Ahotsak bildu, gal ez daitezen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 5a, 11:04

www.ahotsak.com egitasmoaren helburua, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da. Xede horri jarraiki, adineko pertsonak elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso ez ezik, herritarren artean zabaltzen dituzte webgunean zintzilikatutako bideoen laguntzaz.

Oinarriak 2002-2003 urtean landu ondoren, 2004-2007 bitartean ekin zioten bilketa lanari eta jasotako materiala lantzeari. Eibarko Badihardugu euskara elkarteak jarri zuen abian egitasmo interesgarria eta beste hainbat elkarte gehitu zitzaizkion gerora. 141 herritara iritsi dira dagoeneko, 2200 hizlari pasatxo elkarrizketatu dituzte. Ahozkotasunean eta bizipenetan oinarritutako bilketa lan bikaina burutzen ari dira.
Miren Artetxe eta Ainhoa Ansa ari dira Beterri-Aiztondo bailarako adineko pertsonen ahotsak biltzen. Euren esperientziaren berri eman dute.

Zer moduz ekin diozue ibilbide berriari?
Ainhoa Ansa:
Joan zen urrian hasi nintzen ni, azaroan Miren. Hasi berriak gara, Iparraldean elkarrizketak egiten ari den Xan Aire eta Donostialdean diharduen Idoia Etxeberriarekin batera. Gustura ari gara lanean, oso-oso lan aberasgarria da. Izugarri gustatzen zait hizkera xamur hori jasotzea.
Miren Artetxe: Lan bitxia da, guri kontu gogorrak irudituko litzaizkigukeenak hiztunentzat normalak dira askotan, guretzat normalak direnak harrigarriak haientzat. Ez da bat bestea baino ikuspegi errealagoa, ez objektiboagoa. Bizimodua zenbat aldatu den ikusteak asko pentsarazten du. Ikasgai handia da.

Eskualde berean izanagatik, zonalde ezberdinetan ari zarete elkarrizketak egiten…
A.A.:
Lau herri eta erdi ditut nik: Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Andoain. Lasarte Miren eta bion artean egiten dugu.
M.A.: Aiztondo eta Tolosaldea bailarez arduratzen naiz ni, Lasarteko puskarekin batera.

Nola antolatzen duzue lana? Nola topatzen dituzue hiztunak?
A.A.:
Lehen pauso modura, herri bakoitzeko Udaletara, Euskara Zerbitzuetara nahiz Kultur Etxeetara jotzen dugu lankidetza eskatuz. Kasurik gehienetan asko gustatzen zaie egitasmoa eta denbora pixka bat hartzen badute, haiek bideratzen gaituzte askotan. Era berean, Aiurri bezalako hedabideek egindako lana ere lagungarria da guretzat, hiztun horiek ere balio baitigute.
M.A.: Zentsua ere eskatu izan dugu, baina datu pribatuak direnez, ez dute udaletxe guztietan ematen. Herri txikietan bereziki, udaletxeetara joatea baino egokiagoa da herritar zehatz batzuengana zuzenean jotzea. Atez ate ere ibili izan gara datuak eskatzen.
A.A.: Herri bakoitzaren kasua ezberdina da, herri txikietan taberna batera edo herriko apaizarengana jotzea nahikoa izan daiteke hiztun askoren kontaktuak jasotzeko.

Elkarrizketak egin ez ezik, transkribatu ere egiten al dituzue?
A.A.:
Gure lana elkarrizketak egin eta hiztunaren biografia laburra, argazkiarekin lagunduta interneten kargatzen dugunean bukatzen da.
M.A.: Zinta ere guk kargatzen dugu, baina beste pertsona bat arduratzen da zinta hori editatu eta testuak transkribatzeaz. Momentuz elkarrizketak egiteari ematen zaio lehentasuna, transkribatzea gero ere egin daitekeelako.

Elkarrizketetan garai bateko ohituren berri jasotzen duzue bereziki. Koadernotxo bat ere baduzue galdeketa bideratzeko…
A.A.:
Koaderno hori azken hilabeteotan egin dugun lan sakon eta luzearen ondorioa da. Galdetegi bat bagenuen arren, elkarrizketak ondo bideratu ahal izateko osatu beharra ikusi genuen eta lau laguneko koadrila –Miren eta biok tartean– aritu gara lan hori egiten.
M.A.: Atlas etnografikoa eta galdetegia bi gauza ezberdin dira. Aurrez eginiko hainbat lanetan oinarrituz eta egungo 80 urteko herritarrei zer galde diezaiekegun aztertuz, fitxa formatutan eta gaika antolatu dugu informazioa. Industria, baserria, arrantza, osasuna, lanbideak, herriko ohiturak, eliza, ospakizunak, hezkuntza…, denetarik jaso dugu.
A.A.: Osatu gabea da, noski. Badakigu egunen batean lanbideen sailean esaterako, enterratzaileren batengana jotzea egokitzen zaigunean, galdetegi berezia prestatu eta koadernoan txertatu beharko dugula.
M.A.: Askotan, elkarrizketa egiterakoan gai zehatz baten inguruan galdetzen hasiagatik, beste hamaika kontu ateratzen da elkarrizketan zehar eta galdetegiak gai guztiak ondo bideratu ahal izateko landua izan behar du. Ez gara gai bakarrarekin joaten hiztunarengana, gure galderak pertsona horri ahalik eta zuku gehien ateratzeko moldatzen ditugu.

Ohitura askoren berri entzungo zenuten azken hilabeteotan. Begia jo dizuenik?
A.A.:
Gerrako testigantzak oso barruan geratzen zaizkit. Pelikula batean bezala kontatzen dituzte, ibilbide guztia ikusten duzularik. Hunkitu egiten naiz hegazkinen soinuak edo tiroenak egiten dituztenean.
M.A.: Elizaren eta boterearen mende bizi ziren asko, beldurtuta. Guk, agian, beraiek ez zeukaten askatasun faltsu sentsazio handiagoa dugu. Agian beraiek zeukaten askatasun apur hura gaurkoa baino benetakoagoa zen.

MIEL ARRIETA, BETERRIKO AHOTSETAKO BAT
Beste ehundaka ahotsekin batera, Andoainen bizi den Miel Arrietaren ahotsa eta haren pasadizoak jasoko dira Ahotsak.com gunean.

Urnietako Goiburu auzoko Legarralde baserrian jaio zen Miel Arrieta Bideburu 1931 urtean. Andoainen bizi da egun, Arantzubi etxean. Zortzi senidetan gazteenak gogoan du nola joaten zen bere aitarekin ardiak zaintzera Arano aldeko mendietara. Ostarbeko etxola zuen izena mendian zuten artzain-borda hark eta aitona eta aita bezala, bera ere artzaina izan zen harik eta artzaintzarako baliatzen zituzten mendi haietan pinu-landarea sartu zuten arte. “Ni ere 30 urtera arte ibili nintzen ardiekin gutxi asko. Arkumeak saldu nahiz ardiak jetzi ondoren gazta egiten aritzen ginen. Udazkenean etxolan egoten zen aita hilabetez-edo, ardiek arkumeak egin arte. Ni ere joaten nintzen harengana, trasteak eraman, ardi zaharrak ekarri edo egin beharrekoak egitera. Neguan etxe aldera etortzen zen aita eta ardi batzuk mendian geratuagatik, guk lagunduz, etxera ekartzen genituen gehienak. Hori izan zen aitaren martxa eta leku askotara eramaten zuten ardi moztera, baita Andoainera ere. Debalde izaten zen lan hori. Gu geroni ere Amasan barrena asko ibili ginen ardi mozten”.

Ama, emagina
Agapita ama emagina zuen Mielek, “Donostian neskame ibilitakoa zen eta garai hartarako dezente zekien erdaraz hitz egiten. Inguru honetan inor gaixotzen zenean gure etxera etortzen zen laguntza bila. Garai hartan medizinarik ez zen eta ahal zuten bezala moldatzen ziren. Gure amarekin jende asko jaio zen inguruan. Orain ez bezala bat edo beste hil egiten zen baina jaioeran behintzat, ez dut uste gure amak hilik bazuenik”. Haurrak jaio eta hiruzpalau egunerako bataiatzen zituzten orduan, “linboa edo purgatorioari beldurra zitzaion eta berehala bataiatzen ziren jaioberriak badaezpada. Aingeruentzat ez dut uste baina, bataiatu gabe hiltzen ziren umeentzat lur berezia izaten zen kanposantuan”.

Abarkak, behiaren larruazalarekin
Gazte garaiko oroitzapen asko gordetzen du Mielek, tartean sagardoa egiten zutenekoa, “tolare koxkorra bagenuen baserrian eta sagar urtea zenean behintzat, sagardoa egiten genuen”. Aitak behi larruazalarekin egiten zituen abarkak aipatu bakarrik ez, sukaldeko armairutik atera eta eskuartean hartuta eman zituen azalpenak, “galtzerdiekin beharrean amantarrekin ibiltzen ziren abarkak, manta puskekin. Serbileten tamainakoak izaten ziren eta hari beltzarekin X-ak eginez josita, dotore iristen ziren zangoaren erdi pareraino. Mendian elurra egiten zuenean hankak busti egiten ziren azkenerako. Amantarrek bazuten gauza on bat: abarka erantzi eta goikoaz behera berriro jantzitakoan, zangoan zegoen aldea sekoa egoten zela. Zangoa busti arren, oina lehor mantentzea zen inportanteena”. Behi larruazalarekin egindako abarkak baino gehiago, ordea, autoen erruberekin egindakoak ezagutu zituen gaztetan Mielek, “min handia ematen zuten haiek mendian. Pixkanaka forma hartuz joaten ziren gero”. Artzaintzaz gain, baso-lanean ere ibili zen, Andoaingo Telleri-fabrikan lanean ere bai eta azkenik, Donostian lorategiak zaintzen.

Miel Arrieta, egitasmoaren inguruan
Zer iruditzen zaizu Ahotsak egitasmoa?
Ondo iruditzen zait niri. Nik baino gehiago jakingo dutenak ere egongo dira eta haiek ere hitz egingo dute, baita gutxixeago dakitenek ere. Batean edo bestean denok jakiten dugu zerbait eta saiatu egin behar da hori erakusten. Gero alferrik izango da.

Baserri giroko zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Hemen lehen ere baserrian gorde da euskara. Donostian ere euskaldunak baziren baina ez hainbeste. Gure gazte denboran baserritar denak euskaldunak ziren. Urnieta herria kastellano bat edo birekin ezagutu nuen nik. Orain asko dira, baina euskaldunak ere lehen adina izango dira. Gerora izan ditut erdaraz ikasteko motiboak; zer edo zer lardaskan bai, baina ez dut ia batere ikasi erdaraz. Inguruan beti izan ditut euskaldunak eta ez nion erdaraz ikasteari gogo berezirik jarri.

Eskualdeko herritarrak animatuko al zenituzke Ahotsak ekimenean parte hartzera?
Bai, noski. Ni behintzat gustura aritu naiz kontuak esaten. Hori bai, bideo kamerak errespetu pixka bat ematen du eta denborarekin hor dagoela ahaztu arren, kontu gutxiago esaten da. Ni behintzat oso txintxarria naiz, pertsona berritsua, baina kameraren aurrean jartzean nire erdirik ere ematen ez dudala badakit. (Ahotsak.com gunean bideoa zintzilikatzen dutenean, ikusiko da zein hiztun ona den Miel).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!