Beterriko Liburua 2009 izendapena, Jimenezentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 7a, 11:19

Atzo iluntzean, Amasako Kultur Etxean izendatu zen Irati Jimenezen 'Nora ez dakizun hori' eleberria Beterriko Liburu 2009. Idazle bizkaitarrak pozik jaso zuen saria, txikitatik oso zinemazalea dela aitortu zuen, gaztetxotan Oskar sariak telebistan ikustera jaikitzen zenetakoa, "bizitzan aukera bakarra izango dut hauxe esateko: Mila esker Akademiari".

Aipameneko mahaiburua 111 Akademiako buru Eloi Egibarrek; Eusko Jaurlaritzaren izenean, HABEko zuzendari Eugenio Mujikak; Villabonako alkate Maixabel Arrietak;  Foru Aldundiko Euskara zuzendari Estibalitz Alkortak eta Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek osatu zuten. 'Maddi eta lagunak' talde lapurtarrak jarri zion doinua ekitaldiari.

Jarrai berria irakurtzen, hizlarien hitzak ezagutu nahi izanez gero:

Argazki gehiago ikusi  | Bideoa

111 Akademiako kudeatzaile Amaia Goikoetxeak ekitaldia aurkeztuta, Foru Aldundiko Estibalitz Alkorta izan zen hitza hartzen lehena. Saritutako lanean, ezinezko ipuin bat kontatzen dela aipatu zuen, fantasiazkoa izan zitekeela agian, baina Irati Jimenezek kontatzen duen istorioa ez dela fantastikoa, "oso benetakoa dela esango nuke, bizitzan nora jo ez dakien baten bidaiaren kronika izan daiteke; erreala, egiazkoa. Zorionak eman behar dizkiot Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean 2009ko Beterriko Liburua saria irabazteko merezimenduak egin dituelako". Sari ederra iruditzen zaio Estibalitzi Beterrikoa, dirutan ez ordainduegia, baino bi alderdi on behintzat badituena: "Batetik inork ez dezake saria berarentzat eskatu eta bestetik, irakurleek ematen dute saria; ez kritikariek edo epaimahai batek". 111 Akademiari eta Manuel Larramendi Bazkunari eskerrak emanaz amaitu zuen bere parte hartzea.

 

Bozketa txanda guztietan gailendu

Jon Unanue, Larramendi Bazkuneko lehendakariak hartu zuen hitza jarraian. Hamalaugarren edizioan, aurreko hamahiru urteei errepasoa egin eta gero, 111 Akademiaren berri azaldu zuen, "irakurleoi protagonismoa ematearren sortu genuen 111 Akademia eta geroztik Akademiak berak hartu du bere gain sari honen antolakuntza. Dagoeneko 111 Akademian 150 akademiakide ditu Euskal Herriko herrialde guztietan eta akademiakide horietatik gaurko saria erabakitzeko bozketa txandetan 84k hartu dute parte. Agerikoa da, beraz, ez dutela guztiek botoa eman. Gure Akademia demokratikoa eta askea da eta nahi duenak egiten du lan". Hiru bozketa txandaren ondoren erabaki zen Jimenezen Liburua Beterriko Liburu 2009 izendatzea Unanuek aipatu zuenez, baina txanda guztietan gailendu zela gainerako liburuen artean. Hainbat akademiakideen iritziak irakurri eta gero, 111 Akademiak liburua saritzeko arrazoiak ere adierazi zituen. Hauexek merezimenduak:

-Egileak eleberri hau osatzeko erabili duen egiturak, kontatu dizkigun ipuinek eta erakutsi digun magiak erabat liluratzen dute irakurlea. Nabari da liburua idaztea plazera izan dela idazlearentzat, eta horixe bihurtzen da irakurlearentzat ere irakurketa: plazera.

-Fantasiaren mundura darama idazleak irakurlea, euskal sortzaileen lanetan oso maiz agertzen ez den tokira. Baina irakurleari ez zaio arrotz gertatuko, oso modu samurrean, goxoan egingo baitu mundu fantastiko eta magiko horretarako bidaia. Zalantzarik gabe, orijinaltasuna du obra honek ezaugarririk azpimarragarrienetako bat.

-Euskara ederra aurkituko du irakurleak liburua, dotorea. Esaldi borobilak, maisuki ehunduak, istorioak berez duen magiari ekarpen ederra egiten diotenak.

 

"Eskerrik asko Akademiari"

Villabonako alkate Maixabel Arrietak eta HABEko zuzendari Eugenio Mujikak eman zioten saria Irati Jimenez idazleari. Maixabelek, saritutako liburuaren larru bereziz koadernatutako alea eskaini zion eta idazten jarraitzeko gomendioa egin zion. Eugeniok eman zion agiria.

Iratiren txanda izan zen segidan eta, zalantzarik gabe, oso modu originalean hasi zuen hizketaldia: "Oso zinezalea naiz eta txikitan Oscar sariak ikustera jaikitzen nintzen. Gaur izango dut aukera bakarra ‘eskerrik asko Akademiari' esatekoa". Gerturatutakoen irri eta txalo artean jarraitu zuen, "lagun batek e-mailez plantilla moduko bat bidali dit antzeko sariketetan esker-onak nola ematen diren azalduz. ‘Eskerrik asko irakurleei, beraiek dira inportanteenak' jartzen zuen -eta egia da-. Saria jasotzea ohore bat dela esatea ere ez ahazteko -eta halaxe da sari hau jasotzea-, baina horrore bat ere bai, ze hemendik aurrera oso altu uzten baitu erakutsi beharreko maila. Gainera, sari hau jaso duten idazleen zerrenda ikusita, ohorea eta horrorea ere bada aldi berean". Sariaren aurreko egunak oso arraroak izan direla aipatu zuen, "gutxienez azken bi urte hauek izan dira oso arraroak eta oso mugituak. Liburuaren titulu egokia bilatzea asko kosta zitzaidan; azkenean ‘Nora ez dakizun hori' jarri nion eta benetan nire bizitza errealean oso-oso titulu egokia da. Urte eta erdi pasa da liburua bukatu nuenetik eta oraindik ere ez dakit nora. Hala ere, agian galdera politagoa da norekin. Eta bide hau jende askorekin egin nuenez, eskerrak eman nahi dizkiet: Jakina, Igartza sariko epaimahaiari, emandako konfiantzagatik; eskerrak Xabier Mendigureni, edizio lanagatik; eskerrak gaur hemen ez dagoen lagun bati, berak esan baitzidan ‘ahaztu inguruko zarata guztia eta idatzi zure barruko ume hori', eta oso aholku ona izan zen; eskerrak gure artean dagoen aitari. Bizitza pertsonalean oso une gogorrak bizitzen ari nintzenean, -‘arazo horiek guztiak eta gainera nobela madarikatua!', esan nion nik eta berak, -‘hipoteka edo lana izan daiteke madarikatua, baina ez nobela'.  Egia esan, plazera izan da nobela idaztea, baina baita gogorra ere". Irakurlea ere gogoan izan zuen Iratik hizketaldian, "nobela idazten duzunean irakurle abstraktu batentzat ari zara. Ez dakizu baden edo ez den. Gustatuko zaion edo ez... Nire harrikada berezi hau norbaitengana iritsi dela jakiteak asko esan nahi du niretzat eta oso pozik nago. Eskerrik asko".

 

Amasa eta Brusela, bat

Eusko Jaurlaritzaren izenean, HABEko zuzendari Eugenio Mujikak ere hitza hartu zuen. Eskerrak emanez hasi zen eta pozik agertu zen ekitaldian egoteagatik. Brusela eta Amasa batu zituen bere hizketaldiaren hasieran, "kasualitatea da, baina une honetan bertan, Bruselako Europako parlamentuan euskal literatura eta Europaren arteko mahai-ingurua burutzen ari dira. Bertan da Aingeru Epaltza eta baita Lurdes Auzmendi kultura sailburuordea ere. Bere ordez nago gaur ni hemen. Brusela eta Amasa elkarturik daude literaturaren bitartez oraintxe bertan. Kasualitate polita iruditzen zait". Beterriko sariak ezaugarri berezirik badu, saria irakurleek ematea dela nabarmendu zuen eta ez dagoela irakurlea baino epaile zorrotzagorik, "saria zuri eman dizute, Irati, ‘Nora ez dakizun hori' eleberri ederragatik, baina aurretik egindako lana ere azpimarratu nahiko nuke. Batxilergoko irakasle nintzen garaian ‘Bat, bi, Manchester' liburua irakurri genuen ikasgelan eta izugarri gustatu zitzaien. Helduak ez ezik, gazteak ere literaturara gerturatzen asmatu duzula esango nuke". Bilbo zaharra eta Bagdad aipatzen dituen liburuko pasarte aukeratua irakurriaz amaitu zuen bere parte hartzea Eugeniok.

 

Lapurdiko doinuak

Ohi denez, ekitaldiari ez zitzaion musika doinurik falta izan. Maddi Zubeldia ziburutarra eta haren taldekide Txomin Arizaga eta Jeannot Urtxegi izan ziren atzoko ospakizuna musikaz jantzi zutenak, benetan eder jantzi ere. Ekitaldia ireki eta itxi zuten hiru abesti eskaini zituzten, eta entzuleen goraipamena eta errekonozimendua eurenganatu zituzten, ondo mereziak bata zein bestea. Iturri Goxo jatetxeko kideek prestatutako mokadu goxoa izan zen gero. Aho zapore goxoarekin etxeratu ziren Amasara gerturatutakoak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!