Gorka Ipinza, entrenatzaile pertsonala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 5a, 10:48

Urte asko darama Gorka Ipinza zizurkildarrak kirolari lotuta. Entrenatzaile pertsonal gisa egiten du lan eta horrez gain, gorputza bere osotasunean aztertzen duen teknika berritzailea ere erabiltzen du.

Pertsona bakoitzaren beharrak aztertzen ditu Gorka Ipinzak, lanean hasi aurretik: “Entrenamenduak hasi aurretik, kontuan izan behar da norberak bere mugak dituela, bai gorputzaren egitura aldetik, baita emozionalki edo entrenamenduetarako izango duen denbora aldetik… Hori guztia kontuan hartu beharra dago beste ezer egiten hasi aurretik”.

Etxez etxeko zerbitzua
Bezeroen etxean bertan lan egiten du Gorkak: “Donostiako Mundaiz kiroldegian dut lanerako txokoa, baina egunaren zatirik handiena bezeroen etxeetan igarotzen dut. Neroni joaten naiz etxez etxe. Emakume, gizon, gazte, heldu…, perfil askotako jendeak eskatzen du entrenatzaile pertsonala. 88 urteko gizonezko baten etxera ere joaten naiz. Bakoitzaren beharretara egokitzen jakin behar dut”.
‘Ipinza entrenadores’ enpresaren barnean, lantalde zabala ari da lanean. “Neroni bakarrik hasi nintzen entrenatzaile pertsonal gisa lanean, baina momentu batean, lanak gaina hartu zidan eta lantaldea zabaltzea erabaki nuen. Bezero guztiak nire eskuetatik pasatzen dira lehendabizi, azterketa zabal bat egiteko. Dagokion entrenatzaileari bideratu baino lehen, bezeroak dituen beharrak eta mugak azaltzen dizkiet, bai bezeroari, baita lankideei ere. Horixe da nire lanerako modua”, azaldu du Gorkak.
Osasun ona jomuga
Emaitza estetikoak lortzea baino gehiago, bezeroen osasuna hobetzea da helburu nagusia: “Osasuna hobetuz, estetikoki ere emaitza onak lortzen dira, baina ez da hori helburu nagusia. Duela urte batzuk, jendeak gehiago begiratzen zion itxurari eta astakeria handiak egiten ziren; gaur egun, osasun ona izatea eta ondo sentitzea da gehiengoaren helburu nagusia”. Jomuga zehatzagoak dituen jendea ere hurbiltzen zaio Gorkari, “esaterako, Behobia-Donostia bezalako frogak prestatu nahian etortzen dira batzuk. Kasu horietan, plangintza prestatzen diogu bezeroari eta ondoren jarraipena egiten diogu”.

Entrenatu aurretik, azterketa
Lanean hasi aurretik, gorputza bere osotasunean kontuan hartzen du Gorkak: “Sistema neuromuskularra zer moduz dagoen begiratzea ezinbestekoa da. Azterketa biomekanikoa egiten diogu bezero bakoitzari, bere gorputzaren erantzunak ikusteko. Esaterako, korrika egiten hasi aurretik, artikulazio guztiak begiratu behar dira. Arazoren bat ikusten badugu, konponbidea ematen diogu. Hori egiten ez bada, arazoak eta lesioak etor daitezke. Oso entrenatzaile gutxik egiten ditu horrelako azterketak, oso gauza berria delako, baina pixkanaka, zabaltzen ari da”.

Aktibazio muskularra
Gorkak lan berezia egiten du lesioren bat duten bezeroekin: “Aktibazio muskularra egiten dut. Gorputza bere osotasunean kontuan hartzen duen teknika da. Sorbaldako lesio bat, esaterako, belauneko arazo batek sorraraz dezake. Lesioa bera tratatzean baino, benetako arazoa non dagoen bilatu eta hori konpontzea da aktibazio muskularraren helburu nagusia. Mundu honetan, ezinbestekoa da etengabe ikasten aritzea. Gorputzak pistak ematen ditu, baina oso konplexua da”.
Duela bederatzi urte ezagutu zuen Gorkak Lucas Leal bartzelonarra. “Entrenatzaile titulua atera nuenean nire irakaslea izan zen. Berak eman zidan aktibazio muskularraren inguruko berri eta ikastea erabaki nuen. Duela bi urte, gure entrenamenduen barruan sartu genuen aktibazio muskularra. Gorputza ez badago ondo, ez dago ondo ezertarako; ez bizitza arrunta egiteko, ez kirolerako…, hori ardatz hartuta egiten dugu lan”, jakinarazi du Gorkak.

Hogei urteko ibilbidea
Duela hogei bat urte hasi zen Gorka kirol munduan lehendabiziko ikastaroak ematen: “Kiroldegietan eta kultur etxeetan ekin nion taldekako klaseak emateari. 1998an Donostiako Mundaiz kiroldegian hasi nintzen lanean, muskulazio gelan. Garai hartan jakin nuen entrenatzaile pertsonal izateko titulazioaren berri, eta ateratzea erabaki nuen. Mundaiz kiroldegian hasi nintzen entrenatzaile pertsonal gisa lanean, 2001ean. Geroz eta jende gehiagok eskatzen zuen nire zerbitzua eta azkenean, nire kontura hastea erabaki nuen. 2004an, Ipinza entrenadores lantaldea sortu nuen eta lanean ari gara geroztik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!