Idoia Etxeberriak Marijo Sardonen lekukoa hartu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 17a, 14:54

Idoia Etxeberria 17 urteko oriotarrak irabazi zuen atzo Aian egin zen emakumezkoen II. Euskadiko Harri-jasotze  Txapelketa.  Lehenengo txapelketa, duela bi urte egin zen Donostian eta Marijo Sardon urnietarrak jantzi zuen txapela ordukoan. Miren Urkiola bizkaitarra, atzokoan bezala, bigarren postuan geratu zelarik. Marijosek aurtengoan ez zuen esku hartu.

Idoia Etxeberriak irabazi zuen emakumezkoen Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa lehen aldiz, atzo (maiatzak 16), Aian (Gipuzkoa). Orioko (Gipuzkoa) harri-jasotzaile gazteak (17 urte) 273 kiloko aldea atera zion Miren Urkiolari. Kilo horiek, lau jasoaldiri dagozkio, lau izan baitziren Etxeberriak Urkiolak baino gehiago egin zituenak.
Bigarren urtez jokatuko da emakumezkoen Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa Aiako pilotalekuan egin zen atzo igandearekin. Bi harri-jasotzaile aritu ziren lehian: Miren Urkiola (Bolibar) eta Idoia Etxeberria (Orio). Hiru harri erabili zituzten: 88 kiloko zilindro zaharra, 70 kiloko kuboa eta 63 kiloko bola. Harri bakoitzarekin hiru minutuko txanda bana egin zuten.
Nor ariko zen lehena erabakitzeko zozketa egin eta Urkiolari suertatu zitzaion. 22 urteko bizkaitarrak (77 kilo eta 1,67 metro) hutsik egin gabe burutu zuen saio osoa. 88 kiloko zilindro zaharrarekin par-a egin zuen Etxeberriarekin, baina bigarren harriarekin, 70eko kuboarekin hiru jasoaldi gehiago egin zituen 17 urteko txapeldunak (89 kilo eta 1,70 metro), eta harri horrekin 210 kiloko aldea lortu zuen oriotarrak. Beraz, hirugarren harriarekin, 63ko boilarekin, lau jasoaldiko aldea lortu behar zuen bizkaitarrak, baina txapeldunak ez zuen barkatu, eta, gainera, harri horrekin ere jasoaldi bat gehiago egin zuen Etxeberriak. Azkenean, beraz, 273 kiloko aldeaz gailendu zen Idoia Etxeberria.
Txapeldun oriotarrak orain dela hiru urte ekin zion harri-jasotzeari, baina ez zuen esku hartu Euskadiko lehen txapelketan. Orduan, Marijo Sardon urnietarrak (txapelduna) eta Miren Urkiolak jokatu zuten txapelketa. Iaz, berriz, apendizeko ebakuntza egin zioten eta ez zuen esku hartzerik izan; ez zen jokatu txapelketarik. Aurten bai, aurten jokatu ahal izan du, eta baita txapela jantzi ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!