Noiztik eta zergatik biltzen zarete lokalean?
Duela urtebete hasi ginen hemen elkartzen; joan zen urteko maiatzaren amaiera aldera. Astean zehar nahiz asteburuan biltzen gara bertan. Aste egunetan denbora gutxiago egoten gara, baina norbait izaten da gehienetan eta lagun artean biltzeko modu bat da. Asteburuan, hemen biltzen gara lehenengo. Norabait joatekotan ere, hemendik abiatzen gara gero. Garrantzitsua da biltzeko lekua izatea, gainerakoan denak mugikorretik deika arituko ginateke. Modu honetan, lokalera etorri eta beti aurkitzen dugu norbait.
Nolatan erabaki zenuten lokala hartzea?
Gazteak biltzeko leku baten beharra ikusten genuen eta lokal bila aritu ginen bolada batean Asteasun. Ez genuen, ordea, leku egokirik aurkitu eta azkenean, lagun baten aitak utzi zigun biltzen garen hau. Lokala hutsa zegoen eta gure erara egokitu genuen: sofak nahiz ping-pongeko mahaia jarriz… Jolastu, musika entzun eta lagunekin hitz egiteko erabiltzen dugu.
Lagun asko elkartzen al zarete bertan?
15-21 urte bitarteko gazteak biltzen gara. Hasieran koadrila bat baino gehiago elkartzen ginen eta asteasuarrez gain, villabonatarrak ere etortzen ziren orduan. Egun hamabost lagun inguru biltzen gara, asteasuarrak denak.
Asteasun, dakigunez, gazteak biltzen garen lokal bakarra da hau. Gure adin bueltako gehienak hemen biltzen gara. Gainerakoak gazteagoak dira: 14-13 urtekoak.
Kale Nagusiaren erdian egonda, zer moduz moldatu zarete ingurukoekin?
Hainbat bizilagun kexatu egin zen lokalean biltzen hasi ginenean, soinua ateratzen genuelako. Antzeko herri txikietan, gazteak leku batean biltzen haste hutsagatik gaizki pentsatzen hasten da asko. Hasieran jendearen esamesak entzun genituen, baina gaur egun baretu da egoera. Pixka bat ohitu artekoa izan zen hasierako zalaparta hura eta normala ere izango zen. Gauez soinurik ez egiten saiatzen gara eta egun, ez dugu arazorik ingurukoekin. Astean zehar arratsaldetan eta asteburuetan arratsaldean nahiz afaldu ondorenean elkartzen gara. Noiz edo noiz afariren bat egin izan dugu, baina buila gehiago sortzen denez, ez dugu aspaldian egin. Musikaren bolumena ere zaintzen dugu.
Gustura, beraz, lokalarekin?
Toki hoberen bat ez litzateke gaizki etorriko, baina bitartean, daukagunarekin gustura gaude. Gauetan baxu hitz egin behar izaten dugu eta 22:00etatik aurrera musika kentzen dugu. Inguruan bizilagunik ez dagoen lokal berria lasai hitz egin eta musika entzun ahal izateko nahiko genuke. Lamiategin dagoen baserri hutsa leku ederra litzateke guretzat, herritik aparte dagoelako. Baina gutxiagorekin ere konformatuko ginateke, lasai egon gaitezkeen edozein txokorekin gustura egongo ginateke.
Oso modan jarri da gazteak lokaletan biltzea. Eskualdean badira kasu gehiago ere…
Villabonan esaterako, askoz ere gazte gehiago dagoelako daude lokalak, baina ez daukate guk adinako beharrik. Han bizituta, guk agian ez genuke lokalik izango; bai baitaude gazteentzako tabernak. Hemen Asteasun, badaude hiru bat taberna, baina ez dira gazteak biltzeko egokiak. Hona etorri aurretik, gazteok ez geneukan biltzeko lekurik eta kalean elkartzen ginen.
Zein ohitura daukazue asteburuetan?
Lagunekin egotea gustatzen zaigu eta tarteka festara joatea ere bai. Giro onarekin merenderoren batera ere joaten gara eguna pasatzera. Kirolariak gara eta bakoitzak bere zaletasunak dituen arren, asteburu askotan lokalekook futbol partida jokatzen dugu Elizmendiko zelai berrituan. Bururatzen zaiguna egiten dugu, gure erara. Noizbait kars-etan ibiltzera ere joan izan gara.