Herriko 21 enpresaren hizkuntza portaeraren datuak bildu ditu Adunako Udalak

Galtzaundirekin sinatutako hitzarmenaren bidez eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen aholkularitzapean, Adunako enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko lehenengo urratsa eman du Udalak. Egitasmoaren baitan, Galtzaundiko teknikari bat harremanetan jarri da herriko enpresekin eta, bertako arduradunen laguntzaz, euskararekin nola jokatzen duten jaso du. 21 enpresatako datuak bildu dituzte, eta, etorkizunari begira, nolako laguntzak eskainiko dituen aztertzen ari da Udala.

Adunako enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoan, 21 enpresatako datuak bildu dituzten arren, Udalak 90 enpresari eman zion aukera beren datuak eskuratzeko. Hainbat arrazoirengatik Udalak begiz jota zituen 10 enpresa bisitarik gabe geratu dira, baina Udalak ez ditu enpresa horiek etorkizuneko balizko egitasmoetatik kanpo utzi nahi, eta berriro saiatuko da haiekin harremanetan jartzen.

Enpresek euskararekin duten jarrerari dagokionez, denetariko datuak bildu ditu Udalak. Txarrean, Galtzaundiko teknikariak hitzordua jartzeko asmorik ere izan ez duten enpresak daude, eta, onean, aspalditik euskararen aldeko neurriak hartzen ari direnak. Horien artean, nabarmentzekoa da sei enpresak Bai Euskarari Zirutagiria dutela. Honako hauek dira: Andretegi lore ekoizpena, Zumeta bizitegia, Zabala sagardotegia, Sointek, Hol-atz SA eta Refractarios Kelsen.

Koadro honetan dago bildutako datuen sintesia:

Galdera

BAI

EZ

Ez dakite / Ez dute halakorik egiten

Enpresaren izena euskaraz dago?

12

9

 

Langileetatik erdiak gutxienez euskaldunak dira?

14

5

2

Enpresaren errotulazioan euskara erabiltzen duzue?

13

8

 

Publizitatean euskara erabiltzen duzue?

10

3

8

Bezeroentzako agirietan euskara erabiltzen duzue?

8

13

 

Barne agirietan euskara erabiltzen duzue?

4

14

3

Baliabide informatikoetan euskara erabiltzen duzue?

3

8

10

Dagoeneko neurriak hartzen hasita dauden enpresez gain, euskararen aldeko neurriak hartzeko prest daudela adierazi dute beste enpresa batzuek, baina laguntza eskatu diote Udalari. Horrenbestez, etorkizunean zer bideri ekingo dion erabaki beharko du Udalak, eta, besteak beste, diru laguntzak eta laguntza teknikoa bideratzeko moduak aztertzen ari da.

Diagnostikoari bukaera emateko, Udalak gutunak bidaliko dizkie enpresei Adunako enpresetako datu orokorrekin eta enpresa bakoitzak kontuan hartu beharreko datu nagusiekin.

 

Arantza Aburuza Adunako alkateak egitasmoaren inguruan duen iritzia adierazi du:

Zergatik erabaki zenuten enpresen munduan eragitea?

Herria bera oso euskalduna izan arren, enpresa-munduan gaztelania oso zabalduta zegoelako. Horregatik, oso garrantzitsua iruditu zitzaigun arlo horretan eragitea, herriaren irudian eragin handia duelako enpresetan gaztelania hainbeste erabiltzeak.

Zer-nola ekiten dio Aduna bezalako Udal txiki batek tamaina honetako egitasmo bati?

Lehen-lehenik, enpresa-munduan zerbait egin behar genuela erabaki genuen Udaletik, eta UEMAko teknikariarekin harremanetan jarri ginen, zer egin genezakeen aztertzeko. Ondoren, arlo horretan lan egiten zuten enpresa batzuekin bilerak egin genituen: Elhuyar, Galtzaundi… Azkenik, enpresa horien eskaintzak aztertu ondoren, Galtzaundiren bidez diagnostikoa egitea erabaki genuen, egoeraren berri izateko.

Zergatik erabaki zenuten Galtzaundirekin hitzarmena sinatzea eta beste aukera batzuk baztertzea?

Estreinakoz hastekotan ginen lan-munduan eragiten, eta, horregatik, oso garrantzitsua iruditu zitzaigun egoeraren berri jasotzea, aurrera begira zer urrats egin jakiteko. Galtzaundik enpresen egoera aztertzeko proposamena egin zigun, eta oso egokia iruditu zitzaigun, aurrera begira zer neurri hartu erabakitzeko abiapuntu bat izateko.

Egitasmoaren hastapenetik Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea bidelagun izan duzue. Zer-nolako ekarpena egin dio UEMAk egitasmoari?

UEMAk laguntza handia eman digu lanketa horretan. Hasiera batean, berak aholkatu zigun zer urrats egin behar genituen. Ondoren, gai horretan jarduten zuten enpresen izenak pasatu zizkigun, eta bileretan gurekin egon zen bere iritzia ere emateko. Azkenik, diagnostikoa egiteko prozesuan Galtzaundiko teknikariari laguntzen aritu da uneoro, eta aurrera begira nola jokatu erabakitzeko garaian ere gertutik laguntzen ari zaigu.

Zein da Udalak egitasmoaz egiten duen balorazio orokorra? Zer nabarmenduko zenuke bildutako datuetatik, onean eta txarrean?

Oro har, oso aberasgarria iruditu zaigu egoeraren berri jasotzea, orain arte zantzuak baino ez baikenituen. Onean, oso gustura gelditu gara enpresa batzuen egoerarekin, jarrera eredugarria dutela konturatu baikara. Txarrean, berriz, ez zaigu askorik gustatu enpresa batzuen jarrera, batzuek ez baitute bisitarik egiteko aukerarik eman eta beste batzuek ez baitute jarrera aldatzeko inolako interesik erakutsi.

Etorkizunera begira, zer egiteko asmoa duzue?

Oraindik ez dugu erabat zehaztu zer neurri hartuko ditugun. Gutunak bidaltzeko asmoa dugu diagnostikoan parte hartu duten enpresa guztiei, eta, hortik aurrera, neurriak hartu nahi dituztenei laguntzeko zer egin erabaki beharko dugu. Argi dago lehen urratsa izan dela eta jarraipena izango duela.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!