Pello Mari Otaño, Zizurkilgo Seme Kuttun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 10a, 11:46

Ostiralean egin zuten Pello Mari Otaño Zizurkilgo Seme Kuttun izendatzeko ekitaldi ofiziala. Batzar aretoa lepo bete zen arratsaldeko 19:00etarako. Udaleko idazkarien hitzek eman zioten hasiera ekitaldiari eta ondoren, Pello Esnalek izan zuen Pello Mariren bizitzaren inguruko hitzak irakurtzeko. Hunkituta jarraitu zituzten hitzok batzar aretoan elkartutakoek.

Udal ordezkariek izendapenari baiezkoa eman zioten bozketa bidez. Marianjeles Lazkanok hartu zuen hitza eta Pello Mariren bilobei oroigarri bana eman zien. Pozik eta hunkituta hartu zuten omenaldia Susana Ardanazek eta Amelia Otañok. 

Argazki gehiago ikusi 

Ekitaldi instituzionalaren ondoren, herritarren omenaldia iritsi zen. Pello Mari Otañoren irudiaren ondora joan ziren bertaratutako guztiak herriko trikitilari gazteen doinuez lagundurik. Irazu eta Lizaso bertsolariek bertso bana bota zuten eta dantzariek agurra dantzatu zieten Susana Ardanaz eta Amelia Otañori. Malko hunkituak ikusi ziren haien aurpegietan.

Bi biloben artean azaldu zuten aitonaren omenez jarritako plaka oroigarria. Mikrofonoa hartu eta bihotzez eskertu zuten aitonari egindako omenaldia. Euriak ez zuen oztopatu bertaratutakoen umore ona eta elkarrekin egon ziren afaltzeko garaia iritsi arte. Pilotalekuan jende asko bildu zen herri afarirako eta ederki gozatu zuten bertso saioarekin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!