Zorionak lehenik eta behin. Zertan oinarritzen da Carmen lana?
I.G.A. Eraikuntzan lan egiten duten bi langileren pare bat eguneko harreman kontatzen da. Ondoan lan egiten duten arren, beraien artean nolako distantzia dagoen azaltzen da. Nik kontatu nahi izan dudana zera izan da, sarritan, eskuen artean ez dugun hori nola irudikatzen dugun. Iristen ez garen nahi hori nola imaginatzen dugun adierazi nahi izan dut. Irudimenezko ipuin asmatua da Carmen lana.
Argi geratu da azken urteotako garailea zu zarela Antia sariketan, konta iezaguzu egin duzun ibilbidea...
I.G.A. Idaztea betidanik gogoko dut; lehiaketa desberdinetan parte hartu izan dut.
2005ean izan nuen Antia lehiaketaren berri eta orduz geroztik, beti saiatu izan naiz martxoa alderako lantxoren bat prestatzen. Badirudi azken urteotan nire lana epaimahaikideen gustuko izan dela eta gustura sentitzen naiz.
Zein proiektu dituzu epe labur eta luzera begira?
I.G.A. Literaturari dagokionez, aurten jo eta su ari naiz ipuin bilduma bat osatu nahian. Umetako ametsa egi bihurtu nahian ari naiz oraintxe momentuan. 25 urte baditut eta garaia iritsi dela iruditzen zait. Denbora hartzea egiten zait zailena.
Matematika irakaslea naiz Burlatako D ereduko institutu batean, ez da hain erraza tartea aurkitzea.
Lanean, beraz, matematikari begira aritzen naiz eta lanetik kanpo literaturari, ipuinei, poesiari…
--
Aurreko asteazkenean, Lekaion izan zen sari-banaketa ekitaldia. Urnietako Udalaren Euskara Sailak antolatutako sariketan, zazpi sari banatu ziren. Banaketa aurretik ordea, iazko lehiaketan sarituak izan ziren lanez osaturiko liburuxkaren aurkezpena egin zuten.
Euskararen arloan lan asko egin zuen On Manuel Antiak. Bere bizitzan zehar egindako lan eskerga dela eta, omenaldi gisa literatur lehiaketa antolatzen da.
Aurtengo edizioan garaileak ondorengo hauek dira:
Haurren mailan hirugarren postua, 70 euroko truke txartela lortuz, Beñat Lizasorentzat izan zen, Aitona Egoskorra lanarekin. Bigarren postuan, 120 euroko truke txartela lortu zuen Alba Cabrera Jauregik, Beltzarana naiz eta zer lanarekin. Haurretan garaile eta 200 euroko txartelaren jabe Maider Dorronsoro Aldatz izan zen Lurrazpiko urnietarrak istorioarekin.
Gazteen mailari dagokionez, literatur sariketako 3.saria eta 180 euro eskuratu zituen Lorea Barkaiztegi Begiristainek, Maite Zaitut Ama lanarekin. Bigarren postuan, Adriana Unanue Mañosok 360 euroko saria irabazi zuen Sinisten zaitut maittia lanarekin. 12–16 urte bitartekoetan iazko garaile bera iza zen: Jon Iurramendi Bengoetxea. 600 euroko saria eskuratu zuen, Mesede baten ordaina idazlanarekin.