Klik eta Klik lehiaketak hainbat atal daramatza bere baitan. Batetik, Adi al zaude atalean, hainbat galderei erantzun egokia bilatu behar izaten zaie. Bigarren atalak BlogP3 du izena eta beste ikastetxeekin elkarlanean arituz puzzle berezi bat eraiki behar izan dute. Hirugarren atalean, Ika Mikan, eztabaidak izaten dira oinarri, norberak bere ikuspuntua defendatzea duelarik helburu nagusia. Laugarren atalak Altxorraren bila du izena eta izenak adierazten duen bezala, bilaketak egitean datza. Jolasklik eremuan, hitzekin egin behar izan dute jolas ikasleek eta azken atalean, Ekopolisen, ingurumenaren egungo kudeaketa ezagutu eta konponbideak planteatzen dituzte ikasleek, jasangarritasuna lortzeko.
Atal desberdinetan lortutako puntuaketaren bidez Salesiar ikastetxeko ikasleak hirugarren postuan geratu dira aurten. Haietako lau ikaslerekin bildu da Aiurri astekaria, bizitako esperientziaren berri izateko. Eric Frutos, John Sanchez, Margot Madina eta Leire Iriberri dira lehiaketan parte hartu duten ikasleetako batzuk, Agustin Urretabizkaia irakaslearekin batera.
Gustura geratu al zarete lehiaketan egindako lanarekin?
L.I: Bai, noski, gustura aritu gara lanean eta gainera hirugarren postua lortzeak poza ematen du.
Zertan oinarritzen zen lehiaketa, zer egin behar izan zenuten?
L.I: Hitz gutxitan esateko, froga desberdinak egin behar izan genituen, interneta eta dituen arriskuen inguruan. Galderen erantzunak aurkitu, testu eta ahotsaren edukiak landu, eztabaidak beste ikastetxeekin...
Ikastetxetik bertatik aritu al zarete?
E.S: Bai, informatikako klase orduetan aritu gara lehiaketan parte hartzen.
Bost hilabete iraun du lehiaketak, luzea egin al zaizue?
M.M: Ez, inondik inora ere ez, gustura aritu gara lanean.
Zer ikasi duzue lehiaketa honetan?
L.I: Gauza asko, esaterako, ordenagailuaren beraren erabilera egokia izaten, lehen konturatzen ez ginen Internetek dituen arriskuez jabetzeko ere balio izan digu, hau da, zein datu eman behar diren eta zein ez, noraino irits daitezkeen eta zertarako erabil daitezkeen ez baitakigu.
A.U: Froga batzuetan, erantzunaren bilaketa egokia egiteko ikerketa sakona egiten ere ikasi dutela esango nuke.
Puntuazioaren arabera aritu zarete, beraz?
J.S: Bai, froga bakoitzeko, hilabete bakoitzean puntuaketa bat jasotzen genuen hirugarren postura iritsi arte.
Webgunea:
www.kliketaklik.com