Amasa-Villabonatik mundura liburua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 5a, 10:52

Aizkardi mendi taldeak ‘Amasa-Villabonatik mundura’ liburua aurkeztu zuen apirilaren 27an Larrea auzoko egoitza berrian. Arantza Sorondo, Egoitz Bengoetxea eta Julito Iturbek osatu zuten mahaiburua, liburuaren aurkezpena ez ezik, egoitza berriarena ere izan zen ekitaldian.

Egoitz Bengoetxea Aizkardiko kideak uste baino geroxeago iritsiagatik, eguna ailegatu zela adierazi zuen, “lan dezente eman digu liburuak. Argazki zahar nahiz berriagoekin osatu dugu bilduma. Artxibategietara jo eta argazkiak txukuntzeak eskatu du ahalegin handiena”. Aizkardi elkarteko beste hainbat kiderekin batera, Arantza Sorondok lan handia egin du eta berak azaldu zituen emaniko pausoak. “Lehenengo lana Loatzoko artxibategia arakatzea izan zen. Karpeta eta paper mordoaren artean Loatzo mendi taldea noiz sortu zen eta Loatzoren aurretik, zentro parrokialetik hainbat mendi jarduera antolatzen zela ere jakin genuen. Ondorioz, 1950 ingurutik 2009ra arteko hari mataza askatzea pentsatu genuen. Gero, Aiurri aldizkariko kideen laguntzarekin eta argazki zaharren pista jarraituz, aurretik, 1934. urtean ere mendian herritarren presentzia bazegoela jabetu ginen; Ernion hain zuzen ere”. Liburuaren azalean ipini dute 30eko hamarkadako argazki hori, tartean Kontsisione Florenza villabonatarra ageri delarik. “Pena izan da Kontsisioneren lekukotzarik jaso ez izana, lehentxeago hil baitzen. Baina zorionez, gaur hemen dauden Loatzoko lehenengo lehendakari eta fundatzaileen laguntza ezinbestekoa izan da liburua egiteko garaian. Beraiei esker jakin dugu hainbat pasarte eta garaiko giroaren berri”.

Argazki gehiago jasotzeko prest
Aizkardiko kideek deialdi zabala egin zuten herritarrei argazkiak eskatuz, “eskutitz nahiz hedabideen bidez zuzendu ginen herritarrengana. Argazki ugari jaso dugun arren, asko geratu da biltzeko. Norbait utzi ez izanaren penaz geratu bada edo argitalpenaren berri berandu jakin badu, eranskin modura beste argitalpen bat gustura argitaratuko genukeela jakinarazi nahi dugu, liburu honen osagarri modura. Beraz, ekar ditzake oraindik argazkiak”.

75 urteko hari mataza
Lan sakona baino, oinarrizko artxiboa egin nahi izan dute, “argazkiak, hainbat pasarte eta ohitura bitxi liburu nahiz DVD formatuan gordez. 75 urteko hari mataza askatzen laguntzea espero dugu”. Liburuak 140 orrialde ditu, 234 ilustrazio eta beste 200 bat argazki gehiago jasotzen da DVDan. Sei multzotan sailkatu dute lana, “1934-1960 urte bitarteko epea jaso dugu lehen kapituluan eta hurrengo bost sailak hamarkadaka bereizi ditugu. Hamarkada bakoitzaren aurrean hitzaurre txiki bat agertzen da garaiko giroa adieraziz eta hamarkadaz hamarkada zaletasuna indartzen eta sustatzen nola joan den erakutsiz, baita mugak gaindituz ere. Liburuaren izenburua ‘Amasa-Villabonatik mundura’ da eta hasieran inguruko mendietan hasi baziren ere, Pirinioetan ere nahiko azkar ekin zioten lehenengo belaunaldi haiek. Geroztik lau kontinentetara ailegatu gara oraingoz; oraindik behintzat ez dakigu inor Ozeaniara iritsi denik”. Eskerrak emateko tartea hartu zuten Aizkardiko kideek aurkezpenean, “eskerrik beroenak ezinbesteko informatzaileei, argazkiak utziz lagundu diguten guztiei, lana posible egin dutenei eta, Udalari, laguntza ekonomikoagatik. Disfruta dezagun orain liburuaz”.

Loatzo mendi taldea, aitzindari
Loatzoko lehen lehendakaria izan zen Inazio Goñi. Aizkardiko egoitza berrian zegoen, Gillermo Alustiza, Migel Lasa, Enrike Ganboa eta Maria Luisa Ruiz fundatzaileekin batera. Mendi taldea sortu zeneko garaiak gogoratu zituen, “talde handia biltzen ginen mendira joateko. Beste garai batzuk ziren eta xelebrekeria ugari bizitzea tokatu zitzaidan lehendakari izendatzerakoan”. Gertaera haiek gogoratuz, besteak beste, Francoren garaiko leloekin osatutako agiria ere ageri da liburuan. Gustura geratu da Inazio emaitzarekin, “lan handia egin dute Aizkardiko kideek. Poztu egin gaitu liburuak. Guk garai hartako hainbat kontu aipatu besterik ez dugu egin”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!