Urtzi Telleria, Telleria II, aurreko igandean pozarren zegoen Adunako “Gorostidi Harria” jaialdiaren amaieran. Pisu txikian, 150 kiloko zilindro zaharrarekin txapela lortu baitzuen. Lan bikaina eginez gainera, harria bost minutuko denbora tartean hamahiru aldiz bizkarreratu zuelako. Altxaldi kopuru horrekin sailkapeneko lehen postua lortu zuen.
Iraitz anaiaren zazpi jasoaldiak gaindituta, txapela lortzeko aurkari bakarra geratzen zitzaion: Urrutia nafarra. Nafarrak bederatzi jasoaldi egin zituen azkar batean. Baina bete egin zen eta hortik aurrera jasoaldi gehiago lortzeko ahalegin guztiak hutsean geratu ziren. Beraz, hiruren lanak amaitu ostean, Gorostidi Harria jaialdiko txapela Urtzi Telleriak jantzi zuen. Ez zen hura Urtziren poz bakarra izan. 185 kilokoari jasoaldi bat eman zionarentzat beste sari bat ere jokoan zegoen. Urtzik lortu zuen balentria horrek, sekulako poza eragin zien berari eta bere laguntzaileei. Zer esanik ez, urnietarrak ikusleen txalo zaparrada jaso zuen. Ezusterik handiena pisu handian gertatu zen. Irigoien eta Ostolatza aurrez aurre, eta azken honek eraman zuen garaipena. 150 kiloko zilindro zaharrarekin Ostolaza nagusitu zen.
Hasiera hunkigarria Adunako jaialdian antolatzaileek Joxemari Mendizabal Tolosako zezen plazan lehiatu ondoren bizia galdu zuen adunarrari omenaldia egin zioten. Bere familia guztia hantxe zen, eta jaialdiari hasiera eman aurretik senideei lore-sorta eskaini eta minutu bateko isilunea egin zuten. Adunako pilotalekua jendez lepo bete zen, milatik gora lagun bertaratu zen.
Telleriatar guztiak harrijasotzaileak Lasartetik Urnietarako bidean, Zelai-Eder etxean bizi dira Urtzi eta Iraitz anaiak. Ez dira harriarekin borrokan dabiltzan bakarrak. Beñat anaia gazteena ere harrijasotzaile lanetan ari da. Hamar urte beteta hasi zen Beñat erakustaldiak egiten. 2008an esaterako, 12 urte besterik ez zituenean, erakustaldia eskaini zuen Sanmieletan. Herri kiroletarako tradizioa handia duen familia da, beraz. Luis Mari aita ere harrijasotzailea baita, eta herri kirolari askoren prestatzailea. 2008ko Aiurri astekarian azaldu zen bezala, ama ez gainerako familia kide guztiak harrijasotzaile dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!