Larraulgo Ekomuseoa maiatzaren 22an aurkeztuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mai. 5a, 10:30

Ekimen berritzailea darabilte eskuartean larrauldarrek. Larraul herria eta bere baliabideak erakusteko taldea sortu berri dute. Larraulgo museo etnografikoari irtenbide praktikoa emate aldera sortu dute Dina-7 kultur elkarte berria. Ekimena, ordea, museo etnografikotik haratago joan da eta Ekomuseoa sortu dute.

Herriko baliabideak bere osotasunean hartzen dituen ekimena da Ekomuseoa. Bisitariei, herria barrutik erakusteko aukera emango diena: “Tailerrak, ibilbideak, ikus-entzunezkoa eta abar izango dituzte aukeran herrira hurbiltzen diren bisitariek”, azaldu dute taldeko kideek.

Zazpi larrauldarren ekimena
Zazpi herritarrek osatu dute Dina7 taldea: Aitziber Mendiola, Pili Otaegi, Olga Villa, Iñaki Alkalde, Koldo Jauregi, Jexux Mari Irazu eta Karlos Irazu. Iaz aurkeztu zioten proiektu berria Udalari eta onespena jaso ondoren, herriko turismo eskaintza prestatzen pasa dituzte azken hilabeteok. Herriko museoa, elizako grisalla, artisauen lana…, bertatik bertara ezagutu eta beharrezko azalpenak emateko prest daude taldekideak. Karlos Irazuk azaldu du taldekideen asmoen berri: “Herriko baliabideak eta bertan egiten diren ekintzak erakutsi nahi dizkiegu hurbiltzen direnei. Betiere, Larraulgo herriaren iragana, oraina eta etorkizuna kontuan hartu nahi ditugu”.

Lehen bisitariak, herritarrak
Herrikideek ekimenaren berri izan dezaten, aurkezpen berezia egingo dute maiatzaren 22an, larunbatarekin. Goizean zehar, Larraulgo Ekomusearen eskaintza osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute gerturatzen diren guztiek, larrauldarrak izango dira beraz, Ekomuseoa ezagutzen lehenak. Aurkezpena borobiltzeko, gainera, elkarrekin bazkatzeko aukera ere izango da. Herriko Ostatuan egingo dute bazkaria eta bertan izan nahi duenak, tabernan bertan eman beharko du izena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!