Maiatzaren 6an “Pello Mari Otañoren arnasa, 1857-1910” liburua aurkeztu zuen kultur taldeak, zizurkildarraren bizitzako hainbat pasarte berri jaso eta aditzera emanez. Maiatzaren 7a, berriz, egun handia izango da; Zizurkilgo Seme Kuttun izendatuko baitute Pello Mari. Izendapenarekin batera, hilabetearen amaiera arte luzatuko dira oroimeneko ekintzak. Horien artean “Haurrak Otañori kantari” ekitaldia izango da maiatzaren 20an Intxaur pilotalekuan.
Gaztetxoak, Otañoren omenez
Jesusen Bihotza, San Millan nahiz Pello Mari Otaño ikastetxeetako 3 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoak gogotsu ari dira egun horretarako ipuin eta bertso emanaldia prestatzen. Ipuin kontalari batek Pello Mari Otañoren bizitzako hainbat pasarte azaldu ahala, kontakizunarekin lotutako bertsoak abestuko dituzte ikasleek. Pello Marik berak idatzi zituen bertsoen artean, besteak beste, aitonak ilobari kantatutakoak. Gainerakoan, Amaia Agirre bertsolariaren laguntzaz hiru ikastetxeetako ikasleek egun horretarako idatzi dituzten bertsoak izango dira nagusi. “Otañori buruz umorez idatzi ditugu bertso horietako batzuk, beste batzuk Otañoren onbuaren inguruan, Argentinara joan eta gero bere oinordekoak gu garela esanaz ere bai... Bestalde, Otañoren ‘Mutil koskor bat’ bertso ezagunak ikasle eta irakaslearen arteko elkarrizketa balira moduan moldatu ditugu, oso hitz gutxi aldatuta”, jakinarazi du jaialdia antolatzen ari den Amaia Agirrek.
Ikasleak jaialdiari begira
Bertsolari handiaren izen bera duen eskolako seigarren mailako ikasleei Pello Mariren inguruan zer dakiten galdetuta, “Argentinara joan zela” erantzun dute lehenik eta behin. “Han, onbu zuhaitz baten ondoan esertzen zen beti, bere etxe atariko intxaurrondoa gogorarazten ziolako. Orain onbu bat landatuko dute gure eskolako atarian ere”. Teodoro Hernandorena kultur taldeak Otañoren inguruko liburua kaleratu izana ondo iruditu zaie, “aurrez argitaratutako lanak ere ezagutzen ditugu”, adierazi dute, azken hau esku artean hartu aurretik. Gustura ari dira maiatzaren 20ko jaialdia prestatzen eta emanaldiari bizitasuna emateko, “bertsoak kantatu bakarrik ez, antzeztu ere egingo ditugu”, jakinarazi dute. San Millan ikastetxeko euren adin bereko taldearekin batera, jaialdiko zaharrenak izango dira, “fundamentu pixka bat erakutsi beharko dugu, beraz. Zatozte! Emanaldi polita eskainiko dugu, guk behintzat pozik hartuko dugu parte”.
Ikasle saiatu hauek youtuben Pello Mariren bertsoekin osatutako hainbat bideo ikusi omen dute. Aurrerantzean eurena ere ikusi ahal izango dute, aiurri.com gunean jaialdian abestuko dituzten koplak entseatzen ageri baitira.
Amaia Agirre, bertsolaritza irakasle
Bertsozale Elkarteak Gipuzkoako ikastetxeetan abian jarritako ‘Ahozkotasuna eta bertsolaritza’ egitasmoaren bidez, hezkuntza arautuan bertsolaritza irakasten ari da Amaia Agirre. Beterri eta Goierriko ikastetxeetan jarduten du, bertsozaletasuna zabalduz, gaztetxoekin lanean. Zizurkilgo kasuan Pello Mari Otañoren mendeurreneko jaialdia prestatzen buru-belarri dabiltzan honetan, egitasmoaren berri azaldu du.
Zein da egitasmoaren helburua? Gazteek doinu batzuk ikastea eta jendaurrean trebatzea lirateke helburuak. Zaletasuna izan edo ez, azkenerako denak iristen dira bertsoa osatzera. Ikasle batzuei oso urruti geratzen zaie bertsolaritza, batzuek ez dute sekula bertsolari bat entzun ere egin. Egitasmo honen baitan, ikastetxeetara bertso eskoletako gazteak ekartzen ere saiatzen gara. Asko harritu egiten dira euren adineko jendea bertsotan ondo egiten ikusita. Egitasmoaren bidez zaletasuna pizten zaien gazteak bertso eskoletara bideratzen ditugu. Zubi lan modukoa ere bada, beraz.
Zer diozu harrerari buruz? Hamar bertsolari gabiltza Gipuzkoako ikastetxeetan barrena. 8000 ikaslera iristen gara; 5000 biztanlez gorako herri gehienetan abian da ekimena eta baita txikiagoetan ere. Astean behin ikasleek gustura hartzen dute bertsolaritza garatzeko aparteko eskola.