Izan ere, Izagirre urnietarrak eta beste hiru gazteek bizitokia, lantokia edo nortasuna ez dute inoiz ezkutatu.
Izagirreren lagunek eta herrikideek San Juan plazan elkartasuna adierazi nahi izan zioten Urnietako gazteari.
Gaztearen egoera azalduz eman zioten hasiera komunikatuari, “duela hilabete batzuk Entzutegi Nazionaleko Grande-Marlaskak zuzendutako makro-operazio baten baitan, Olatz atxilotzeko aginduarekin, Guardia Zibila bere etxera joan zen. Operazio hartan hogeita hamar gaztetik gora atxilotu zituzten. Inkomunikazio aldian tortura jasan izana salatu zuten atxilotutako horietako hainbat gaztek.
Epaileak operazio honen ondotik kaleratu zuen autoak berak argi erakusten du zein den gazte hauen kontrako akusazioa eta zeintzuk diren akusazio hori sustengatzeko frogak. Izan ere, terrorismoa izendatzen dutena: bilerak egitea, idatziak prestatzea, manifestazioak burutzea, pegatina aldarrikatzaileak edukitzea eta jaialdiak antolatzea bezalako jarduerak. Hain zuzen ere, eskubide zibil eta politikoak erabiliz burutzen diren aktibitate sozial zein politikoak”.
Azken hilabeteetan errepresioa eta torturarengandik ihesi Olatzek Lapurdin bizitza normala egiten jardun duela adierazi zuten agerraldi berean, “Urnietako herritar asko izan dira berarekin normaltasun osoz egon direnak. Halaber, hainbat komunikabidek gezurrezko informazioa hedatu dute, bai Olatzen baita beste pertsonen inguruan, akusazioak lau haizetara hedatuz”.
Egoera honen aurrean honako eskakizunak luzatu zituzten Izagirreren lagunek: "Olatz eta berarekin batera atxilotu zituzten gazteak aske izan behar dira, ez dutelako deliturik egin. Beraien eskubide politiko eta zibilen jabe, egitasmo politiko eta sozialen aldeko lana baita gazte hauek atxilotzeko arrazoi bakarra”.
Proiektu, ideia eta egitasmo oro defendatu eta garatzeko aukera eta eskubidea bermatua izan dadin aldarrikatzen dute, “Horretarako eskubide politiko eta zibilak pertsona guztientzat indarrean izan daitezen eta horiek urratzeko eraiki diren salbuespeneko legedi eta neurriak bertan behera geratzea eskatzen dugu".
Lau gazteen aurkako euroaginduari buruzko auzia bertan behera geratu zen maiatzaren 11n, Pauen, Auzitegi Nazionalak agiriak ez zituelako igorri. Maiatzaren 18ra atzeratu dute. Ondorioz, Seysses-eko espetxera bidali zituzten berriz lau gazteak. Hainbat lagun joan zen Euskal Herritik Pauera, gazteei sostengua ematera.
UDAL ORDEZKARIEN AGERRALDIA
“Joan den ostegunean, maiatzak 6, Olatz Izagirre urnietarra beste hiru gazteekin, Iparraldeko zenbait herrietan atxilotuak izan ziren. Egoera honen aurrean izenpetzen dugunok, Urnietako udalaren zinegotziak, aipatzen dugu:
- Olatz eta berarekin atxilotuak izan diren gazteak askatuak izan behar direla, ez baitute deliturik egin. Beraien eskubide politiko eta zibilak erabiltzea atxilotzeko arrazoia izan da. Bere helbidea, lantokia edo nortasuna ez dute inoiz ezkutatu.
- Eskubide politiko eta zibilak era demokratikoan erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
Pertsona hauek bizitzen ari diren egoerak kezkatzen gaitu eta horregatik exijitzen dugu:
- Bere eskubide eta bermeak errespeta daitezen.
- Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko ospe handiko hainbat erakundek egindako gomendioei jarraiki inkomunikazioaren erabilerarekin amaitzea.
Ramon Goikoetxea, Iñaki Mendizabal eta Xabier Sasiainbarrena sinatzaileak.
Urnietan, 2010eko maiatzaren 8an.