Ekitaldi polita izan zen atzokoa. Teodoro Hernandorena taldeko hiru kide igo ziren Atxulondoko eszenatokira: Pello Joxe Aranburu, Julian Arrastoa eta Joxin Azkue. Haiek ondoan izan ziren Susana Ardanaz eta Amelia Otaño; bertsolari handiaren bilobak.
Liburua osatzeko prozesua azaldu zuten Julian Arrastoak eta Pello Joxe Aranburuk. Joxin Azkue berriz, Otañoren bizitzaren inguruan egindako aurkikuntzen inguruan aritu zen. Jendez lepo zegoen Atxulondo Kultur Etxeko areto nagusia eta adi jarraitu zuten guztiek Joxinen kontakizuna. "Bigarren Karlistada piztu zenean, Otañoren familia Donostiara joan zen bizitzera. Pentsaera politiko liberala zuten eta Zizurkilen, ez zuten giro egokirik aurkituko ziurrenik. Gerra giro hartan joan zen Argentinara Pello Mari Otaño, beste hainbat bezala, desertore", azaldu zuen Azkuek.
Liburua aurkezteko ekitaldia amaituta, Pello Mariren bi bilobei opari bana eman zieten Hernandorena taldeko kideek. Bereziki eskertu zuten Susana Ardanazek (Txuri) Argentinan egindako ikerketa lana eta liburua osatzerako garaian emandako laguntza guztia. Hunkituta agertu ziren bi bilobak aitona zenari egindako omenaldi ekitaldiengatik. "Eskerrik asko" handi batez eskertu zuten egindakoa.