Iñaki Etxabe, txapelduna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 5a, 10:55

Ipar Kutxako esku pilota txapelketa irabazi berri du Iñaki Etxabe amasarrak. Pilota oso gustuko du, baina baita beste hamaika zaletasun ere.

Esku pilotan Ipar Kutxa saria eskuratu berri duzu…
Abenduan jokatu behar genuen txapelketa, baina eguraldi txarragatik, atzeratzea erabaki zuen federazioak eta martxoaren 28an jokatu genuen. Ipar Kutxa txapelketa ezinduentzat antolatzen du federazioak, modalitate ezberdinetan. Nik esku pilotan hartu nuen parte. Donostiako Atano pilotalekuan hiru partida jokatu nituen beste hiru pilotariren aurka eta, hirurak irabazi ondoren, txapela eman zidaten. Ipar Kutxako kamiseta ere eman ziguten arren, Behar-Zana elkartekoarekin jokatu nuen nik. Txapelketa hura irabazi eta gero, apirilaren 16an, gurpildun aulkian jokatu behar zutenen txapelketan erakustaldi moduan jokatuko ote nuen galdetu zidaten. Hara ere joan nintzen eta bi partida jokatu eta gero, kopa irabazi nuen.

Aspaldi hasi al zinen pilotan jolasten?
Duela hamabost urte Joxean Jauregirekin hasi nintzen eta oso gustura ibili nintzen. Azken urteotan Iñaki Lizasorekin nabil eta ederki konpontzen gara. Lan handia egiten du eta asko saiatzen da. Oso esker-oneko nago berarekin. Orain ardura aldaketak izan dira eta ikusi egin behar zer gertatzen den. Amasako pilotalekuan entrenatzen nuen lehen, Villabonakoan orain. Egia esan, gusturago ibiltzen nintzen Amasakoan. Tailerretik ateratakoan ikastaro ezberdinetan hartzen dut parte, baina pilota dut gogokoena.

Beste kirolik gustatzen al zaizu?
Izugarri gustatzen zait futbola ikustea eta ligako emaitzak zorrotz jarraitzen ditut. Gurasoak Real zaleak badira ere, Athletic zalea naiz ni. Reala baino, Athletic igotzea nahi dut nik. Telebistan pilota ikustea ere gustatzen zait: Titin, Xala eta Barriola asko gustatzen zaizkit, baina Irujo gehien. Izugarrizko indarra du. Mikel Goñi ere oso gogoko nuen: erori egin zen, baina oso ona zen.
Gainerakoan, judoa egin nuen gazteagotan Iñaki Lizasorekin batera.

Musika eta dantza ere gogoko dituzu…
Iñaki Zalakainekin gitarra jotzen ikasi nuen; arrebaren ezkontzako dantzaldian musika jo zuenean, jotzen utzi zidan niri ere eta asko poztu nintzen. Oso irakasle ona izan zen Iñaki, asko lagundu zidan. Lehenago txirula jotzen ere ikasi nuen berarekin. Gerora, panderoa oparitu zidaten eta Kristina Solanorekin aritu nintzen ikasten.
Dantza egitera ere joaten nintzen Tolosako Txolarte elkartera. Denetik dantzatzen ikasi nuen sei bat urtean: saltsa, merengea… Gero utzi egin nuen, asteartetan zenez, pilotarekin batera egokitzen baitzitzaidan.

Horrenbeste zaletasunekin noiz hartzen duzu atsedenerako tartea?
Ostiraletan leher eginda egoten naiz. Astean zehar goizeko 07:00etan jaikitzen naiz lanera joateko eta asteazkenetan izan ezik, egunero izaten dut zerbait: Gimnasia, pilota, ordenagailuko ikastaroa… Gauetan 22:00etarako oheratzen naiz. Goenkale ikustea gustatzen zait, baina berandutu egiten denez, DVDan ikusten ditut kapituluak ostiraletan. Duela gutxi, Tolosako Triangeluan paseatzen grabatu egin gintuzten eta ekainaren 22an botako dute telebistan. Astean zehar goiz jaikitzen naiz, baina asteburuetan ‘a tope’ lo egitea gustatzen zait, 12:00ak arte askotan.

Azalduko al diguzu Tolosako zure langintza?
Kotxeetako pilotuetan jartzeko, kableekin egiten dugu lan; katean aritzen gara, geratu gabe. Nagusiek azkarrago egiteko esaten digute batzuetan, baina gure erritmoan eta txukun egiten dugu lan. Gaizki eginez gero, kontrolean jakin egiten baita eta bueltan ekartzen baitigute berriro egiteko. Amasako Iñaki Carrerak eramaten nau kotxean Apaterrekara lanera.

Oporretara joatekoa omen zara laster…
Maiatzaren 28tik 31ra Lurdesera joango naiz Villabonan osatu den taldearekin. Udan ikusiko dugu: iaz Salamancan ibili ginen Txolarteko lagunak eta aurten gogoaren arabera joango naiz.

Amasako ekintzatan parte hartzen duzu maiz…
Amasan ere baditut lagunak: Aritz, Josune, Mikel ‘kintoa’… Samartiñak gustatzen zaizkit eta baita Gabonetan baserriz baserri kantuan ibiltzea edo erregeen kabalgatan ateratzea ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!