Oso balantze positiboa, sukaldeko olioaren gaikako bilketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 30a, 17:16

Lehen datu ofizialek adierazten dute joan den urte osoan jasotako olio kopuru berdina jaso dela 3 hilabetetan soilik. Eskualdeko Mankomunitatekoen ustez,  "Inolako zalantzarik gabe, sukaldeko olioaren gaikako bilketaren ohitura errotzen ari da Tolosaldeko biztanleen ohitura iraunkorren artean".

Hauxe Mankomunitatearen prentsa oharra:

"Orain arte bildutako datuekin, espero da, 2010eko datuak 2009koak baino %250 handiagoak izatea sukaldeko olioaren gaikako bilketan; bestela esanda, aurten Tolosaldeak biodiesel bilakatuko ditu 75.000 litro sukaldeko olio erabili, eta ez dugu ahantzi behar horiek Sasietako zabortegian galduko zirela.  

Herritarrek ez badute parte hartzen, alferrik izango zen Tolosaldeko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garapen Iraunkorrerako Sailak beren laguntza ematea 61 edukiontzi jartzeko, eskualdeko 28 udalerritan banatuak, eta abenduaren hasieratik aurrera eraman den kanpaina antolatzea. Kanpaina horretan 6.000 inbutu banatu ziren etxean olioa biltzeko. Nolanahi ere, ez dugu ahantzi behar oraindik asko dagoela egiteko hondakinen kudeaketan gero eta familia gehiagok ohitura hori har dezan.
 
Mankomunitateak eta Ecograsek diote zerbitzu honen bidez sukaldeko olioa soilik jasotzen dela, hauxe da, frijitzeko erabilitakoa eta kontserbetakoa, eta gogorarazi nahi dute olioa edukiontzietan uzterakoan ontziek oso ongi itxita egon behar duela; brik moldekoa, edo beira nahiz plastikozkoa izan daiteke ontzia.

Olioa birziklatzeak saria izango du
Halaxe da. Kanpaina hasi zenetik 2010eko martxoaren 31 bitarte, data horretan eman baitzen amaitutzat kanpaina, azalean telefono zenbakia idatzia zuten Tolosaldeko ontziak jaso dira olioa birziklatzeko plantan. Landa etxe batean bi lagunentzako 5 asteburu oparitzeko zozketan parte hartzeko eskubidea eragin du horrek.  Lidia Cornago Lecuona (Tolosa), Miguel Angel Hernandez Gonzalez (Andoain), Francisco Javier Goya Rajado (Anoeta), Encarni Garmendia Mendiburu (Orendain) eta Maite Amundarain Goikoetxea (Berastegi)  izan dira irabazleak.

Horrenbestez, gaikako bilketa honetan parte hartu duten herritarrei eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, eta gainerakoak animatu nahi ditugu laster has daitezen modu erregularrean eta jakitun olioa biltzen, gure Ingurumena hobetzen lagundu nahi badugu, alferrik galdu ezin dugun eta galdu behar ez dugun baliabidea baita sukaldeko olioa".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!