Atxilotutako gazteen aldeko agerraldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 9a, 13:32

Hainbat zinegotzik agerraldia eskaini zuten atzo, Olatz Izagirre urnietarra eta beste hiru atxilotuak aske utz ditzaten eskatzeko. UDA herri plataformako Ramon Goikoetxea, Xabier Sasiainbarrena zinegotzi independentea eta ezker abertzaleko Iñaki Mendizabal agertu ziren prentsaren aurrean. Mendizabalek atxilotuak aske uzteko eskatu zuen, «eskubide zibil eta politikoak erabiltzea ez baita delitua». Era berean, espetxeratuen egoerarekin «kezkatuta» azaldu zen eta beraien eskubide eta bermeak errespeta ditzaten eskatu zuen, baita inkomunikazioarekin amaitzeko ere. Jarraian, Urnietako San Juan plazan elkarretaratzea egin zuten 40 lagun inguruk.

Herritarren agerraldiaren audioa 

Udal ordezkarien komunikatua, jarraian:

2010/05/08 PRENTSAURREKOAREN KOMUNIKATUA
Joan den ostegunean,  Maitzak 6, Olatz Izagirre urnietarra beste hiru gazteekin, iparraldeko zenbait herrietan atxilotuak izan ziren. Egoera honen aurrean izenpetzen dugunok, Urnietako udalaren zinegotziak, aipatzen dugu:
  1. Olatz eta berarekin atxilotuak izan diren gazteak askatuak izan behar direla, ez baitute deliturik egin. Beraien eskubide politiko eta zibilak erabiltzea atxilotzeko arrazoia izan da. Bere zuzenbidea lantokia edo nortasuna ez dute inoiz ezkutatu.
  2. Eskubide politiko eta zibilak era demokratikoan erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
  3. Pertsona hauek bizitzen ari diren egoerak kezkatzen gaitu eta horregatik exijitzen dugu:
  • Bere eskubide eta bermeak errespetatu daitezen.
  • Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko ospe haundiko hainbat erakundek egindako gomendioei jarraiki inkomunikazioaren erabilerarekin amaitzea.

Urnietan, 2010eko maiatzaren 8an.
 
Iñaki Mendizabal            Xabier Sasiainbarrena             Ramon Goikoetxea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!