Aiurriko banatzaileak, etxez etxe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 19a, 10:42

Aldizkaria inprentatik jaso eta irakurleen eskuetara iritsi aurreko azken pausoa banatzaileek egiten dute. Garazi Altuna eta Jon Beloki arduratzen dira lan horretaz egun. Txintxo-txintxo, harpidedunari aldizkaria etxeraino eramaten diete banatzaileek. Andoaindarra da Jon eta herriko harpidedunen buzoietan egiten du banaketa hamabostean behin. Garazi, berriz, Tolosakoa da; Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraul herrietako banaketaz arduratzen da.

GARAZI ALTUNA
Gasteizen Gizarte Lana ikasten ari da Garazi eta aldizkaria banatu behar duenetan, ostegun eguerdirako itzultzen da. “Ikasketekin batera lana egin nahi nuen, baina aldi berean, ez zitzaidan lan lotuegirik komeni. Banaketaren berri jakin nuenean –“hauxe da nire aukera”, pentsatu nuen eta halaxe izan zen. Gustura ari naiz”. Hamabostean behin, ostegun arratsetan aldizkariak jaso eta ostiral arratsaldetan amaitzen du bere lana.

Zer moduz moldatzen zara hainbeste herritan barrena?
Hasieran, horrenbeste helbide ikustea nahasgarria egiten zitzaidan, baina hartu diot martxa pixkanaka. Kale etxeetan eta baserrietan banatzen dut aldizkaria. Baserrietako banaketa oso atsegina da; eskura ematen diet aldizkaria eta kale etxeetan baino harrera beroagoa izaten da.
Hasieran hanka-sartze batzuk egin nituen eta kexaren bat izan zen, baina dagoeneko hartu diot tamaina. Hainbat harpidedunek aldizkaria eskura jaso nahi izaten dute, gainerakoan bizilagunek kendu egiten dietelako.

Harpidedunei deiren bat egingo al zenieke?
Aldizkaria beste helbideren batean uztea nahiko balute esatea dela onena. Niri ez zait aldizkaria alde batean edo bestean uztea inporta. Leku aldaketaren bat nahiko balute, beraz, esan dezatela lasai.

Banaketan ari zarela gertatu al zaizu xelebrekeriarik?
Behin, grazia egin zidan gizon batek. Villabonako bloke batean aldizkariak uzten ari nintzela, –“¿metes las revistas en todos los buzones?”, galdetu zidan. –“No, sólo en algunos”, nik. –“Zu kastellana al zara?” esan zidan segidan. –“Ez”, nik. –“Eta orduan zergatik hitz egiten duzu erdaraz?”. Harpideduna zen, bere aldizkaria hartuta abiatu zen etxera.

JON BELOKI
Otsailaren erdian hasi zen Jon Aiurri hamaboskaria Andoain osoan banatzen. Aurrez zonalde bakarra egiten zuen; erdiguneko kaleetan. “Gustura ari naiz. Askoz ere denbora gehiago kenduko zidala uste nuen, baina ondo moldatzen naiz banaketa osteguna eta ostirala artean egiteko”. Ikasketekin uztartzeko oso egoki etorri zaio banatzaile lana, “magisteritza ikasten dut Donostian, atzerriko hizkuntza alorrean. Ostegunetan eguerdian amaitzen dugu eta ostiraletan eskolarik izaten ez dugunez, primeran datorkit banaketa lana. Karrera bukatzean ikusiko dugu, baina oraingoz behintzat jarraitzeko asmoa daukat”.

Zer moduz Andoain osoko banaketa?
Zonalde batzuk egiteko kotxea erabiltzen dut, hainbat leku urruti geratzen baita. Baina bestela ere asko ibili behar izaten da eta nekatu egiten zara azkenerako. Tratua zuzenagoa den arren, ez dut baserri askotara eramaten aldizkaria; baserritarren buzoietan uzten dut gehienetan. Banaketan ari naizela, familiaren baserrian atsedenaldia egiten dut arratsaldean, merienda eginda jarraitzen dut aurrera.

Banaketa errazte aldera, harpidedunei gomendioren bat?
Ostegunetan 13:00etan hasi eta ostiralean 16:00ak alderako bukatzen dut banaketa. Hainbat etxetan, bertan ez daudelako batzuetan, ez didate aterik irekitzen eta ate azpian utzi behar izaten dut aldizkaria. Banaketa egunetan adi ibiltzeko eskatuko nieke eta aldizkaria falta bazaie, jakinarazteko. Eramango diegu berriro.

Kontatzeko moduko pasarte bitxiren bat?
Ez da barre egiteko pasartea, baina duela pare bat aste, aldizkarien karroa lapurtu zidaten Goikoplazan. Zaharra zen eta eskerrak hutsik zegoen! Bestela oso ondo. Jendeak gogoz hartzen du aldizkaria eta jaso bezain laster zabaltzen dituzte orriak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!