Jarraian laburbiltzen dira ikasleek 2009-2010 ikasturtean zehar aurrera eraman dituzten jarduera nagusiak:
- Eskolan egiten den urari buruzko azterketa, hobetu daitezkeen alderdiak antzemateko.
- Herriko uraren inguruko kale-ikerketa;herrian natur baliabide honen inguruan egiten diren erabilerak eta urari lotutako ekosistema ezberdinak ezagutzeko.
- Eskolan bertan eskola komunitatea osatzen duten eragileen artean urari buruzko sentsibilizazioa lantzeko, Txoko Berdea izeneko komunikaziorako gunea indartzea.
- Uraren zikloa ezagutu eta urari lotutako ekosistema ezberdinak aztertzeko herritik kanpora irteera ezberdinak antolatzea (Askizura, Leitzarango uraren interpretazio zentrora eta Ibaiederreko araztegira).
- Etxean ura aurrezteko eta zentzuz erabiltzeko aholkuen orriak eta marrazkiak lantzea.
- Udaletik antolatutako urari buruzko sentsibilizazio ekintzetan parte hartzea (Erreka Eguna, etab.).
Aurkezpen hori egin ostean, ikasturtean landutakoa abiapuntutzat hartuz, ikasleek udal ordezkariei atera dituzten ondorioak eta eskola bezala bere gain hartuko dituzten konpromisoak deskribatu dizkiete. Azkenik, kale ikerketaren ondorioz herri mailan antzemandako uraren inguruko hutsuneak ere ezagutzera eman dituzte, udal ordezkariei zenbait proposamen plazaratuz.
Bukatzeko, aipatu behar da Eskolako Agenda 21en egitasmoan orotara 50 ikaslek parte hartzen dutela, eta horiekin batera, gurasoek, irakasleek eta udaleko hainbat langilek ere bai. Adunako herri-eskolak, Tolosaldeko beste udalerrietako eskola zentroekin batera, 2007-2008 ikasturteaz geroztik parte hartzen du Eskolako Agenda 21en.