Mihiluzen, denbora luzez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 29a, 10:23

Haizea Brosa eta Oihana Arruti gazteak 18 saio egin dituzte jarraian ETBko Mihiluze lehiaketan. Martxoaren 18an agertu ziren lehendabiziko aldiz pantailan, eta apirilaren 18an kaleratu zituzten. Nabarmentzekoa izan da lehiaketako joko ezberdinetan agertu duten bizkortasuna.

Zein asmorekin joan zineten?
Oihana Arruti: Barregarri ez geratzea besterik ez geneukan buruan.

Eta behin hasita?
Haizea Brosa: Lehen saioa harrituta gainditu genuen; gero etorri ziren bigarrengoa, hirugarrengoa...

18 saiotan parte hartuta, markarik hautsi al duzue?
O.A.: Bikote batek behin 27 saio egin zituen segidan. Zakua eskuratu gabe diru gehien jaso duen bikotearena izango da gurea.

Zenbat irabazi duzue? Ezer berezirik pentsatu al duzue diru hori xahutzeko?
O.A.: 5.255 euro izan dira guztira, erdibanatuko duguna. Baliteke udan bidaiaren bat egitea, baina orain arte lagunekin afari bat antolatzea besterik ez dugu pentsatu.

Grabazioak nolakoak izaten ziren?
O.A.: Telebistan ordu erdiko saioa grabatzeko, ordu bete behar da. Egunean bost saio grabatzen dira platoan. Goizeko 11etan hasten ziren, eta arratsaldeko 19:30ean bukatu. Tartean, gauza gehiago egiten ziren, noski: bazkaldu, kamarak ondo jarri, jantziz aldatu aldageletan... Ordutegi hori gure kasuan izan ohi zen, aurrera egiten baikenuen beti.
H.B.: Neka-neka eginda bukatzen genuen. Kontzentrazio asko eskatzen duten probak bata bestearen atzetik egin behar izaten genituen; gainera, orain asmatu orain huts eginez ibiltzen ginen lehiaketan zehar, animoak gora eta behera edukitzen genituen eta ondorioz, indarrak asko xahutzen zitzaizkigun.

Eta giroa platoan?
H.B.: Kike Amonarriz eta Ilazki Serrano oso gertukoak eta umoretsuak dira eta laguntza handia ematen dute. Atzean dagoen gainerako jendea ere beti daukazu prest edozer gauzetarako.
   
Kamerek, fokoek...  asko estutzen al dute bat?
H.B.: Ez hainbeste. Ikusle bezala egonak ginen, eta ondo ezagutzen genuen hango martxa guztia. Gu behintzat ondo egokitu ginen platora.
O.A.: Lehiaketa hasten denean ez zara ohartzen fokorik badagoen ala ez. Pantaila handi bat jartzen dizute aurre-aurrean eta horretara kontzentratzen zara, gainerako kontuak ahaztuta.

Ez al dizue amorrua eman zuek lehiaketa utzi eta handik hiruzpalau egunera beste bikote hasi berri batek 20.300 euroko zakua eraman izana?
H.B.: Pittin bat bai. Lehiaketan parte hartzen ari zarela, argi daukazu edozein unetan kalean gera zaitezkeela, txiripa kontua dela aurrera segitzea edo kalean geratzea. Horregatik, kanporatu gintuztenean nahiko natural hartu genuen gauza. Gero, etxera etorri eta grabazioak ikusten hasi garenean, behin baino gehiagotan damutu gara “hau eta bestea asmatu izan bagenu!”, esanez.

Lehiaketako sei probatan bikain aritzen zineten, baina gero finalera iristen zinetenean...
O.A.: Inguruko jendeak horixe leporatu digu. Alegia, ez genituela asmatzen errazak omen ziren gauzak. Etxetik ikusita, dena erraza dela ematen du, baina jar zaitez han...

Kalean-eta nahiko ezagunak egingo zineten...
O.A.: Eskolako ikaskide, lagun eta familikoez gain, kalean pertsona helduek eta haurrek animo asko eman digute.

Elkarrizketa osoa: aiurri.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!