“Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 13a, 10:52

Kontseiluak manifestazioa deitu du Iruñean larunbat honetarako, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidearen defentsan. Gaiaren harira hona Nafarroako Euskara elkarteen Topaguneko arduradun Oskar Zapatak eskainitako adierazpenak Nabarra aldizkarian:

Maiatzaren 15ean Iruñeko karriketan manifestatzeko deialdia egin du Nafarroako euskalgintzak, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea lelopean, zeintzuk dira deialdi honen zergatiak?
Oskar Zapata.
Hamaika dira. Batzuk botatze aldera:  Gobernuari eta sostengatzen dutenei, aski dela adierazteko modu bat da; asko garela orain eta etorkizunean Nafarroan  euskaraz bizi nahi dugunak erakusteko aukera bat da; euskaldunon kontra hartzen dituzten erabakiekin gure amorrua kanporatzeko eta horrenbestez ultzerak saihesteko era bat;  diferentziak alde batera utzita elkarrekin agertzeko eta antolakuntzarako gaitasuna dugula frogatzeko unea da; eta noski  alderdi politiko eta bestelako eragileen agendan eragiteko ahalegin bat.
Legegintzaldia hasi berria zela Gobernuak Euskarabidea sortu zuen, euskararen sustapenari nolabaiteko izaera formala eman nahian eta hizkuntza politika aldekoagoa eginen zuela irudikatu nahian.
Denboraren poderioz, Gobernuaren jokaera agerian geratu denean eta Euskarabidearen sorrera despistatzeko maniobra bat baino ez zela konprobatuta, hemen gaude. Kalera ateratzeko deiadarra eginez, euskalgintzaren aniztasunetik eta batuta.

Badirudi leloa nahiko xumea dela, ez dela asko eskatzen… zer-nolako aldarrikapenak daude, ba, lelo honen atzean?
O.Z.
Nafarroan bizi dugun egoera ederki jasotzen du ordea:  Gobernuak hartu duena ez da aldarrikapen zehatz  politiko batzuen kontrako jarrera, ez,  hori baino askoz larriagoa da: Oinarrizko eskubideen ukazioa da, diskriminazioa. Diskriminazioa da Artaxonako gurasoek pairatzen dutena beren seme- alabak euskarazko ereduetan matrikulatu nahi dituztenean. Telebista euskaraz  ikusteko aukerarekin Gobernuak jolasten duenean,... Pertsonon eskubideez ari gara, politikaren aurretik dauden eskubideez. Pertsonak gara bete beharrak eta eskubideak ditugunak, pertsonak gara diskriminazioa jasotzen dugunak.

“Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea”
Manifestazio deialdia Nafarroako euskalgintza osoaren bat egitetik artikulatu da.

Maiatzak 15, larunbata.18:00.
Iruñea. Irteera: Golem zinemak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!