Gidabaimena euskalduntzea, Udalen erronka berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 13a, 10:46

Hemezortzi urteko gazteei gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa teorikoa hizkuntza berean egiteko gonbita luzatzen diete Buruntzaldeko Udaletako euskara batzordeek. Hitz gutxitan, gidabaimena euskaraz eskuratu ahal izatea proposatzen dute. Teorikoa prestatzeko materiala euskaraz bada. Zati praktikoa euskalduntzea konplexuagoa izango da, baina helburu hori betetzeko lehen pausoak ematen hasi dira.

“Zer hobeto gidabaimena neure hizkuntzan ateratzea baino”, zioen Jon Altuna gazteak, Buruntzaldeko euskara batzordeen kanpaina berria aurkezteko Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean maiatzaren 5ean burutu zuten prentsaurrekoan. Esan eta egin du Altunak, eta baita berarekin batera zen Izarne Zapiainek ere; gidabaimena euskaraz atera dute.

Hemezortzi urte bete dituzten gainerako gazteek ere hautu bera egin dezaten bultzatu nahi dute Buruntzaldeko Udalek. Horretarako, epe motzera, gidari izango direnei eta auto eskolei zuzendutako kanpaina abiatu zuten urte hasieran. Hasteko, euskarazko materiala prestatu eta banatu zuten egitasmoarekin bat egin nahi zuten sei udalerrietako auto eskolatan. Guztira, hamaika auto eskolek erabaki zuten euskararen aldeko apustua egitea; besteak beste, Urnietako Solozabal eta Andoaingo Bengoetxea eta Mendi auto eskolek.

Zozketak urte amaieran
Bigarren fase honetan, gidabaimena eskuratu nahi duten herritarrei begirako kanpaina egingo dute Buruntzaldeko Udalek. Hau da, kasu honetan duela hilabete batzuk auto eskoletan banatutako euskarazko materiala erabiltzera deitzen dituzte bezeroak. Modu erakargarrian gainera. Hain zuzen, urtea amaitu arte, gidabaimena euskaraz ateratzen duten gazteek 400 eurorainoko laguntza jaso dezakete azterketaren zati teorikoa ordaintzeko.

Egin beharrekoa oso sinplea da; azterketa teorikoa gainditu eta Buruntzaldeko Udalek kaleratu duten diptikoa bete. Urte amaieran, Buruntzaldeko udalerri bakoitzean zozketa bana egingo da eta zozketa bakoitzeko irabazle bati egokituko zaio aipatu diru-laguntza. Zalantzak dituenak argibide gehiago jasoko ditu laster. Asteotan, 18 urte bete berri izan edo betetzen dituzten Buruntzaldeko sei udalerrietako gazteei eskutitz bana bidaliko zaie, egitasmoaren berri emanez.

Praktikoa euskalduntzea, hurrengo urratsa
Urtarrilean kanpaina abiatu zutenetik, jendea gidabaimena euskaraz ateratzen hasia dela adierazi zuen Lasarteko Udaleko euskara teknikari Marifer Gorostizak duela astebeteko prentsaurrekoan. Ikasleen %11-k egin eta gainditu du euskarazko zati teorikoari dagokion azterketa, orain artean jaso ahal izan dituzten behin-behineko datuen arabera.
Zati teorikoa euskaraz egin arren, duela astebeteko prentsaurrekoan Izarne Zapiain gazteak gogorarazten zuenez, “erdaraz egin behar izan nuen praktikoa, ez baita beste aukerarik”. Zati praktikoa euskalduntzeak, irakasle elebidunak izan eta noski, aztertzaileak ere euskara menderatzea beharrezko egiten du. Horregatik, arlo praktikoari heltzea izango da Buruntzaldeko Udalen hurrengo erronka. “Lehen kontaktuak egin dira”, adierazi zuen Idurre Lukas Hernaniko Udaleko euskara alorreko zinegotziak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!