Javier Gallo, korrikalari beteranoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 29a, 10:26

Javier Gallo (Bilbo, 1952) goi mendietan arin ibiltzeko hasi zen korrika orain 30 bat urte, galtza motzak ia inork janzten ez zituenean. Bere curriculumean ehunka lasterketa eta gailur pilatuta dauzka. Bixente Huizi kross memoriala da bere hitzordurik hurbilena, asteburu honetan hain zuzen.

XXXII. Kros herrikoia
Bixente Huizi memoriala
Maiatzak 1, larunbata. 10:30.

IBILBIDEA: Zumea plaza–BBVA Santa Krutz ermita-BG-Etxeberrieta-Karrika-Etxeberrieta-Zumea plaza, helmuga.
Gizonezkoak: 3 itzuli, 10 Km.
Emakumezkoak: 2 itzuli, 6,75 Km.

Prest al zaude Santakrutzetako krosaren atarian?
Javier Gallo. Lasterketa azkarra da eta ni, une honetan, nahiko motel nabil abiadurari dagokionez; mendian gora eta behera ibiltzeak faktura hori dakar. Bestalde, nire adinak ere ez du laguntzen arin-arin ibiltzen.
Krosak dituen 10 kilometroak 40 minututik gora egin ohi ditut, eta horrekin gustura geratuko naiz.  

Asfaltotik mendi lasterketarako jausia egin duenetakoa zara beraz…
J.G. Denera moldatzen naiz eta denetik probatu dut: neguko nahiz errepideko krosak, mendiko lasterketak, biatloiak, goimendizaletasuna...
Hala ere, oraintxe gehien erakartzen nauena mendian korrikan ibiltzea da.  

Zergatik dituzu horren gogoko krosak?
J.G. Entrenamenduek ez bezala motibatzen nautelako. Nahiko lehiakorra naiz, nire buruarekiko eta besteekiko. Badakit inoiz ez dudala ezer irabaziko, baina nik badaukat gehiago izan nahiaren izpiritua, eta horrek ahalegin pertsonalak burutzera bultzatzen nau.
Maiz ikusi zaitugu Leitzaran haraneann barrena lasterka…
J.G. Aita Iberdueroko langilea zen eta familiak Bertxingo zentralean hogei urtez bizi izan zen. Bizipen horrek bailararekiko lotura markatuta utzi ninduela iruditzen zait.     
Ahal dudan guztietan abiatzen naiz hara, izan uda izan negua; ilunpetan ere ibili izan naiz. Txapeleraino edo Ollokiraino joan-etorria egiten dut batzuetan, eta bestetan berriz, bide nagusia utzi eta aldapak igotzen hasten naiz; “mila eskaileretan” barrena kanalera igotzen naiz maiz.
Leitzaranen korrika zenbat kilometro egin ote nituen kalkulatzen hasi nintzen behin: gutxi gorabehera, 60.000 kilometrotik gora atera zitzaizkidan.    

Jaiak eta kirola bateragarriak al zaizkizu Santakrutzetan?
J.G. Nik ez daukat kuidadorik kontu horretan. Ez naiz ez festazalea, ezta gautxoria ere; Santakrutzak jai herrikoiak direla aitortu arren, ez naiz jende multzo handiegia biltzen diren gertakizunetara joatekoa.
Are gehiago, ez dut parte hartu orain arte ospatu diren zenbait kros edizioetan, nahiago izan baitut Pirinioetara joan.   

Zein da sekretua 57 urterekin sasoian egoteko?
J.G. Zer esango dizut, izaera kontua izan liteke… Ez naiz oso kalezalea, festazalea… Burua “zaintzen” dut alde horretatik, eta nahiko burugogorra naiz. Ez zait batere kostatzen igerilekura edo gimnasiora joatea edo mendiko bizikleta hartzea. Bi egun geldi egonean pasaz gero, zangoak dardarka jartzen zaizkit mugimendu eske…

Eta Pirinioetako mendi garaietan horren arin ibiltzeko?
J.G. Entrenamendua, gogoa eta aukera edukitzea, akaso. Pirinioetara tartetxoren bat dudan guztietan joaten naiz, baita neguan ere. Bakarrik ibili ohi naiz maiz, nahiz eta hiru milakoetan izan; halakoetan segurtasuna eta konfidantza izatea nahitaezkoa da.  

Eta Pirinioetatik haruntzago joateko asmorik?
J.G. Alpeetan, Andeetan eta Himalayan ibili naiz; zazpi mila metrora iritsita nago, eta ez dut itxaropena galtzen egunen batean zortzi milakoren bat egiteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!