Aurrera Gure Ametsa dantza taldeak, Salesiar Ikastetxearen eta Udalaren laguntzarekin bederatzigarrenez ospatuko du Jalgi Plazara eguna igande honetan.
Kanpoko dantza taldeak eta herrikoak elkartzen dira Urnietan eta musikak ere bere tokia izaten du egun honetan. “Helburu nagusia, dantza eta musika kaleratzea da, tradizioari bultzada ematea eta jendeari ezagutu araztea”, Alazne Maneroren arabera. Goizeko hamaiketan hasiera emango zaio San Juan plazan. Musikaren doinuek herriko kaleak alaituko dituzte. Eguerdiko hamabietan, eguraldiak laguntzen badu, San Juan plazan bertan saio nagusia hasiko da. Eguraldi txarra izanez gero, berriz, ekitaldia Saroben izango da. Herriko Aurrera Gure Ametsa dantza taldeaz gain, urte hauetan guztietan zehar, hamaika taldek eskaini dute beraien ikuskizuna Urnietan. Aurtengorako, dantza tradizionalaren erakustokian izango dira, besteak beste: Zangotzako dantza taldea saio nagusiari hasiera emanaz, Zarauzko Iratzarri, Aurrera Gure Ametsa eta Berastegiko dantza taldea. Saio nagusia eguerdiko hamabietan hasiko da. Aipaturiko dantza taldeez gain, trikitilariak, Berastegiko txistulariak eta Urnietako Musika Banda zuzenean arituko dira. Bi ordu iraungo duen ekitaldian, euskal dantzak izango dira ikusgai, Alazne Maneroren arabera, “dantza tradizionalak izango dira oinarri, horiek lantzen baititugu Aurrera Gure Ametsan. Gonbidatzen ditugun taldeak ere dantza tradizionala lantzen dutenak izan ohi dira”. Dantza saioaren ostean, bazkaria izango da bertaratutako guztientzat. Berrehun bat lagun bilduko diren aurreikuspena egin dute. Igandea beraz, euskal dantzaz eta musikaz gozatu nahi duen edonorentzat egun borobila izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!