Aspaldiko usadioa da maiatzaren hirugarrena Azkorteko ermitan ospatzea. Aurten ere, giroak lagundu ez badu ere, bertaratutako guztiek goizean goizetik festaz gozatzeko aukera izan zuten.
Goizeko 09:30ak ziren Urnietako taxi geltokiaren aurretik hainbat lagunek Azkorteko ermitarako bidea hartu zutenean. Euritakoak soinean izanda ere, goiza gogotsu pasatzeko prest ziren. Bidaiariak busean sartu eta Ermita aldera abiatu ziren. Edari eta janariz hornitutako estalpea eta musika giroz alaitzeko eskenatokia prest ziren ordurako. Etxeko txikienek Zurgai taldearen laguntzarekin herri kiroletan saioa egin zuten. Hala nola, trontzan, harri altxatzen, ingudearekin gora beheraka... Ordu erdi beranduago, ermitako ateak zabaldu zituzten, meza nagusirako. Elizatik irten bezain pronto, Zabale trikitiarekin eta Larrañaga panderoarekin zain zeuden eguerdia trikitixarekin alaitzeko. Ez zuten dantzarako inor izan, baina ermitapean jende andana bildu zen. Ondoren, eguerdi aldera, Etxeberria eta Larrañaga bertsotan aritu ziren taulagainean. Jarraian, Ugaitz Mugerza eta Kañamares II aizkolarien saioa ikusteko aukera izan zuten. Behin ordubiak jotzera zihoazela, jendeak beheranzko bideari ekin zion, batzuk oinez bide malkartsuan behera eta beste hainbatek, aterkiari muzin eginez, autobusa hartuta. Jaiak Oianumen jarraipena izan zuen.
Larunbatean, bolatokian Aurtengo jaia ez egun horretan amaituko. Maiatzaren 8an, larunbatarekin, 09:30etik 11:00era probintzi arteko bolo txapelketa izango da, herriko bolatokian Santa Kruz elkarteak antolatuta. Igandean berriro Azkortera Lasartearrak antolatuta ermitara igotzeko aukera berria izango da. Meza izango da eta, ondoren, herri kirolak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!