Abioiez joan eta Ferryan itzuli zen ikasle taldearen abentura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 29a, 10:21

Egape Ikastolako DBH lauko ikasleek bidaia ahaztezina egin dute Londonera. Ez da erraza izango ahazten ez ikasleentzat, ez gurasoentzat, ez irakasleentzat ez eta Ikastolarentzat berarentzat ere. Egape Ikastolako ikasleek bidaia ahaztezina egin dute. Esandako egunean Loiutik irten ziren abioiez, itzuli ordea itsasontziz eta lau eguneko atzerapenarekin iritsi ziren Euskal Herrira.

Egape Ikastolako 4. DBHko ikasleek bidaia ahaztezina egin dute Londonera. Bidaiaren hasiera, aurrez ongi zehaztu bezala, apirilaren hamahiruan izan zen. Ikastolako ikasleak autobusez Loiuko aireportura joan eta bertatik abiatu ziren abioiez Britainia Handira. Helburua bakarra zen: ikasturte amaierako irteeraz gozatzea.

Behin helmugara iritsita, Londoneko tokirik deigarri edo ezagunenak bisitatu zituzten, oinez edota metroa baliatuz. Ekintzaz beteriko oporrak aurreikusi zituzten urnietarrek, eta horrelaxe izan ziren. Euren komunikatzeko eta harremanak egiteko gaitasunekin, kultura desberdin batekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izan zuten, bertako jendearekin ere harremanak izan zituzten, beti baita aberasgarri.

Bidaia inongo arazorik gabe ari zen amaierara iristen Islandiako sumendiak eztanda egin zuen arte. Gaurdaino izan den kaosik nabarmenena ekarri zuen aireportuetan, guztiak geldiarazi zituen laino erraustuak eta Urnietako Egape Ikastolako ikasleek ere jasan zuten sumendiaren eraginik.

Gauzak horrela, ikasleek Standsted aireportua alde batera utzi, hasieran antolatutakoaren arabera bertatik egin behar baitzuten etxeratzeko hegaldatzea, eta ferry itsasontzi batean etxeratzeko txartelak eskuratzea lortu zuten. Horrela, Portsmouthen itsasontzia hartu eta Santurtziraino iritsi ziren azkenean urnietarrak.

Lau eguneko atzerapenarekin, ikasleek Bizkaiko portuan apirilaren 21ean hartu zuten lurra. Nekaturik aurkitzen ziren lau eguneko gora-beherak zirela medio, baina oso gustura, bizi izan zuten esperientziarekin. Izango dute inguruan zer kontaturik!

Ikastolak eskerrak eman nahi dizkie Clara eta Alizia bidaian izandako irakasleei, ikasleen senitartekoei, eta nola ez bidaian izan diren ikasleei, oso jarrera ona izan zutelako.

CLARA ETA ALICIA
IRAKASLEEKIN SOLASEAN

Egape ikastolako irakasleak Londonera egindako bidaian gazteen arduradunak izan ziren.

Zer moduzkoa izan da Londresera egindako bidaia?
Clara: Guztia pasa ondoren ondo, balorazio oso positiboa izan da. Ustekabeko asko izan ditugu, bidaia lau egunez luzatu dugu baina ongi iritsi gara etxera. Horixe zen gure helburua.

Nola moldatu zineten ikasleekin?
Alicia: Nahiko ongi moldatu gara. Hiri handietan desberdina da kaleko bizitza eta apur bat larritzen zituen horrek, beste hizkuntza bat erabili beharrak ere arduratzen zituen baina oso ongi moldatu dira, bai metroan, kalean, ingelesez hitz egitean...
Egoera nahasia oso ondo hartu zuten, gurekin fidatu ziren momentu guztietan.

Eta gurasoekin?
Clara: Beno, hori zuzendaritzaren lana izan da. Guk zuzendaritzarekin hitz egiten genuen eta beraiek ziren gurasoek egoera horretan prestatu zituena. Beraien nahia seme-alabak ongi iristea zen, berdin zitzaien lau egun gehiago luzatzea. Ikasleen aldetik ere oso jarrera ona izan dutela esan beharrean gara, ez dira inongo momentutan kexatu.
Alicia: Sumendiaren gertaeraren ondoren berriro hegazkina hartzeak errespetua ematen zien eta guk ere nahiago genuenez beste bide bat erabiltzea etxera bueltatzeko, ferryan bueltatu ginen Santurtzira.

Kontatu iezadazue Ikastolak egin beharreko kudeaketa azkarra nolakoa izan zen.
Clara: Zuzendaritza eta bidaia agentziaren artean eraman zuten gestio guztia. Larunbatean hegazkinez ez ginela bueltatuko jakin genuenean, agentziakoak gurekin harremanetan jarri ziren eta itzulera nola izango zen hitzartu genuen. Astelehena iritsi eta hemendik egin beharreko lana dirua jartzearena izan da. Oso azkar joan zen guztia.
Alicia: Itzulera ziurtatzeko txartelak agentziak berak larunbatean bertan hartu zituen.
Clara: Aterpetxera ere ez zen talde handirik iristen, tokia bagenuen beraz. Alde horretatik aterpetxea oso ongi portatu da gurekin, sukaldea erabiltzen utzi ziguten, ordutegia malgu erabili zuten... Egoera oso berezia zen nahiz eta gu gehiegi ez konturatu. Izan ere, komunikabideek ematen zuten irudia ez zetorren bat gertatzen ari zenarekin. Kaosaren irudirik ez zuten ematen eta hizkuntza ongi ulertzeko genituen zailtasunekin, ez ginen asko larritu alde horretatik.
Alicia: Hemen adibidez, aireportuko irudi kaotikoak agertu dira, han berriz ez dugu horrelakorik ikusi.
Clara: Konpainien presioak, kalte ikaragarriak baitziren industrian, merkataritzan... hori apur bat azaltzen zuten baina irudirik ez.
Gu ia hogeita hamar lagun ginen eta zerbait egin behar genuen hainbeste lagunentzat. Aukera guztiak nekagarriak ziren... baino bi egun gehiago han egon eta gero, hirugarrenean goizeko zortziretan ferrya hartu eta beste 36 orduko bidaia egiteko aukeraren alde egin genuen.
Alicia: Lehen momentuan baxu egon ginen, itzulerako eguna oso urrun ikusten genuelako. Ikasleez gain, guk ere, etxean antolamendu bat genuen eta hori guztia aldatzera zihoan. Hala ere, gauzak erraz eta ongi egin ditugu.
Clara: Bi egun horiek beste esperientzia berrian bilakatu ziren. Ordu arte jatetxeetan bazkaltzen genuen eta ikasleei ez zitzaien bertako janaria gustatzen. Itzulera eten eta geroko egunetan ordea, supermerkatuan egin erosketa eta aterpetxeko sukaldean ikasleak janaria prestatzen ikusteak poztu egin ninduen.

Hitz gutxitan nola laburbilduko zenukete egindako bidaia?
Clara: Intentsoa baina polita, zapore oso onarekin itzuli gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!