09:30ak jo berri ziren Urnietako taxi geltokiaren aurretik hainbat lagunek Azkorterako ermitarako bidea hartu zutenean. Euritakoak soinean baina goiza pasatzeko gogotsu somatzen ziren. Lehen bidaiariak mikrobusean sartu eta bideari ekin zioten.Ermitan, zain zegoen eguraldi hezea, baita edari eta janariz hornitutako estalpea eta musika giroz alaitzeko eskenatokia.
10:30tan, etxeko txikienek Zurgai taldearen laguntzarekin, herri kiroletan egin zuten saioa, hala nola, trontzan, harri altxatzen, ingudearekin gora beheraka... Giro polita sortu zuten gaztetxoenek. Ordu erdi beranduago, ermitako ateak zabaldu zituzten, meza izan zelarik bertan. Elizatik irten bezain pronto, Zabale trikitiarekin eta Larrañaga panderoarekin zain zeuden eguerdia trikitixaren erritmoaz alaitzeko. Giroa euritsua bazen ere, ermitako estalpean prest zeuden pintxo beroak eta nahi adina edari bertaratutako guztiek hamaiketako ederra botatzeko. Trikitilariek ez zuten dantzarako inor izan, baina ermitapean jende andana bildu zen. Ondoren, 12:30ak aldera, Etxeberria eta –Larrañaga bertsotan aritu ziren eskenatokian. Jarraian, Ugaitz Mugerza eta Kañamares II aizkolarien saioa ikusteko aukera izan genuen. Segidan trikitilarien txanda etorri zen, bigarren saioa egin zuten bazkaldu aurretik. Behin 14ak jotzera zihoazela, jendeak beheranzko bideari ekin zion, batzuk oinez bide malkartsuan behera eta beste hainbatek, aterkiari muzin eginez, autobusa hartuta, atzean utziaz Azkorteko ermita. Jaiak Oianume Jatetxean jarraitu zuen, bazkari herrikoia prest baitzegoen jendea bertaratu zenerako. Bazkal ondorenean, giroa beroturik jada, bertsolariek eta trikitixa soinuek alaitu zuten jatetxeko jantokia.
Aurtengo maiatzak 3a giro ederren pasatu zuten parte hartu zuten guztiek. Baina aurtengo jaia ez egun horretan amaituko.
Maiatzaren 8an, larunbatean, 09:30–tatik 11:00tara probintzi arteko bolo txapelketa izango da, herriko bolatokian Santa Kruz elkarteak antolatuta.