II. Senidetze eguna, maiatzaren 29an

Martxoaren 30etik apirilaren 10era El Salvadorreko Segundo Montes komunitatean izan dira eskualdeko hainbat ordezkari.

1994 urtean Zizurkil, El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetu ondoren, Asteasu, Aduna eta Amasa-Villabonak ere bide bera hartu zuten. Urte hauetan guztietan, Euskal Fondoaren bidez eskualdetik bideratutako laguntzarekin hainbat egitasmo burutu da: bi urtegi, hezkuntza mailako egitasmoak… Egitasmo horiei jarraipena egin nahiz bertakoekin harremana mantentzeko asmoz, aurten ere bertan izan dira Aiztondoko hainbat ordezkari: Mikel Arrastoa ekimenaren sustatzaile nagusia Zizurkildik, Aitziber Cenzano Amasa-Villabonatik eta Nagore Ezeiza eta Arantza Aburuza Adunatik. Haiekin batera, baita Euskal Fondoko Jon Izagirre teknikaria ere.

Zer moduz El Salvadorreko esperientzia?
Nagore Ezeiza: Esperientzi polita izan da. Behar asko dutela ikusi dugu. Oso jende saiatua eta langilea da.
Arantza Aburuza: Elkartrukerako eta haiekin harremanetan egoteko oso baliozkoa izan da. Aurrez egindako lanak merezi duela jabetu gara. Gure laguntzarekin eta haien lanarekin aurrera ateratzen dira egitasmoak.

Adunatik era ezberdinetan laguntzen diozue Segundo Montesi…
A.A.:
Udaletxe mailan, eskualdeko beste hiru Udalekin batera diru-laguntza bideratzen dugu Euskal Fondoaren bidez. Beti bidaltzen dute egitasmoaren informazioa eta Euskal Fondotik ere beti joaten da norbait hango lanak ikuskatzera.
N.E.: Duela bi urte Adunako Udaleko ordezkari gisa Ainara Iturriotz handik itzuli zenean, Aduna-El Salvador elkartea sortu genuen. Nire kasuan, orain arte ezezagunentzat ari nintzen lanean. Handik etorri eta gero, beste ikuspegi bat sortu zait. Aurten hasi gara dirua biltzeko ekintzak egiten. Egutegiak atera genituen batetik eta baita bigarren eskuko materiala eskainiz azokak jarri ere. Lortutako dirua mikroproiektuetara bideratu dugu: kasu honetan, baratzetara. Sortzen diren bestelako beharren arabera bideratuko dugu etorkizunean jasotakoa.
A.A.: Mikroproeiktuetan laguntzeko ideia Aiztondoko eskola batzuetan sortu zen eta Adunak talde bezala hartzen du parte horretan.

Bi lurralde eta bizimodu ezberdin. Zer daukate haiek hemen ikasteko? Hemengoek han?
A.A.:
Haiek hona etortzen direnean hemengo ohitura eta funtzionatzeko moduak ezagutuko dituzte. Esaterako baratzean hemen lan nola egiten dugun ikasiko dute, gero han praktikan jartzeko. Lantoki eta enpresen funtzionamendua ere ikusiko dute. Haiek guri materialki ez, baina beste balore batzuk erakusten dizkigute: auzolanean aritzea, jendearekin harremanetan egon eta hain indibidualistak ez izatera, komunitatearen zentzua… Hemen galduta dauzkagun balore asko bizirik daude han.
N.E.: Erritmo lasaiagoan bizi dira, denbora beste era batera aprobetxatzen dute. Hemen beti korrika ibiltzen gara eta daukagun guztiaz gain, gehiago nahi dugu.

II. Senidetze eguna izango da maiatzaren 29an Adunan. Buru-belarri ari zarete lanean…
A.A.:
Iaz Zizurkilen bezala, egun osoko jaia antolatuko dugu aurten Adunan. Goizean El Salvadorretik etorriko diren ordezkariei ongi etorria instituzionala egingo zaie. Iaz Meangüerako alkatea eta hezkuntzako ordezkaria etorri ziren. Aurten Che gazte taldeko hiru kide etorriko dira.
N.E.: Oraindik egitaraua guztiz zehazteke badago ere, dantza, pailazo nahiz kantu emanaldiak izango dira. Pilotalekuan bazkari irekia egingo da gero eta ondorenean jolasak izango dira.
A.A.: Ea urtez urte senidetze eguna sendotu eta maiatzeko azken larunbata egun garrantzitsu bihurtzen dugun Aiztondo bailaran.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!