Seigarren mailako ikasleek hartzen dute parte Tuterako ikastolakoekin egindako trukean. Ikasturte honetan Aitor Atxega eta Xabier Olazabal irakasleek izan dute ekimenaren ardura eta haiek eman dituzte azalpen guztiak: “Ikabil izeneko ekimenaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen ditu Nafarroa, Iparraldea eta Erkidegoko ikastetxeen arteko harremanak. Asteasuko Udalak ere babes ekonomikoa ematen dio ekimenari. Duela hamabi urte hasi ginen parte hartzen eta dagoeneko, harreman sendoa garatu da Tuterako ikastola eta Pello Errota ikastetxearen artean”.
Helburua, euskaraz bizitzea
“Helburu nagusia euskarak hemen eta Tuteran bizi duen egoera ezberdina elkarri erakustea da. Tuteran euskara ikasten dutenek oso baldintza zailak dituzte. Kalean ez da euskararik entzuten, badirudi euskara ez dela existitzen. Hona etortzen direnean euskaraz bizitzeko aukera badagoela ikustea nahi izaten dugu. Tabernan, erosketak egiterakoan, udaletxean…, ikus dezatela eguneroko gauzak egitean euskara erabil daitekeela”, adierazi du Aitorrek.
Eskolaren eta familien arteko elkarlana
Elkartrukeetan familiek ere paper berezia izaten dute: “Eskolako orduetan ekintza ezberdinak antolatzen ditugu, baina hortik kanpora, familien ardurapean geratzen dira ikasleak. Tuterako gazteei gure herriaren inguruak erakustea eskatzen diegu. Euren laguntza ezinbestekoa da. Dagoeneko egin ditugu lehen bilerak datorren ikasturtean elkartrukea egitea egokitzen zaien ikasleen gurasoekin. Izan ere, haien elkarlanik gabe ezingo genuke ekimena aurrera eraman”.
Ikasturtean zehar, hiru aldiz elkartzen dira Asteasuko eta Tuterako gazteak. Urria inguruan egiten dute elkar ezagutzeko lehen txangoa. “Aurten Iruñeako Planetarioan elkartu ginen. Elkar ezagutzeko eguna izaten da. Gazteek lehendabiziko harremana egiten dute eta dagoeneko, erabakitzen hasten dira noren etxean lo egin nahi duten”, azaldu du Aitorrek. Ikasturtean zehar gutunez edota internet bidez harremana mantendu ondoren, apirilean egiten dituzte trukeak.
Surfa, mendia, bisitak…
Apirilaren 14tik 16ra jaso zuten Tuterako ikasleen bisita eta apirilaren 28 tik 30era joan zire asteasuarrak Nafarroako erriberara. Hainbat ekintza antolatu zituzten, nola batean hala bestean: “Tuterakoak Asteasura etorri zirenean Zarautzera joan ginen surfa egitera. Ederki pasa zuten. Hurrengo egunean, berriz, Erniora egin genuen txangoa”. Asteasuarrak Tuterara joan zirenean ere ez zuten aspertzeko tarte handiegirik izan. Senda Viva parkea bisitatu zuten eta Bardeetan barrena ere ibili ziren. “Hara joaten garenen erregeak bezala zaintzen gaituzte. Euskararen erabileran erreferentzia bat gara haientzat, haize freskoa ematen diegu eta asko eskertzen dute”, ondorioztatu du Aitor Atxegak.
Euskaraz haratago, bizipen berria ere bada trukea gazteentzat: “Beste familia bateko ohituretara moldatu behar dute, harreman berriak egin, elkarrekin komunikatzeko gaitasuna landu… Euskara erabiltzeaz gain, beste hainbat giza esparru ere lantzen da eta oso aberasgarria da gazteentzat”.
Gazteak gustura
Tuterako Argia ikastetxekoekin trukea errepikatuko ote luketen galdetuta, baiezko borobila eman dute Pello Errotako ikasleek. Primeran moldatu dira bertako ohiturak erakusten, baita berrietara ohitzen ere. “Oso paisaia ezberdina da hangoa, askoz ere lehorragoa eta lauagoa. Euskaraz hitz egiteko ohitura ere txikiagoa da. Ikasleek ondo egiten dute, baina haien gurasoen artean gutxi dira euskaraz dakitenak eta horrela, zailagoa da ondo ikastea”, azaldu dute.
Giro ona sortu da trukekideen artean: “Oso lagun onak egin ditugu eta askok harremana mantentzen dugu, bai gutunez baita messenger bidez ere. Batzuen kasuan berriro ere elkar ikusteko aukera izango dugu; gurasoek elkar ezagutu nahi dute eta hitzordua Tuteran jarria dugu. Udarako oporretan etortzera gonbidatzeko asmoa ere badugu”.