Jose Luis Lopez de Lacalleren omenezko ekitaldia burutu dute ostiral honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 6a, 13:08

ETAk hil zuela hamar urte beteko dira; ostiral honetan Udalak lore eskaintzarekin Lopez de Lacalle gogoan izango du.

Osasun etxetik gertu dagoen parkeak Jose Luis Lopez de Lacalle izena darama. Udal ordezkariak, senideak eta lagunak bertan bilduko dira ostiral eguerdian haren aldeko lore eskaintza ekitaldian, hil zuteneko hamargarren urteurrenean.
Hamar urte igaro dira 2000ko maiatzaren 7ko igande hartatik. Goizeko lehen orduetan Jose Luis Lopez de Lacalle «El Mundo» egunkariko zutabegilea eta Ermuako Foroaren kidea etxeko atarian tiroz hil zuten. Erailketa ETAk hartu zuen bere gain.
Jose Luis Lopez de Lacalleren aurkako atentatuak Andoaingo herria saminez bete zuen. Gertaera latza izan zen, herri osoaren elkarbizitza kolokan jartzeraino.
Atentatuaren albistea berehala zabaldu zen herrian eta heriotza gertatu zenetik etengabea izan zen Lacalleren aldeko elkartasuna. Senideak, lagunak, herritarrak eta politikariak Ondarreta kalera gerturatu ziren  emazteari eta seme-alabei doluminak azaltzera.
Igande arratsaldea eta biharamuna kontzentrazio eta atxekimendu keinuz bete zen.

Udalaren gaitzespena
Andoaingo Udalean ezker abertzalea zegoen alkatetzan, Euskal Herritarrok alegia. Aparteko eta presazko Udalbatzan tentsio uneak bizi izan ziren. Udaleko Osoko Udal batzarraldian PSE-EE, EAJ/PNV-EA eta PP alderdiek  gehiengo osoz atentatua gaitzetsi zuten. Andoaingo alkatea eta EHko zinegotziak abstenitu egin ziren. Haiek hiru puntuko beste mozio proposamena aurkeztu zuten, baina ez zen aurrera atera.

Ostiralean, lore eskaintza
Eguerdiko hamabietan, Udalak antolatuta, lore eskaintza izango da omenduaren izena daraman parkean bertan. Udal ordezkariak bertan izango dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!