Azelain balet taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 5a, 10:57

1999an sortu zen Andoaingo Azelain dantza taldea. Hainbat gaztetxo eta gurasoen eskaerari erantzuna emateko jaio zen eta indartsu dihardu gaur egun ere. Bost eta hamabost urte arteko berrogeita hiru dantzari biltzen ditu taldeak. Lidia Egido donostiarra da haien irakaslea.

Noiz eta nolaz sortu zen Azelain dantza taldea?
Nik ez nituen ezagutu taldearen sorkuntzako momentuak. Garai hartan Ana Remiro zen dantzako irakaslea eta hark esan didanez, eskaera handia zegoen. Dantza klasikoa ikasten ari ziren gaztetxoek ez zuten Andoainen bertan aurrera egiteko aukerarik. Behar horri erantzuteko taldea sortzea erabaki zuen Anak, guraso taldearen laguntzaz. Anak egindako eskaerari, egoitza eta beharrezko materiala jarriz erantzun zion Udalak. Dagoeneko hamar urte daramatza martxan taldeak eta hainbat ekitaldi antolatu ditugu dantza klasikoa kalera eraman eta ezagutarazteko. Horrez gain, asteburuko ikastaro intentsiboak ere egin izan ditugu: sorkuntza tailerrak, gorputz espresioa, dantza garaikidea…

Bost eta hamabost urte arteko gaztetxoak dabiltza taldean. Nola antolatzen dituzu klaseak?
Taldeka banatuta aritzen gara. Bost eta sei urteko txikiek, adibidez, jolasean ikasten dute. Konturatu gabe, jolasen bitartez; gorputza ezagutzen, psikomotrizitatea lantzen eta postura egokiak jartzen ikasten dute. Sei eta zazpi urteko haurrak berriz, lehen mailan daude eta horiekin pauso gehiago lantzen dudan arren, oraindik ez dira barrarekin lanean hasten. Hain txikiak direnean aspertu egiten dira eta helburua, haurrek ondo pasatzea da, dantzarekin gozatzea. Handitzen doazen heinean, gauza gehiago ikasten joaten dira eta eskaera ere handiagoa da. Londreseko Royal Academy of Dance-en atera nuen dantza irakasteko titulua eta han garrantzia handia ematen diote haurren konfiantza garatzeari. Gaztetxo bakoitzak har dezala bere gorputzaren eta bere buruaren gaineko konfiantza.

Zein adinera arte jarrai dezakete Andoainen dantza klasikoa egiten?
Nahi adina. Duela gutxi 23 urteko gazteak izan nituen taldean. Zailena, ikasketekin bateratzea izaten da. Ikastera kanpora joaten badira, dantza taldea utzi beharrean izaten dira. Beste ikasle batzuk dantza estiloa aldatzea erabakitzen dute eta break, jazz edo besteren batera igarotzen dira. Dantzari bezala, ez da inoiz bukatzen ikasteaz. Bizitza bezalakoa da; etengabe aldatzen zoaz, gauzak ikasten, iturri ezberdinetatik edaten. Horregatik, ona da irakasle ezberdinak, eskola ezberdinak, dantza egiteko modu ezberdinak ezagutzea. Zenbat eta estilo gehiago ezagutu, orduan eta aberatsagoa izango da zure dantzakera ere.

Nola iritsi zinen Azelaingo irakasle izatera?
Ana Remirok egin zidan proposamena. Donostian ere badut dantza estudioa, baina beti gustatu izan zait herrietan ikasleekin sortzen den harremana; horregatik erabaki nuen aurrera egitea. Zazpi urte daramatzat dagoeneko eta oso gustura nabil. Dantza nire bizitza da eta dantza irakastea oso gustagarria da niretzat. Irakasle ezberdin askorekin ikasi nuen dantza klasikoa: Maria Teresa Fagoaga, Henry Brown, Almudena Horno, Javier Aranburu…, 20 urte nituenean erabaki nuen irakaskuntzarako prestatzea. Titulua atera, eta berehala hasi nintzen irakasle lanetan. 26 urte pasatxo daramat horretan.

Dantza egin nahi duenarentzat, garrantzitsua al da dantza klasikoa ikastea?
Beharrezko oinarriak ematen dituela esango nuke. Beste edozein dantza mota errazago barneratzeko gaitasuna ematen du. Ziurtasuna, estabilitatea, zure burua espazioan kokatzeko gaitasuna, koordinazioa…, hori dena garatzen laguntzen du dantza klasikoak. Txikitatik dantza klasikoa egin duen gorputza hezia egoten da, hanken eta besoen mugimendu egokia barneratuta du eta badaki arnasa ere modu eta garai egokian hartzen. Hori guztia txikitatik garatzen da, ia konturatu ere egin gabe. Bestalde, eguneroko bizimodurako ere oso baliagarria da. Diziplina eta ordena garatzen ditu eta dantzariek ziurtasun handia hartzen dute euren buruarengan. Beti saiatzen gara gaztetxoen autoestima garatzen eta hori, bizi guztirako geratzen da.

Dantza klasikoaren kulturarik ba al dugu?
Geroz eta gehiago. Oraindik ere artearen arreba txikia bezala ikusia dagoela esango nuke, hala ere. Askoren ustez, neskatoek modu pinpirinean ibiltzen ikas dezaten balio du balletak. Dantza klasikoaren elkarteko kidea naiz eta lan handia egin dugu ideia horiek aldatzeko. Pixkanaka, lortzen ari gara jendeak dantza klasikoa beste modu batera ikusten, baina gauza asko dago oraindik aldatzeko. Esaterako, mutikoei asko kostatzen zaie dantza klasikoa egitea. Andoainen mutiko bakarra dabil eta Donostiako estudioan beste bi. Gauza asko entzuten dituzte dantzaren inguruan eta kosta egiten zaie izena ematea. Hurbiltzen diren mutikoak oso gustura ibiltzen dira ondoren, baina zaila da estereotipoak apurtzea.

Zein da dantza elkartearen zeregin nagusia?
Dantza kalera ateratzen saiatzen gara. Horretarako hainbat ekitaldi antolatzen dugu. Apirilaren 29an dantzaren nazioarteko eguna ospatzen dela aprobetxatuz, egitarau oparoa antolatzen da hilabete osoan zehar. Duela urte mordoa hasi ginen, esaterako, Kontxako barandillako erakustaldia antolatzen. Guztira 1300 dantzari inguru bildu ginen aurten. Horrez gain, erakustaldiak, emanaldiak, topaketak…, dantzari lotutako ekitaldi mordoa egiten dugu dantza kalera eramateko asmoz.
Andoainen ere egitarau oparoa antolatzen da. Apirilaren 29an ekitaldia eskaini genuen Basteron; Azelaingo taldeen dantza egin zuten eta ondoren, eskola irekia eman nuen.

Dantza modu profesionalean egin nahi duen gaztearentzat, ezinbestekoa al da kanpora joatea?
Hemen oso oinarri ona har dezakete. Oso irakasle onak daude inguru honetan eta harrobia aberatsa da. Momentu batean ordea, dantzan aurrera egin nahi duenak ez du nahikoa astean lau ordu eskaintzearekin. Egunero sei ordu inguru behar ditu eta horretarako, hemen ez dago baliabiderik. Urte asko daramagu baliabide horiek eskatzen, baina momentuz, gure dantzariek kanpora joan beharra izaten dute: Gasteiz, Bartzelona, Madril, Stuttgart… Kanpora joateko, oso indartsuak izan behar dute. Oso gaztetxoak izaten dira eta asko eskatzen zaie. Horregatik, ez zait gustatzen hamabost urte bete aurretik kanpora bidaltzea. Foru Aldundiak ateratzen dituen beka deialdietara aurkezten ditut kanpora joan nahi duten ikasleak, baina hamabost urte arte ez eramaten saiatzen naiz; badakidalako gogorra dela.

Dantzari profesionala izateko, zein irtenbide du gazte batek?
Ikasketak amaituta, dantza konpainia batean sartzea da aukera nagusia, baina ez da batera erraza. Konpainia partikularrak dira eta gehienak osaturik egoten dira. Horregatik, beste ikasketaren bat egitea gomendatzen diet honetan aurrera egitea erabakitzen duten ikasleei. Dantzaren aukera  ondo ateratzen ez bada, beste ate bat zabaltzeko aukera izan dezaten saiatzen naiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!