Otamendi laguntzaile lanetan aritzen dira. Astelehenetik ostegunera, eginkizun ezberdinak antolatzen dituzte eta egoiliarrak, txandatuz joaten dira: “Loreak ureztatzen ditugu, birziklatze lanak ere gure ardura dira, bai Fraisoro eskolan sortzen diren hondakinena baita laborategian edota Uliazpiko sukaldean sortzen direnena ere. Uliazpi eta Fraisororen arteko errepide bazterrak ere garbitu izan ditugu eta asteroko azokara joaten gara. Taldeka banatuta egiten ditugu lanak, normalean hirunaka. Guztiek parte hartzea gustatzen zaigu, horregatik ardurak aldatzen joaten gara”, azaldu du Marijok.

Harrera bikaina
Ekimenean parte hartzen duten gazteak pozik ageri dira: “Dagoeneko ia urtebete pasa da lehendabiziko aldiz azokara joan ginenetik eta oso esperientzia polita da. Euren gaitasunak garatu, jendearen hitz egin, zentrutik atera…, oso aberasgarria da eurentzat. Froga egiten dutenek errepikatu nahi izaten dute”.
Amasa-Villabonako azokan harrera ona izan dute Ulikoi ekimeneko kideek: “Bezero finko asko dugu, bai lorezaleak, baita sagardoa erostera etortzen direnak ere. Gure neska-mutilekin hizketan aritzen dira azokara etortzen diren asko eta asko. Horrek, poz handia ematen die, oso egun berezia izaten da haientzat”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!