Sarasola Ardoak, agur betiko datorren maiatzaren 29an

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2010ko mai. 13a, 10:51

Sarasola Ardoak ateak itxiko ditu maiatzaren 29an. Pedro Mari Sarasola (Andoain, 1945) erretiroa hartzera doa, eta 1949az geroztik Zumea kaleko paisajean txertatuta egon den denda honek ez du jarraibiderik izango.

Noiztik datorkigu Sarasola Ardoak denda?
Pedro Mari Sarasola: Bittor Sarasola gure aita zenak 1949-1950 urte inguruan ireki zuen, Zumea kalean bertan, orain farmazia dagoen horretan. Hala ere, 1953ko uholdeen ostean lekuz aldatu egin zuen; ez zen oso urrutira joan, Zumea kalean, oraingo honengandik oso gertu jarri baitzuen.

Noiz hartu zenion lekukoa aitari?
P.M.S.: Hamazazpi urterekin; bizikleta hartu eta ardo ontzien banaketa etxez etxe egitera joaten nintzen miaz. Aita hil zenean, 1964an, Pedro lehengusua eta biok bazkide gisa heldu genion negozioari. Pedro orain zortzi bat urte jubilatu zen, nahiz eta geroztik niri laguntzen jarraitu duen.
Ardandegiaren kokaleku berriak sei urte besterik ez ditu, 2004tik nago hemen.

Uholdeak markatutako bizipen ugari izango dituzu kontatzeko...
P.M.S.: Hamaika pikardi egin dizkigu ibaiak! Aurreneko hamarkadetan ura ia urtero sartu izan zitzaigun barruraino; ezagutu genituen bi uholdetako garai haiek. Metro eta erdiko altuera ere hartu izan zuen ibaiak ardandegian. Oso gogorra egiten zitzaigun halako egoera azpikoz gora jartzea, hutsetik hasita berrekin behar baitzitzaion negozioari!  
Azken ur sartzea 1983ko abuztu hartan gertatu zen; Izugarrizkoa izan zen hura. Harrezkero, hala ere, ibaia dragatu eta zabaldu zuten eta ez dugu antzeko hondamenik ezagutu.

Une gozoak ere biziko zenituen, bada...
P.M.S.: Ez dut esango negozioa gaizki joan zaidanik, baina bereziki ezer aipatzekotan, bezeroekin-eta edukitako konfiantza azpimarratuko nuke. Bezeroari beti eskaini izan zaio baxoerdi bat eta hizketarako bidea jarri izan zaio.
Damututa ardo salmentan sartu izanagatik bere garaian?
P.M.S.: Bai, eta ez. Azken urteak ez dira aurrenekoak bezain oparoak izan, baina munduak gora-behera handiak izaten ditu eta onartu beharra dago datorrena.
Gaztetan lantegi batean sartzeko aukera izan nuen; autonomo gisa baino askatasun gehiago izango nuen orduan ziurrenera, baina arriskatu egin nintzen eta gaur egun esan dezaket ez daukala zertan kexaturik. Pentsatzen jartzen naizenean ohartzen naiz lantegi asko joan direla pikutara, eta iruditzen zait ni ere horietako batekin kale gorrian gera nintekeela.  

Bezeroak ardoa txanbilan edo bestelako ontzitan jasotzen zueneko garaiak bizi izan dituzu...
P.M.S.: Kupeletan oraindik ardoa edukitzen dugu noski, eta adibidez, etortzen zaigu jendea bost litroko garrafoi edo ontziarekin. Garaiak aldatzen ari dira, hala ere, eta orain ardoa botiletan edo modan jarri den bag in box ontzian eramaten da; ardo polita ateratzen da gainera ontzi honekin, eta eroslea gustura dago. Azken batean, erosotasuna nagusitu da.

Familian jarraipenik izango al du ardandegiak?
P.M.S.: Ez dakit jabeak zer egiteko asmoa duen lokalarekin, baina nik dakidana da nire hiru semeek ez dutela negozio honetarako joerarik agertu, eta nahiago horrela izatea. Izan ere, arrazoi ugari daude pentsatzeko negozio honek ez duela etorkizun argirik.
Hutsetik hasi nahi duenari kosta egingo zaio egokitzea negozio honetara; lehia handia dago sektore honetan, saltoki handietatik, upelategietatik edo edonondik datorrena; medikuen aholkuak eta beste zenbait arrazoi direla medio, gizarte ohiturak aldatzen ari dira eta ez da lehen bezainbat ardo edaten; esaten denaren kontra oso gaztedi jatorra eta kirolzalea daukagu, asko zaintzen da eta normalki ura edaten du, ardo ona egun berezietarako bakarrik uzten du...  

Maiatzaren 27tik aurrera zer egiteko asmoa duzu?
P.M.S.: Zaletasunak beti eduki ditut, baina lan honek ez dizkit utzi jorratzen. Orain edukiko dut denbora nahi dudana edo osasunak uzten didana egiteko. Aspertzeko asmorik ez daukat, behintzat. Mendian ibiliko naiz pixka bat, baina batez ere hizkuntzei heldu nahi diet. Frantsesa eta ingelesa zerbait ikasi nituen gaztetan Andoainen antolatu ohi ziren gau eskoletan, eta barru-barruan dabilkidan hizkuntzekiko harra asetzen saiatuko naiz.

Sarasola Ardoak
Maiatzaren 29an itxiko dute betiko

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!